Bilboko Zinema Fantastikoko jaialdiak Ohorezko Fant Saria emongo deutso Pablo Berger zinemagile bilbotarrari
2013-04-19 15:43 BarriakPablo Bergerrek, datorren maiatzaren 10ean, Kale nagusiko BBK Aretoan, egingo dan Fant 19ko amaiera ekitaldian jasoko dau saria. Ekitaldi berean, omenaldi xume baina beroa egingo jake orain denpora gitxi hil diran Jesús Franco eta Bigas Luna zinema zuzendariei eta Mariví Bilbao antzezleari.
Pablo Berger zinemagile bilbotarrak (Bilbao, 1963) Bilboko Zinemaldi Fantastikoko Ohorezko Fant Saria jasoko dau. Sari horrek, 2009an zinemaldiko epaimahaiko kide izan zan zuzendari bilbotarrak lortutako nazinoarteko ospea aintzatetsi nahi dau.
Pablo Bergerrek, datorren maiatzaren 10ean, Kale nagusiko BBK Aretoan, egingo dan Fant 19ko amaiera ekitaldian jasoko dau saria. Ekitaldi berean, omenaldi xume baina beroa egingo jake orain denpora gitxi hil diran Jesús Franco eta Bigas Luna zinema zuzendariei eta Mariví Bilbao antzezleari. Pablo Bergerrek eta Aura Garridok, aurtengo edizinoko Fantrobia saridunak, zinemearen oraina eta etorkizuna ordezkatzen dabe, eta eurak izango dira desagertutako profesional handi horreen lekukoa jasoko dabenak.
Pablo Bergerri, 2013ko Ohorezko Fant saridunari, beste urteurren bategaz batera heltzen jako aintzatespena, aurten 25 urte beteten baitira zinemagile bilbotarrak bere lehenengo film laburra, Mamá (1988), zuzendu ebanetik. Lan hori egiteko Álex de la Iglesiaren arte zuzendaritza eta Torrebrunoren eta Ramón Barearen laguntzinoa izan eban. Film labur harek hainbat sari ekarri eutsozan, eta horri esker Bizkaiko Foru Aldundiaren beka bat lortu eban, New York University izenekoan zine master bat ikasteko. Doktoretza lortu eta gero, zuzendaritza irakasle ibili zan New York Film Academy (NYFA) izenekoan.
Ordutik aurrera publizidadean ibili zan lanean, eta hainbat bideoklip egin zituan, 2003an bere lehenengo film luzea errodau eban arte, Javier Cámara, Fernando Tejero eta Candela Peña protagonista izan zituan Torremolinos 73. 2009an, Berger Fant-eko 15. edizinoko epaimahaiko kide izan zan. Edizino horretan, Mamá film laburra eskaini eban barriro, eta El tamaño no importa: el cortometraje izeneko Master Class bat emon eban. Master Class horretan, ordurako eskuartean eukan egitasmoaren barri emon eban: Blancanieves filma.
Blancanieves (2012), Grimm anaien izen bereko ipuinean oinarritzen da, baina fantasiazko zinemearen hainbat elementu ditu eta, batez be, azpimarragarria da narrazinoa lantzeko orduan zinema mutuan oinarritzen dala. Lanak arrakasta handia lortu dau kritikearen eta ikus-entzuleen artean, eta Goya Sarien azken edizinoko irabazle nagusia izan zan, 10 sari lortu baitzituan, horreen artean film onenaren eta jatorrizko gidoi onenaren sariak. Horrezaz gan, Espainiako zinemea Oscar sarietan ordezkatzeko aukeratu eben, ingelesa ez dan beste hizkuntza batean egindako filmik onenaren kategorian, baina azkenean ez zan egon norgehiagokarako saria lortzeko hautagaien artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!