Japoniako Nikkatsu produkzino-etxeari buruzko atzera begirakoa atondu dau Alondigeak

Bizkaie! 2013-03-05 12:49   Barriak

Nikkatsu japoniar produkzino-etxeak egindako pelikulen zikloa antolatu dau Bilboko Alondigako Zinematekeak. Martiaren 6tik apirilaren 11ra bitartean, hamahiru lan proiektauko ditue. 100 urte bete barri ditu Nikkatsu etxeak.

Nikkatsu japoniar produkzino-etxeak egindako pelikulen zikloa antolatu dau Bilboko Alondigako Zinematekeak. Martiaren 6tik apirilaren 11ra bitartean, hamahiru lan proiektauko ditue. 100 urte bete barri ditu Nikkatsu etxeak. Japan Foundationek, Espainiako Filmotekeak, Kataluniako Filmotekeak, Centro Galego de Artes de Imaxek eta Alondigeak atondu dabe egitaraua. Isaac Monclús da komisarioa eta Amaya Torrecilla arduratu da koordinazinoaz.

Japoniako produkzino-etxe zaharrenaren ibilbidea erakutsiko dau zikloak. Nikkatsu 1912an sortu zan, eta oraindino martxan dago. Produkzino-etxearen ibilbide heterogeneoa pantailan ikusteko aukera ederra izango da, eta modu berean gizartearen gogo, nahi eta eraldaketetara zelan egokitu dan ikusiko dogu. Arlo asko jorrau ditu urteotan, tartean, gazteen zinemea, drama soziala, samuraien antxinako filmak, yakuzen noir zinemea edo uhin barriak dalakoa.

Nikkatsu etxeak gai jakin batzuk bere lanen ardatz izan ditu, esaterako, gaztetasunaren ideia amaibakoaren birdefinizinoa 1950eko hamarkadatik aurrera, yakuzak antiheroi moduan, emakumeak gizarte japoniarrean dauen leku eta papela lantzen daben aparteko emakume-erretratuen galeria eta AEBetako okupazinoa eta haren ondorioak.

Ikusgai izango diran pelikula guztien ganeko argibideak, hemen.

Japoniako zinemeari eskainitako atzera begirakoaren ostean, Satyajit Ray (1921-1992) zinemagile indiarraren ziklo prestauko dabe Alondigan, apirilaren amaieran. Rayk 37 film zuzendu zituan, dokumentalak, film laburrak eta abar. Idazlea, editorea, ilustratzailea, diseinatzaile grafikoa eta zinema kritikaria be izan zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu