Sarako Idazleen Biltzarrak 130 idazle batuko ditu astelehenean
2013-03-27 14:44 jardunaldiakEuskal kulturearen bizitasunaren lekuko zuzen izaten jarraitzen dau Sarako hitzorduak eta aurten 130 idazle, 28 alkarte eta argitaletxe eta aldizkari bik baieztatua dabe bertan izango dirala. Euskaltzaindia be urtero joaten da Sarara, eta hor bere azken argitalpenak erakusten ditu.
Apirilaren 1ean, urtero legez Pazko Astelehenez, Sarako Idazleen Biltzarra egingo da herriko kiroldegian. Aurtengoa 30. edizinoa da. Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen daben biltzarrak autoreei emoten deutse lehentasuna. Halan da be, Euskal Herriko argitalpen munduak eta baita mugaz bi aldeetako euskaltzale askok be urtero dabe Saran hitzordua, Pazko Astelehenean.
Euskal kulturearen bizitasunaren lekuko zuzen izaten jarraitzen dau Sarako hitzorduak eta aurten 130 idazle, 28 alkarte eta argitaletxe eta aldizkari bik baieztatua dabe bertan izango dirala. Euskaltzaindia be urtero joaten da Sarara, eta hor bere azken argitalpenak erakusten ditu. Aurten, hiru liburu aurkeztuko ditu. Hirurak Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzinoagaz argitaratu dira. Ondokoak dira:
• Jon Mirande, olerkaria. Bilduma: Euskaltzainak, 18. Egilea: Txomin Peillen. Liburuan, Peillenek hautatutako berrogeita bi olerki batu dira, frantsesez eta euskeraz aurkeztuak. Olerkiak lau gairen arabera sailkatu dira: Thanatos (heriotzea), Eros (sexua), Mythos (mitologia) eta Satyra (satirea). Mirandek olerki gehienak euskeraz idatzi zituan, beraz, liburuan jaso diranak frantsesera itzuliak izan dira. Jon Mirande, poète parisien da liburuaren frantsesezko izenburua.
• Antoine d´Abbadie, Abbadiaz. Bilduma: Euskaltzainak, 19. Egilea: Jean-Louis Davant. Testu desbardinak baliatuz, Jean-Louis Davantek Antoine D´Abbadieren (1810-1897) bizitza aztertzen dau. D´Abbadiek alor asko landu zituan: astronomoa, zientzilaria eta exploratzailea izateaz landa, hizkuntza asko ekizan. Euskal Herria beti izan eban gogoan, eta bizilekua Hendaian finkatu ondoren, euskal kulturgintzearen bultzatzaile handia izan zan, besteak beste, lore jokoak antolatu eta sustatuz.
• Gaineratekoen bilduma. Bilduma: Euskaltzainak, 20. Egilea: Gratien Adema Zaldubi. Paratzailea: Henri Duhau. Hauxe da Duhauk bilduma honetan Zaldubiri eskainitako zazpigarren, eta azken liburukia. Duhauk azpimarratzen dauen lez, lehen sei liburukiak eskuizkribuetarik etozan. Zazpigarren liburuki honetan, bada eskuz idatzizko zati bat; gehienak, halan da be, bera bizi zala eta hil ondorengo urteetan argitaratutakoak dira, bai Eskualduna kazetan (1887-1903 eta 1908- 1944), baita Eskualdun Ona astekarian be (1904tik 1907ra). Senpereko Udalak be lagundu dau liburu hau argitaratzeko.
Honen guztiaren aurkezpena 10:45ean izango da. Egileakaz batera, Andres Urrutia euskaltzainburua izango da.
Sarako Idazleen XXX. Biltzarraren egitaraua
Ekitaldiak goizeko 10:00etan hasiko dira. Ordu horretan, Eusko Ikaskuntzaren beken banaketea hasiko da. Eguerdiko 12:00etan, barriz, Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohia omenduko dabe eta Sarako Biltzarreko sari berezia emongo deutsie haren ibilbide aberatsa gogoratzeko eta autortzeko asmoz. Sari banaketearen aurretik, 11:15ean, Bernardo Atxagak berbaldia eskainiko dau Lucien Etxezarreta gidari dala.
Egun osoan zehar liburu aurkezpenak izango dira eta arratsaldeko 18:00etan zarratuko ditue ateak. Helduek euro bi pagau beharko dabe sarrerea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!