Etorkizuneko Bilboko estralurtarra izango da 19. Zinema Fantastikoko Jaialdiaren irudia

Bizkaie! 2013-03-13 17:12   Barriak

Maiatzaren 3tik 10era, Bilbo zinema fantastikoaren uriburu bilakatuko da barriro be. Eta kartelean agertzen jakun estralurtarraren itxurea bildurgarria bada be, edadeko emakume bilbotarraren jarrera alai eta konfiantzaz betetakoak, gizakien eta estralurtarren arteko alkarbizitza ohikoa eta baketsua erakusten deusku.

Bilboko Zinema Fantastikoko Jaialdia — FANT martxan dago honezkero, eta aurrerapena urteroko hitzordua iragarteko diseinau dan kartel deigarriaren eskutik dator. Oraingo honetan, irudiak umore ikutua dauka, oso beharrezkoa bizi dogun krisi sasoian, izan be, etorkizuneko Bilbon baino ez litzateke posible holako irudia: edadeko emakume gozo eta alaiak galderea egiten deutso intsektu burua dauen estralurtarrari, biak tranbiaren zain dagozan bitartean.

Argi eta garbi dago beste mundu batzuk be existiduten direla, baina ez dira Bilbo lakoak, izan be, maiatzaren 3tik 10era, zinema fantastikoaren uriburu bilakatuko baita barriro be. Eta kartelean agertzen jakun estralurtarraren itxurea bildurgarria bada be, edadeko emakume bilbotarraren jarrera alai eta konfiantzaz betetakoak, gizakien eta estralurtarren arteko alkarbizitza ohikoa eta baketsua erakusten deusku. Tranbiaren geralekua eta gure uribilduko skyline berezia, erdi arrotz erdi ezagun, ondo ezagutzen diran eraikinak eta zeruan ikusten diran planetak. Horreek dira etorkizuneko Bilbo zoriontsua erakusten deusku eszenatokiaren elementuak.

Beste alde batetik, bariku honetan, hilaren 15ean, amaitzen da lehiaketarako filmak aurkezteko antolakuntzeak emon dauen epea. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen dauen jaialdiak hiru sari aurreikusi ditu, epaimahaiaren eretxiz eta jaialdiko ikus-entzuleen eretxiz film labur onenei emoten jakezan sari biak, bakoitza 3.000 eurokoa eta Euskal Film Labur Onenari emongo jakon Epaimahaiaren Saria, 2.000 eurokoa.

Film laburren alorreko hiru sari horreek, Kultura eta Hezkuntza Sailak zinemagile barrien lana bultzatzeko hasitako jarduketa ildoa indartu nahi dabe, hori baita Zinema Fantastikoaren nortasunaren ezaugarrietako bat.

Aitatutako sari horreez gan, FANT-ek bere erreferentziazko sariakaz jarraituko dau; sekzio ofizialeko genero fantastikoko Luzemetraia Onenari emoten jakon saria, ohorezkoa eta oroitzapeneko garaikurra jasoko dauena eta Fantrobia Saria, hori ere ohorezkoa, eta azken urteetan, fantasiazko zinema generoan gorako bidea erakutsi dauen personeari emongo jakona.

Aldi berean, aitatu sariei, ohorezko beste bi gehituko jakez, sekzio ofizialeko film luzeei emongo jakezanak: Euskal Gidoigileen alkarteak sekzio ofizialeko Gidoirik Onenari emongo deutson saria eta Fas Zine Klubak, bere 60. urteurrenagaitik, zuzendaritza lan barritzaileenari emongo deutson Zuzendari Onenaren Saria.


Epaimahai aditua

Adituen epaimahaia, Koldo Serra zinemagile bilbotarrak, David Martos kazetari eta zine kritikariak eta Maru Valdivielso antzezleak osotuko dabe.

Koldo Serra (Bilbo, 1975), Arte Ederretan lizentziatua EHUn. Zinemeaz gan, beste arte mota batzuk be lantzen ditu, komikia edo diseinua, besteak beste. Bera da 2000 eta 2004 arteko FANT jaialdiaren kartelen egilea. Arsénico P.C. produktorako kide sortzailea eta bazkidea da, Borja Crespogaz, Nacho Vigalondogaz, Borja Cobeagagaz eta Nahikari Ipiñagaz batera. Telebistan egin dituan azken lanen artean, La Fuga, Karabudjan eta El comisario telesailetako kapituluak zuzendu ditu. Bere lehen film luzea, Gary Oldman eta Aitana Sánchez-Gijón protagonista dituan Bosque de sombras 2007an estreinau zan, eta denpora gitxi barru Gernika produkzino espainiar-britainiar-alemaniar-frantziarraren filmazino lanetan hasiko da.

David Martos (Madril, 1984) kazetari eta zinema kritikaria, Canal + katean astean behin eskaintzen dan zinemeari buruzko Tentaciones programako aurkezleetako bat da. Canal + katean Oscar sarien ekitaldiaren emonkizunetan ibilten da, eta ABC egunkariko zinema kritikaria da. Canal + katean Sitgeseko, Canneseko edo Berlineko zinemaldien informazinoaz arduratu da, besteak beste. Horrezaz gan, David Martosek kazetaritza lana eta lan artistikoa buztartzen ditu, eta maiatzean Madrilen estreinauko dan antzezlan batean antzezle lana egingo dau.

Maru Valdivielso (Madril, 1964) antzezleari jagokonez, filmografia luzea dauka telebistan, La Fuga, Ángel o demonio, Hospital Central, El comisario edo Médico de familia telesailetan, besteak beste. Zineman, Julio Médemen Los amantes del círculo polar filman eta Paco Plazak zuzendutako Cuento de navidad lanean parte hartu dau. Gaur egun Madrilgo Teatro Español izenekoan dabil beharrean, Los Cenci lana antzeztuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu