Javier Gurruchaga eta Popotxo, Donostiako Fantasia eta Bildurrezko Zinemaren XXIV. Asteko karteleko protagonistak
2013-07-09 18:24 BarriakAzken urteetan lez, Ytantos estudioak egin dau kartelaren diseinua. Argazkilaritza lana José Luis López de Zubiriarena da. Atzealdeko dekoratua, barriz, ESCIVI Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolako ikasleek egin dabe, Menó Martínen zuzendaritzapean.
Javier Gurruchaga eta Popotxo La Orquesta Mondragón talde mitikoko kide donostiarrak dira Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen XXIV. Asteko kartelaren protagonistak. Jaialdia urriaren 26tik zemendiaren 1era egingo da, eta bere arduradunek kartelak eta zenbait ekintza aurkeztu ditue gaur.
Gurruchaga Tod Browningen The Unknown (1927) film mitikoko protagonista Alonzoren larruan jarri da barriro, izan be, taldearen hirugarren diskoko kanta bat film horri eskaini eutson Javier Gurruchagak, eta bere lehen liburuaren izenburua be horixe da.
Kartelean Pedro Ayestarán Popotxo ezaguna dau lagun Gurruchagak.
Azken urteetan lez, Ytantos estudioak egin dau kartelaren diseinua. Argazkilaritza lana José Luis López de Zubiriarena da, hasieratik Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen Astearen poster gehienen irudiez arduratu dana. Atzealdeko dekoratua, barriz, ESCIVI Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolako ikasleek egin dabe, Menó Martínen zuzendaritzapean.
Cannon Films
Edukiei jagokenez, Donostiako Bildurrezko eta Fantasiazko Zinemearen XXIV. Asteak zikloa eskainiko deutso Cannon Films produkzino-etxeari, fantasiazko zineman oinarriturik, orain 20 urte desagertu baitzan.
1980ko hamarkadan zinema fabrika ospetsuenetakoa izan zan Cannon Filmsek bere jarduera eten eban 1993an, porrot egin eta Metro Goldwyn Mayerek bereganatu ondoren. Hori izan zan AEBetara heldu barri ziran Menahem Golan eta Yoram Globus lehengusuen istorioaren eta amesaren amaierea; eskuratu barri eben estudio txikia kostu txikiko produkzinoen bidez handi bilakatzea amestu eben.
Beraz, 20 urte dira honezkero zinemazaleei B serieko klasikoak eta akzinozko zinemea, berbarako, Death Wish 2 (1982), Invasion USA (1985), American Ninja (1985), Cobra (1986) edo Kickboxer (1989), filmak eskaini eutseezan produkzino-etxea desagertu dala.
Horreekaz batera, bideoklubetako apalak bete zituan genero fantastikoko hainbat film egin ziran bertan: Lifeforce (1985), The Texas Chainsaw Massacre 2 (1986), Invaders from Mars (1986) edota Masters of the Universe (1987). Film horreek izan ziran konpainiaren ereduaren oinarri, baina beste zinema mueta bategaz be ausartu zan eta, besteak beste, Love Streams (1984), Otello (1986) edo King Lear (1987) eta Oscarretarako hiru izendapen lortu zituan The Runaway Train (1985) filma nabarmendu daitekez. Bestalde, musikalak eta komediak be pantailara eroan zituan.
Filmak sortu eta dolarrak pilatzeko makina ona izan zan bere garai gorenean eta, konpainia handienen mailan kokatzeko, konpainia independentearen estatusa goratzeko saiakerak egin zituan. Produkzinoan sekulako ahalegina egiteagaz batera (1986an 40tik gora film estreinau zituan), are eta urrunago heltzen saiatu zan, zinema eta bideoa banatzeko bideak mundu mailan zabaltzen ez eze, baita bere areto sarea sortuz be.
Halan da be, Golan eta Globusek zazpigarren estudio handiena bilakatzeko eben anbizinoa bertan behera geratu zan zenbait finantza-irregulartasunen ikerketeagaitik, ezerezean geratu ziran proiektuetan inbersino handiak egiteagaitik eta leihatiletan izandako porrot itzelakaitik, 1980ko hamarkadako azpikulturearen ikono bat lurperatuz. Orain, Asteak omenaldia eskaini nahi deutso, konpainiaren alderdi fantastikoa oinarri hartuta.
Exposyfy
ExpoSyfy erakusketea Okendo kultur etxean izango da ikusgai urriaren 26tik abenduaren 7ra bitartean, Bartzelonan, Madrilen edo Valentzian egon ondoren. Zinema fantastikoaren eta zientzia-fikzinozko zinemearen historia barrienaren lan esanguratsuenetako batzuen jatorrizko pieza eta errepliken bildumea jasoten dau erakusketak, besteak beste, Terminator, Jumanji, Blade Runner, Scream edo Jurassic Park filmei jagokezanak.
PROPside.com konpainiaren bildumea da erakusketearen ardatz; zinemearen historia barriko filmetan agertu diran objektuak ikertu, bilatu, gorde eta saltzeaz arduratzen dan konpainia espezializatua da PROPside.com. Syfy telebista kate espezializatuak Asteagaz kolaborauko dau erakusketa erakargarri honen bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!