Mendi Film Festivaleko 3-D zinema ikusgarria Arrasaten
2013-05-06 18:17 BarriakMenditour Arrasate, mendi, abentura eta muturreko kirolei buruzko zinema onena, Debagoienan izango da datorren maiatzaren 7an, martitzenean. Mendi Film Festival jaialdian nabarmendutako film hautatuak ederresteko aukerea izango dabe Arrasateko eta inguruetako herritarrek, horreen artean lau lan saritu eta hiru dimensinotako film labur ikusgarri bat.
Menditour Arrasate, mendi, abentura eta muturreko kirolei buruzko zinema onena, Debagoienan izango da datorren maiatzaren 7an, martitzenean. Mendi Film Festival jaialdian nabarmendutako film hautatuak ederresteko aukerea izango dabe Arrasateko eta inguruetako herritarrek, horreen artean lau lan saritu eta hiru dimensinotako film labur ikusgarri bat, Bilboko aretoak lepo bete zituana. Saioa ordu eta erdi ingurukoa izango da, Amaia Udal Antzokian, 20:30etik aurrera, eta sarrerea bost euro kostako da.
Udal aretoan, 790 lagunentzako lekuagaz, zazpi film labur eta ertain proiektauko dira danetara, 7 eta 22 minutu arteko zazpi ikus-entzunezko. Horreetatik lauk saria jaso eben Mendi Film Festival jaialdian, epaimahaiaren saria, ikusleena, mendiko film onenarena eta film labur onenarena, hain zuzen. Mendiko eta eskaladako filmez gan, Arrasateko ikus-entzuleek aukerea izango dabe beste hainbat gairi buruzko lanak eta irudiak ikusteko: BTTn edo piraguan bizitako emozino handiko abenturak, mendia eta funanbulismoa buztartzen dituen highlining jarduera ez sinistekoak…
Iker Pou, hatzamar bakarreko mobimentuak 3-Dn
Saioaren bizigarri nagusietakoa Nit de Bruixes film laburra izango da. Zazpi minutu ikusgarritan, Iker Pou eskalatzaile gasteiztarrak 9a+ bide batean –kirol eskaladako zailtasun gorena– lortutakoa dakar iruditan ikus-entzunezkoak. Bide hori kateatzen lehena izan da Iker. Zailtasun eta edertasun gorenaren ikurretako bat da Nit de Bruixes, hatzamar biko eta bakarreko helduleku eta pasartez jositako lerro itzela. Lorpena biribiltzeko, Jordi Canyigueral zinemagile kataluniarrak hiru dimensinotako iruditan jaso eta ondu dau eskaladea.
Bost urteko ibilbide laburrean, mendiko zinemaren arloko nazinoarteko erreferentzia bihurtu da Mendi Film Festival. Zinemaldiaren asmoetako bat, gainera, beti izan da leihoak Euskal Herri osora zabaltzea, lehiaketara aurkeztutako berrogeita hamar film horreen lagin esanguratsuena herri batetik bestera eroatea. Hain zuzen, horixe da Menditour ekimenaren ardatza.
Nit de Bruixes bereziaz gan, mendiko zinemako nazinoarteko jaialdian lehiatu ziran beste sei titulu eskainiko ditu Menditour Arrasatek, horreen artean saritutako lau lan:
- Moonwalk (AEB 2012, 4’), basamortuko paisaje ederren gainean eginiko highlining ariketa bildurgarria.
- Of Souls + Water: The Nomad (AEB 2012, 7’), Erik Boomerrek, National Geographic aldizkariak urteko abenturazale izentau eban gazteak, oinez, eskiz eta kayakez eginiko jardueren laburbilduma bitxia. Film labur onenaren saria Mendi Film Festivalen.
- Why (AEB 2011, 8’), hatx eskaladea, piragua eta mendiko bizikletea egiten daben muturreko hiru kirolariren jarduna, eta tartean, betiko galdera hori: Zergaitik?
- Bajo cero (Euskal Herria 2012, 20’), Gasherbrum I mendirako espedizinoan hiru kide desagertu ondoren, Alex Txikon eta Carlos Suárez mendizaleen lekukotza eta hausnarketa sakonak buztartzen dituan filma. Ikus-entzuleen saria Mendi Film Festivalen azken edizinoan.
- Origins: Obe and Ashima (AEB 2011, 22’), Ashima Shiraishi New Yorkeko neskatila eskalatzaileak eta haren entrenatzaile Obe Carrionek egindako bidearen kontakizuna. Boulder munduan danak harri eta zur ixten dago Ashima; eta ibilbide oparoa osotu dau Obek. Mendiko kirolei buruzko film onenaren saria azkeneko Mendi Film Festivalen.
- Silbergeier (Frantzia 2012, 20’), Suitzako Alpeetako bide tekniko eta gogorrenetako bat eszenatoki, eta txiki-txikitatik hori kateatzeko amesetan bizi izan dan Suitzako bertako neska baten historia. Epaimahaiaren sari berezia Mendi Film Festivalen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!