Elias Querejeta zinemagile hernaniarra hil da, 78 urte zituala
2013-06-10 11:29 BarriakDomekan hil zan Elias Querejeta produktore hernaniarra, Madrilen, 78 urte zituala. 50 film baino gehiagotan parte hartu eban, eta hainbat sari irabazi zituan, Donostia, Berlin eta Cannesko zinemaldietan, besteak beste.
Domekan hil zan Elias Querejeta produktore hernaniarra, Madrilen, 78 urte zituala. 50 film baino gehiagotan parte hartu eban, eta hainbat sari irabazi zituan, Donostia, Berlin eta Cannesko zinemaldietan, besteak beste.
Elias Querejeta Garate Hernanin jaio zan, 1934an. Gaztetan futbolaria izan zan, sei denporaldi jokatu zituan, 1952tik 1958ra, Realean. 23 urtegaz futbola itxi eta Madrilera joan zan, zinemagintzan bete-betean behar egiteko.
Gidoilari eta dokumentalista lanak egin zituan, baina batez be produktore lez behar egin eban. Zuzendari ezagun askoren proiektuetan parte hartu eban, eta euren lana nabarmendu bere produkzino zainduagaz. Besteak beste, Victor Erice, Leon de Aranoa, Carlos Saura, Fernando Leon, Jaime Chávarri, Emilio Martínez Lázaro eta Gracia Querejeta alabeagaz egin eban behar.
1963an bere produkzino-etxea sortu eban, eta danetara 50 bat film produzidu zituan. Parte hartu eban pelikulen artean dagoz, berbarako, La caza eta Cría Cuervos (Carlos Saura), Pascual Duarte (Ricardo Franco), Barrio eta Los lunes al sol (León de Aranoa), La Espalda del mundo (Javier Corcuera), El Espíritu de la colmena eta El Sur (Víctor Erice), Tasio (Montxo Armendariz). Gracia Querejetaren pelikula batzuetan be produktore izan zan, Siete mesas de billar francés lanean, esaterako.
1998an, Espainiako Zinematografia Saria emon eutsen, eta 2011an, Donostiako Zinemaldian Zinemira saria jaso eban.
Osasunez makal egon arren, beharrean segiduten eban Querejetak. Urteak eroiazan Picassoren Guernica margoaren sorkuntza-porozesuaren ganeko lana egin guran. 33 días dauka izena Carlos Saurak zuzendutako lan amaitu bakoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!