Park Chan-Wookek inaugurauko dau XIX. Fant Hollywooden egin dauen lehenengo lanagaz, 'Stoker' filmagaz
2013-03-21 17:32 BarriakPark Chan-Wook zuzendari korearra Bilbora etorriko da maiatzaren 3an, Hollywooden egin dauen lehen proiektuaren, Stoker filmaren aurre-estreinaldian parte hartzeko. Mia Wasikowska, Matthew Goode eta Nicole Kidman protagonista izango dituan thrillerra maiatzaren 10ean helduko da Estadu osoko zinema aretoetara.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen dauen Bilboko Zinema Fantastikoko Jaialdiak, Fant 19k, konbidatu berezia izango dau aurten. Park Chan-Wook zuzendari korearra Bilbora etorriko da maiatzaren 3an, Hollywooden egin dauen lehen proiektuaren, Stoker filmaren aurre-estreinaldian parte hartzeko. Mia Wasikowska, Matthew Goode eta Nicole Kidman protagonista izango dituan thrillerra maiatzaren 10ean helduko da Estadu osoko zinema aretoetara, FOX Searchlight Pictures banatzailearen eskutik.
Old Boy (2003) filmari esker generoko zinemagile garrantzitsuenetakotzat hartzen dan eta mundu osoko zinema fantastikoko jaialdi garrantzitsuenetan ohiko konbidatua dan Park Chan-Wook Bilbora etorriko da AEBetan egin dauen lehenengo proiektua aurkezteko. Stoker filma Fant 19ren inaugurazino ekitaldian eskainiko da. Ekitaldia Alondigako auditorioan egingo da, maiatzaren 3an, barikuan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Ganerako ikus-entzuleek apur bat gehiago itxaron beharko dabe lana ikusteko, areto komertzialetan astebete geroago, maiatzaren 10ean, estreinauko dalako.
Azken urteetan zinemeak emon dauen talenturik handienetakoa dan Park Chan-Wook, zinema zuzendari, gidoilari, produktore eta kritikari ohia da. Hego Koreako zinemagilea ondorengo lanakaitik da ezaguna, batez be: Joint security area, Thirst eta Sympathy for Mr. Vengeance, Oldboy eta Lady vengeance lanek osotzen daben The vengeance trilogy izeneko trilogia. 2008an, Park Chan-Wookek Bilboko Zinema Fantastikoko Sekzio Ofizialean hartu eban parte eta Sitgeseko zinemaldian Gidoi Onenaren saria irabazi eban I am a Cyborg but that´s ok filmagaz.
Park zuzendariaren lana, bere jaioterrian zein nazinoarteko lehen mailako hainbat zinemalditan autortu dabe. Orain denpora gitxi, iPhone™ bategaz grabautako Night fishing lanak, 2011ko Berlingo Zinema Jaialdiko Urrezko Hartza (film laburretan) irabazi eban. 2009an, zuzendariak mundu guztiaren atentzinoa erakarri eban banpiroei buruzko Thirst filmagaz. Lan horregaz Canneseko Zinemaldiko Epaimahaiaren Saria jaso eban. Film bikain horren produkzino fasean Ipar Amerikako eskubideak eta Hollywoodeko estudioen inbersinoak lortu zituan Koreako lehen filma izan zan. Lady vengeance lanari jagokonez, Cinema Avvenire Saria eta 2005eko Veneziako Zinemaldiko Urrezko Lehoia irabazi zituan. Aurreko urtean, 2004an, Oldboy filmak Canneseko Zinemaldiko Grand Prix garrantzitsua irabazi eban.
Park-ek zinemeagazko dauen interesa Sogangeko unibersidadean filosofia ikasle zala sortu jakon. Garai haretan zineklub bat sortu eban, eta zinemearen teoriaren eta kritikearen aurreko interes handia garatu eban. Parkek zuzendutako Joint security area filma, Koreako zinemearen historiako txarteldegiko arrakastarik handiena bilakatu zan bere garaian.
Stoker lanaren aurre-estreinaldia
Park Chan-Wook zinemagileak oso lan berezia egin dau, Koreako zinemako film barritzaile eta berezietako batzuen idazle, zuzendari eta produktore lez emon dituan 20 urte baino gehiagotan, edertasun lirikoa, indarkeriazko ekintzak eta operako emozinoak buztartzen dituen eszenatokiak eratuz. Stoker, familia amerikar misteriotsu eta bakarti bati buruzko thriller iluna da. Filmaren izenburuak berak be deabruaren aitamen metaforikoa egiten dau, Drakularen egilearen, Bram Stokerren, izena aitatuz. Eleberri hori, errubakoen zein banpiroaren naturaz gaindiko munduaren alde errezetan dauen oportunista bati buruzko lana da.
India Stockerrek (Mia Wasikowska, Alicia en el país de las maravillas) aita auto istripu batean galtzen dauenean hasten da istorioa. Behea jota dagoala, aitaren hiletan osaba misteriotsua ezagutuko dau: doluminak agertzera eta Miaren amari, Evelyn Stockerri (Nicole Kidman), bere errespetua aurkeztera familia bisitauko dauen Charlie Stocker (Matthew Goode, Match Point).
Charlie seduktore eta anbiguoak India gaztea erakarriko dau, bera be konturatu barik… baina atmosferea nahasten hasiko da, inguruan personak desagertzen hasten diran momentuan. Etxe handi aberatsean urten ezinik, Indiaren, Evelynen eta Charlieren artean, maitasunaz, desioz eta bildurrez osotutako lotura arraroa sortuko da, aginte harremanek eta izaera enigmatikoa eta arriskutsua dauen sekretu batetik sortzen dan ez ohiko indarrak markatua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!