40+1= 41, UEUren udako ikastaroak prest

Bizkaie! 2013-05-16 15:46   jardunaldiak

Danetara 40+1 ikastaro antolatu ditu UEUk aurten; horreetatik 20 Eibarren (UEUren Ikastetxe Nagusian), 9 Baionan (IUT unibersidadean), 11 Iruñean (Jaso Ikastolan) eta 1 Gernikan (Astran).

UEUk 41 ikastaro antolatu ditu, pasa dan urteko arrakasteari eusteko helburuagaz. Aurkezpenean Karmele Artetxek, UEUko Zuzendariak eta Irati Iciarek, UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak hartu dabe parte.

Karmele Artetxek hartu dau lehenengo berbea: pozgarria da beste urte batez UEUren Udako Ikastaroak aurkezten egotea. Azken bi urteak UEUrentzat ekonomikoki oso gogorrak izaten ari dira eta egoera horretan gauzak antolatzen jarraitzeak benetako ahalegina eskatzen deusku UEUn parte hartzen gabilzan guztiontzat. Egoera honek, ostera, gure oinarri soziala indartzeko balio izan dau, eta horri esker, igaz azken garaietako ikastaro kopuru handiena eskaini bagenduan 40. urteurrena ospatzeko, aurten erronka horri eutsi eta 41 aurkezten doguz.

Lau hamarkada daroaz UEUk euskerearen eta unibersidadearen alde lanean. Denpora tarte horretan UEUk egindako ekarpena handia izan da: euskerea unibersidade esparruan landu zitekeen apustua egi bihurtzea, euskerazko hiztegi teknikoaren definizinoa, euskal komunidade zientifikoarentzat topagune izatea, proiektu barritzaileak martxan jarteko gaitasuna, unibersiade-mailako testugintzan eta formazinoan egiten dauen lan erreferentziazkoa eta, jakina, Euskal Unibersidadearen aldarria. Oraindino, barriz, UEUk badauela zer eginik uste dogu, eta etorkizunean UEUren ekarpena handia izan daitekeela sinisten dogu. Horregaitik jarri dogu martxan 'Ni ere, UEU' kanpainea martxan. Bertan hainbat pertsona ezagunek UEUren barri emoten dabe, lehen personan.

Aurretik be egoera larriak bizi izan doguz UEUn, eta orduan bezela, orain be aurrera egingo dogu, izan be, gure bazkide eta hur daukaguzan erakunde eta banakoek erakutsi deuskuen babesa eta laguntzinoa itzela da, eta horrek beste hainbat urtez aurrera egiteko nahikoa indar emoten deusku. Aurtengo Udako Ikastaroak be horren isla izatea nahi dogu. UEUren lana ezagutara emon nahi dogu euren bidez, jenteak ezagutu gaizala gu eta baita egiten dogun lana. Horretarako Udako Ikastaroak aukera ezin hobea dira. Dakiguna erakutsiko deutsugu. Konbidatuta zagozae danak.


40+1 ikastaro

Irati Iciar-ek, UEUko Udako Ikastaroen arduradunak berba egin dau ondoren, ikastaroei jagokezan zehetasunak azaltzeko: 41 ikastaro antolatu doguz aurten, inoiz baino gehiago. Halan da be, leloan 40+1 esaten dogu igazko arrakasteari eutsi gura deutsagulako bai auzolean izan genduan babesari bai eta matrikula kopuruari be. Azpimarratu nahiko neuke ez dala erraza izan 41 ikastaro horreek antolatzea, jasotako proposamen kopuru handiagaitik, gatxa izan da aukeraketea egitea, UEUren inguruan lanean dabilzan profesional taldeak zein UEUren beraren sail eta bazkideek proposamen interesgarriak bidaldu deuskuezalako.

Esan bezela, danetara 40+1 ikastaro antolatu ditu UEUk aurten; horreetatik 20 Eibarren (UEUren Ikastetxe Nagusian), 9 Baionan (IUT unibersidadean), 11 Iruñean (Jaso Ikastolan) eta 1 Gernikan (Astran). Iciarek adierazo dauen moduan: sei jakintza arloetan banatuta egongo dira: artea eta musikea, giza-zientziak, injinerutzea eta teknologia, osasun zientziak, zientziak eta gizarte zientziak eta azken hau izango da jakintzarik nagusiena. Ikastaroakaz batera, hiru Jardunaldi antolatu doguz, UEUren sailen ekimenak hirurak be eta Udako Ikastaroen plangintzan sartuak, udako eskaintzak dituan ezaugarriez baliatzeko, hau da, azpiegiturak eta batez be ikasteko gogoa eta giroa. Iciarren esanetan, aurten hiru formatu desbardineko ikastaroak dagoz: Ikastaro espezializatuak: ikastaro honeek egiteko aurretik jakintza maila bat beharrezkoa da; Dibulgazinoko ikastaroak: Interes orokorreko ikastaroak dira eta jakintza maila zehatzik ez da behar; eta Garapen personaleko ikastaroak: ikastaro honeek persona moduan garatzeko balio dabe.


Prezioak eta diru-laguntzinoak

Laguntza garrantzitsuak dagoz aurten udako ikastaroetan parte hartzeko: Ikasle, lanbako eta jubilatuen matrikuletan beherapenak eskaintzen ditu UEUk.

Horrezaz gan, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko unibersidade ikasle eta unibersidade ikasle ohi-lanbakoei matrikulea, egoitza eta joan-etorriak pagauko deutsez.

Era berean, Euskal Herriko hainbat udalek diru-laguntzinoak emongo ditue euren herritarrentzat. Zerrenda guztia UEUren webgunean ikusgai dago.

Izena emoteko epea honezkero zabalik dago eta ikastaroa hasi baino astebete lehenago egin ahal izango da matrikulea. Informazinoa eta matrikulea: www.ueu.org

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu