'Blackie & Kanuto', iretargiraino ames baten bila
2013-02-07 14:51 BarriakArdi baltz baten eta txakur jagole baten arteko abenturea da Blackie & Kanuto. Ames bat lortu guran, iretargiraino heltzeko prest dagoz. Hilaren 10ean, aurre-estreinaldia egingo dabe Bilboko BBK Salan. Euskal Herrian 3D estereoskopioan egindako lehenengo animazinozko lana da.
Ardi baltz baten eta txakur jagole baten arteko abenturea da Blackie & Kanuto. Ames bat lortu guran, Iretargiraino heltzeko prest dagoz. Zezeilaren 15ean ailegauko da zinema-aretoetara, baina lehenago, hilaren 10ean, aurre-estreinaldia egingo dabe Bilboko BBK Salan. Euskal Herrian 3D estereoskopioan egindako lehenengo animazinozko lana da.
BBK Salan bertan izan da aurkezpena, eta bertan izan dira Barton Filmseko Maria Jesus Diaz, Kutxabankeko Alberto Rodriguez, Baleukoko Eduardo Barinaga eta Ivan Oneka zuzendari artistikoa.
Lan nekagarria, baina interesgarria izan dala autortu dau Eduardo Barinaga produktoreak. Izan be, ez da erraza izan beste hiru etxegaz -Baleuko, Art Mell eta Lumiq- behar egitea, Italia, Frantzia eta Euskal Herriaren arteko koprodukzinoa da eta. Danetara, 120 lagun ibili dira sei urtean Blackie & Kanuto sortzen.
Hasiera-hasieratik begitandu jakon erakargarria Barinagari istorioa. Ezinezkoa lortzeko burrukan egin behar da, posible dana lortzeko. Hori da mezua, azaldu dau. Blackie ardi baltza da eta iretargira joan gura dau, ez da kontu erraza. Eta lagun baten bila dabil. Baserriko zaintzaile Kanuto txakurra nahastauko dau abenturan... Eguneroko bizimodua nekez agiri da animazinozko lanetan, normalean fantasia izaten da nagusi. Horrek erakarri eban, atzean daukazan metaforek.
Ikutu europarra emon gura izan deutsie pelikuleari, Ivan Oneka zuzendari artistitikoak azaldu dauenez. Merkatua estandar yankiz beteta dago, horregaitik film desbardina egiten ahalegindu dira. Sei urtean asko ikasi dabela autortu dau, bidaia oso interesgarria izan da, Blackie eta Kanutorena eurena beste.
Familia guztiarentzako animazinozko lana da Blackie & Kanuto, helduek be gozauko dabela begitantzen jake egileei. Angel E. Parientek idatzi dau gidoia eta Francis Nielsenek zuzendu dau. Musikea Xavier Berthelotek sortu dau. 8 miloe euroko aurrekontua izan dau, gaur egun ezinezkoa izango litzateke segueruenik.
Euskeraz eta gaztelaniaz estreinauko da, 3D eta 2D formatuetan. Zezeilaren 15ean Bilboko Golem-Alondiga eta Multis aretoetan izango da, eta ostean beste hainbat lekutan. Ipar Euskal Herrira apirilean helduko da, estadu frantsesean orduan banatuko da eta.
Laster Blackie & Kanuto telesail izango da. ETBk eta TVEk 26 kapitulu produziduko ditue, 11 minutukoak. Euskeraz sortuko dabe, eta ostean gaztelaniaz eta ingelesez zabalduko dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!