Irati Iciar: 'Egoera delikatuan dago UEU, eta horregaitik da pozgarria udako ikastaroetan izandako emoitza onak'
2013-07-24 15:54 jardunaldiakUEUko 40+1 udako ikastaroak amaitu dira, eta balorazino positiboa egin dau UEUk, egoera gogorraren aurrean jentearen parte-hartzea eta lanerako gogoa oso handia izan dalako. Iruñean izan dira azken ikastaroak Eibar eta Baionatik pasau ondoren, eta Irati Iciarregaz berba egin dogu, udako ikastaroen antolatzaileagaz.
1.- Zelako balorazinoa egiten dozue aurtengo udako ikastaroen inguruan?
Orokorrean, ikastaldi arrakastatsua izan da aurtengoa. 40+1 ikastaldia planteau genduanean, bi ideia geunkazan: bat, UEUren errekonozimendu kanpaineagaz jarraitzea. Igaz diru laguntzinoa galtzean udako ikastaroak erabili genduzan errekonozimendua lantzeko 40. urteurrena aprobetxauta. UEUrentzat kanpaina garrantzitsua izan zan. Aurten erakutsi nahi genduan, krisian jarraitzen dogula, egoera delikatuan gagozala, eta horregaitik erabili dogu 40+1 ideia, oraindino lanean jardun behar dogulako egoereari bueltea emoteko. UEUk lanean jarraitu behar dau, beharrezkoa dalako. Bigarren ideia, gure oinarri soziala berpiztea eta auzolanaren bitartez UEUren beharrezkotasun hori lantzen joatea da. Ikastaroak UEUko sailek edo bazkideek antolatuak izan dira eta oso eskertuta gagoz horregaitik, bazkide eta kide guztiei. Baina baita UEUren orbitan dagozanei edota urtean zehar edo urteetan zehar profesionalki geugaz lanean jardun dabenei. Alde horretatik be, UEUren izaera soziala indartu nahi izan dogu, UEUren ezaugarri garrantzitsuenetako bat. Urtarrilean hasi ginan ikastaroak antolatzen, baina beti lez, matrikulazinoak dira ikastaldi bat baldintzatzen dabenak. Horregaitik, aparteko garrantzia dauka bazkideen bitartez egiten dogun zabalkundeak. Eta azken urteetan konturatu gara ahoz aho egiten dan publizidadea dala garrantzitsuena; mila kartel jarri zeinkez baina, azkenean, ahoz aho gomendatzen dana da egiten dan ikastaroa. Aurten matrikulazinoa oso ondo joan da, ia 500 matrikulazino izan doguz. Igaz baino % 21 matrikula gehiago izan dira eta hori guretzat sekulakoa da. 41 eskaini genduzan eta 30ek aurrera egin dabe, guztien artean 500 ikasle eta 120 irakasle izan diralarik. Bestetik, lehen balorazinoak ikusita ikasleak be gustura geratu dirala dirudi. Oso datu onak dira eta oso pozik gagoz.
2.- 40+1 aitatu dozu. Baina nondik dator leloa?
Igaz udako ikastaroek 40 urte bete zituen. Normalean 40. urteurrena ez da ospatzen. 25 edo 50.ak izaten dira ospakizun. Baina UEUren egoera kritikoan sartu zan Eusko Jaurlaritzearen diru laguntzinoa galtzean. UEUren jarduera ezagunena dira oraindino udako ikastaroak eta izenean bertan daroagu. Beraz, hau erabili nahi izan genduan errekonozimendu kanpaineagaz jarraitzeko. Beraz, Baionako 40. urteurrenaz aprobetxauta, Baionan bertan omenaldia eta ekitaldi berezia egin ziran hasierako antolatzaileak hurreratu ziralarik. Aurten be lanean jarraitzen dogu, igazko momentu puntual bat bakarrik ez zala adierazoteko eta oraindino be diru laguntzino barik jarraitzen dogula adierazoteko. Egoera delikatuan dago UEU. Horregaitik, aurtengo ikastaroetan laguntza beharragaz jarraitzen dogula adierazo nahi dogu eta horregaitik +1 jarri deutsagu, egoera honetan urte bat pasau dala adierazoteko. Udakoakaz batera, gainera, martitik martxan dogun #NiereUEU kanpaineagaz buztartu dogu. Bertan, UEUko hainbat persona ezagunek UEU beharrezkoa dala adierazoten dabe. Helburua, UEU euskal gizartearentzat beharrezkoa dala transmitidutea da. Zergaitik? Euskal gizarteari zuzendutako goi mailako formazinoa, unibersidade mailako testu-materialak eta IKT proiektuak produziduten ditualako, aditu euskaldunen topagunea dalako, proiektu barrien mintegia dalako, Euskal Unibersidadearen bihotza dalako eta azken finean, euskerea eta unibersidadea buztartzen dituan proiektu soziala dalako. Askoz be ekarpen gehiago esango neukez, baina orduan ez geunke alkarrizketa hau sekula amaituko.
3.- Arrakasta handia izan daben ikastaroak datorren urterako lehentasuna izaten al dabe?
Saiatzen gara urtero eskaintza barria egiten. Udako ikastaroan arrakastatsuak izan diranak urtean zehar eskaintzen saiatzen gara. Izan be, ulertzen dogu, garagarrila oso garai konkretua dala eta batzuentzat oso gatxa izaten dala gerturatzea, egun konkretu batean, leku konkretu batera. Baina urtean zehar akaso errazago da zapatu batean gerturatzea, Markeskoara, Iruñera edo Baionara. Eta modu honetan udako ikastaroak barriak izaten saiatzen gara. Badagoz batzuk hainbat urtetan errepetidu diranak, aurten adibidez Iruñean egon dan Guraso hezitzailearena eta Jente aurreko komunikazinoa hainbat aldiz eskaini dogu, baina orokorrean % 80 inguru barriak dira.
4.- 41 ikastaro antolatzea lan gogorra al da UEUrentzat?
Aurten 40+1 leloagaz bat egiten eban kopurua eskaini nahi genduan, eta erronka handia izan da. Antolakuntza lan handia eskatzen dau. Urtarrilean ikastaroen proposamenaren deialdia edegi genduanean, sekulako erantzuna jaso genduan, ia 80 ikastaro proposatu ziran, eta horreetatik 41 aukeratzea gatx egin jakun. Batzorde akademikoa daukagu, eta eurek interesaren edo gaiaren egokitasunaren arabera aukeraketea egiten dabe. Beraz, 80 ingurutik 41 aukeratzea gatx egin jaken.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!