'Euskaraz bizi nahi dut' film laburren lehiaketea martxan dago
2013-07-15 18:46 BarriakKontseiluak Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketea prestau dau bigarren aldiz. Izen bereko dinamikearen barruan kokatzen da ekimena. Igazko lehiaketeak harrera ona izan eban, eta aurtengoak be bide bera segidutea espero dabe antolatzaileek.
Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketea prestau dau bigarren aldiz. Izen bereko dinamikearen barruan kokatzen da ekimena. Igazko lehiaketeak harrera ona izan eban, eta aurtengoak be bide bera segidutea espero dabe antolatzaileek.
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak Donostian emondako prentsaurrekoan dinamikearen funtsa jente-arte mobimendu zabala sortzea dala esan dau, eta aurkeztu zanean esandakoak gogora ekarri ditu: Euskerearen normalizazino prozesuan pausu kualitatiboak emon gura badoguz, beharrezkoa da eraldaketa soziala emotea eta eraldaketa sozial horretan guztiok dogu zeregina eta zeresana.
Bizitea ez da ikastea bakarrik edo familiagaz berba egitea, euskeraz bizitea zinemea ikustea be bada, eta kirola egitea, eta lan egitea, hedabideak erabiltea, medikuarenera joatea, salerostea. Izartzen garenetik oheratzen garen arte persona baten ohiko jarduerak euskeraz egitea da euskeraz bizi nahi izatea. Eta hasi gara euskeraz biziteko nahi hori zabaltzen, eta ikusgarri egiten, esan dau Kontseiluko idazkari nagusiak.
Igazko lehiaketeak harrera ona euki eban, eta aurtengoa be holan izatea espero dabe. Zinemagileentzat eszenatoki garrantzitsu bi izango dira, aukerea emongo jake euren lanak nazinoarteko zinemaldi bitan aurkezteko, eta ganera, aztertzen dabilz pelikulak leku gehiagotara eroatea.
Irabazleek dirutan jasoko daben sariaz gan, Donostiako Zinemaldian eta Hendaia Film Festivalen egingo diran jentaurreko emonaldiak be sariaren parte izango dira. Film laburren bidez euskeraz biziteko nahia irudikatzea da lehiaketearen helburua. Aurkeztuko diran lanen gaiak be hori izan behar dau: euskeraz biziteko nahia, esan dau Kontseiluko komunikazino buru Saioa Rodriguezek.
Lehiaketan parte hartzeko oinarriak www.euskarazbizinahidut.org webgunean ikusi daitekez. Landu nahi diran edukien artean euskeraz bizi nahi dot pentsamendua zabaltzea dago, hau da, herritarrei euskeraz biziteko arrazoiak eskaintzea.
Horrezaz aparte, beste gai honeek be jorratuko ditue: euskeraz bizi nahi daben herritarrek jasan behar dituen egoerak agirian ixtea eta horreek eragiten deutsien egonezina; euskeraz bizitea erabagi dabenen adorea eta jasoten daben alkartasuna; eta etorkizuna irabazteko euskeraz bizi nahi dot pentsamendua iraultzailea dala erakustea.
Fillm laburrak bakarrik onartuko dira. Webgunean ikus daitekez lanak zein formatutan onartuko diran, eta zelan helarazo behar diran be. Irailaren 15era bitartean bialdu daitekez lanak.
Aukeraketa prozesua sektoreko profesionalek osotutako epaimahai bik egingo dabe. Donostiako Zinemaldirako saridun bat aukeratuko dabe, eta Hendaiako zinemaldirako, beste bat. Donostiara doanak 2.000 euro jasoko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!