Carmen Maura aktore espainiarra, Zinemaldiko Donostia Saria

Bizkaie! 2013-05-13 18:34   Barriak

Carmen Maura aktoreak jasoko dau aurtengo Zinemaldiko Donostia saria. Aktore espainiarraren ibilbide osoa saritu gura dau, Espainiako zinemagintzako azken hamarkadetako ibilbide profesional nabarmenetakoa daukan artistea da eta.

Carmen Maura aktoreak jasoko dau aurtengo Zinemaldiko Donostia saria. Aktore espainiarraren ibilbide osoa saritu gura dau, Espainiako zinemagintzako azken hamarkadetako ibilbide profesional nabarmenetakoa daukan artistea da eta.

Ganera, Mauraren Las brujas de Zugarramurdi lan barria ikusgai izango da, Zinemaldian. Alex de la Iglesia bilbotarrak zuzendu dau pelikulea. Sail Ofizialean eta lehiaketaz kanpo emongo dabe. Komedia delirante eta frenetikoa da, Zinemaldiko arduradunek aurrreratu dabenez. Hiru gizonezko ditu protagonista: etsipenaren etsipenez Compro Oro denda horreetako bat ostu dabe, Madrilen, eta handik, Disneylandiarantz abiatuko dira hiruretako baten semea hartuta. Baina, Frantziako mugan, euskal sorgin batzuk agertuko jakiez, eta, orain milaka urteko sorginkeria-ohiturak erabiliz, gizonezkoei adarra joko deutsie.

Beste lan bitan egin dabe behar alkarregaz Maurak eta De la Iglesiak; La Comunidad (2000) -Zidarrezko Maskorra Donostia Zinemaldian- eta 800 balas (2002). Las brujas de Zugarramardi-n, besteak beste, ondoko aktoreek parte hartu dabe: Hugo Silva, Mario Casas, Jaime Ordoñez, Macarena Gomez, Carolina Bang eta Terele Pavez. Hegoaldeko zinema-aretoetara irailaren 27an ailegauko da.

Carmen Maura Madrilen jaio zan, 1945ean. Antzerkian hasi eban bere ibilbidea, Fernando Garcia Tolak zuzendutako Esta noche telebista-programan egin zan ezagun, TVE katean. Ostean, Fernando Colomoren lan bitan protagonistea izan zen: Tigres de papel (1977) eta ¿Qué hace una chica como tú en un sitio como éste? (1978).

Pedro Almodovarregaz egindako lanek sendou eben bere lana: Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón (1980), Entre tinieblas (1983) eta ¿Qué he hecho yo para merecer esto? (1984). Almodovarren zinemagintzearen arpegirik ohikoena bihurtu zan, eta beste lau pelikulatan egin eban behar: Matador (1986), La ley del deseo (1987), Mujeres al borde de un ataque de nervios (1988) eta Volver (2005).

Ehun filmetik gora egin ditu aktore madrildarrak, zuzendari ezagunekaz egin dau behar, tartean, Francis Ford Coppola, Etienne Chatiliez, Carlos Saura, Jose Luis Borau, Fernando Trueba, John Irvin, Enrique Urbizu, Manuel Gutiérrez Aragon eta Agusti Villarongagaz.

Sari ugari jaso ditu urteotan, berbarako, lau Goya, emakumezko aktore onenaren saria Veneziako Zinemaldian, antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Cesar bat eta Europako Zinema Akademiaren sari bi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu