Aukeratu ditue dagoeneko Kimuak 2013ko katalogoa osotuko daben 7 film laburrak
2013-06-18 11:19 BarriakHonako film laburrek osotuko dabe Kimuak 2013 katalogoa: Lander Camareroren A political story, Aritz Morenoren Colera, Borja Cobeagaren Democracia, Izibene Oñederraren Hotzanak, Raúl de la Fuenteren Minerita, Aitor Iturriza eta Bernat Gualen Una hora, un paso eta Asier Altunaren Zela Trovke.
Zazpi dira Kimuak zigilupean aurten banatuko diran film laburrak, aurkeztutako 75 proposamenen artean emondako epaiaren arabera.
Aurtengo epaimahaia osotu daben kideek, hau da, Maialen Beloki —Donostia Zinemaldiko Hautespen-batzordeko kidea eta Zinemira, Made in Spain eta Zinema Ikasleen Nazinoarteko Topaketa atalen Arduraduna—, Josemi Beltrán —Donostia Kulturako Zinema Arduraduna—, Lourdes Fernández —AlhondigaBilbaoko Zuzendaria—, Fernando López de Castillo —Vitoria-Gasteiz Film Officeko zuzendaria eta zinema zuzendaria— eta Inguma Martínez —ETBko albistegietako Kultura Arloko burua—, aurkeztutako film laburren maila altua eta horreen artean zazpi baino ez aukeratzeko zailtasuna azpimarratu dabe.
Honako film laburrek osotuko dabe Kimuak 2013 katalogoa: Lander Camareroren A political story, Aritz Morenoren Colera, Borja Cobeagaren Democracia, Izibene Oñederraren Hotzanak, Raúl de la Fuenteren Minerita, Aitor Iturriza eta Bernat Gualen Una hora, un paso eta Asier Altunaren Zela Trovke.
Aurtengo aukeraketa Kimuaken aurrez egon diran lau zuzendarik eta beste lau barrik osotzen dabe, eta hiru genero nagusiak jasoten ditu, dokumentalaren presentzia azpimarragarriagaz.
A Political Story Lander Camarero bilbotarrak zuzendutako dokumental faltsua da. Lauren C. Carroll, New York Film Instituteko ikaslearen ikasketa amaierako proiektutik abiatu eta Palestina NBEan Estadu Behatzaile legez onartzeko zenbait herrialdek emondako kontrako botoa hartzen dau oinarri.
2011. urtean, What About Columbus dokumentala zuzendu eban Lander Camarerok, eta honen parte dan Jose Mari Goenagaren Lagun Mina urte bereko Kimuak katalogoan izan zan.
Aritz Moreno donostiarrak hirugarren film laburra dau Kimuaken, 2008an, Cotton Candy eta 2011ean, Bucle izan ostean. Orain, Richard Corbenen Terminated komikian oinarritutako Cólera film laburra aurkeztu dau, herri batek bere gatxa ezabatzeko saiakera kontetan dauena.
Borja Cobeaga zuzendari donostiarrak be errepetiduten dau egitasmo honetan, bosgarren aldiz bere kasuan. La primera vez (2001), Éramos pocos (2005), Limoncello (2007) eta Un novio de mierda (2010) lanen zuzendariak Democracia film laburra egin dau orain, sistema politiko honen gaineko komedia karmikoa.
Hotzanak, For Your Own Safety Izibene Oñederra azkoitiarraren hirugarren animazinoa da Kimuaken, 2007an, Hezurbeltzak eta 2008an, Berbaoc izan ostean, azken hau Artelekuko Mobimentuzko irudi laborategian beste zenbait artistakaz batera egindakoa.
Hotzanak filmak kontrolak identidade personalaren gainean dauen eraginari buruz berba egiten dau, edozein norbanako gaizkile bihurtu daitekeela adierazoz.
Raúl de la Fuenteren Minerita aurtengo katalogoa osotuko daben lau dokumentaletako bat da, Kanaki Films Gipuzkoako etxearen produkzinoa. Boliviako meatze-gune bateko emakumeek egunero jasan beharreko arriskuen gaineko testigantzea da iruñearraren lan hau.
Nomadak TX filmaren egilea da Raúl de la Fuente, eta 2012an zuzendutako Virgen Negra laburra Goya Sarietako finalista izatera heldu zan.
Una hora, un paso dokumental fikzionatua, Aitor Iturriza donostiarrak Bernat Gual mallorcarragaz batera ESCACeko Zuzendaritza Masterrean zuzendutako proiektua izan da. Juan José González Beltrán preso ohiaren istorioa kontetan dau, Egipton heriotza zigorra jaso ebana.
Azkenik, Asier Altunaren dokumentalak Zela Trovke aspaldiko abesti eslovakiarra dau oinarri. Moritat izenez ezagutzen dan generoko abestiek hilketa baten narrazinoa egiten dabe.
Bergarako zuzendariaren bost film labur izan dira honezkero Kimuaken: Txotx (1998) eta 40 ezetz (1999), Telmo Esnalegaz batera eginak, eta Topeka (2002), Sarean (2006) eta Artalde (2010), bakarrean zuzenduak.
Katalogo barria datorren irailean aurkeztuko da ofizialki, Donostia Zinemaldian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!