Zinegoak jaialdiaren 10. edizinoak mundu osoko 85 lan eskainiko ditu

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-01-24 14:55   Barriak

Hamar urte bete ditu Zinegoak jaialdiak, ia konturatu barik Bilboko Gay-lesbo-trans Nazinoarteko Zinema jaialdiak. Urtarrilaren 31tik zezeilaren 10era bitartean, Euskal Herrian zein nazinoartean egindako 85 lan eskainiko ditue, tartean mundu mailako sei estreinaldi. Gaël Morel aktore eta zinemagile frantsesak jasoko dau Ohorezko Saria.

Hamar urte bete ditu Zinegoak jaialdiak, ia konturatu barik Bilboko Gay-lesbo-trans Nazinoarteko Zinema jaialdiak. Urtarrilaren 31tik zezeilaren 10era bitartean, Euskal Herrian zein nazinoartean egindako 85 lan eskainiko ditue, tartean mundu mailako sei estreinaldi. Gaël Morel aktore eta zinemagile frantsesak jasoko dau Ohorezko Saria.

Javier Regulado Hegoa alkarte antolatzaileko buruak, Pau Guillén Zinegoak jaialdiko zuzendariak eta Bea Majuelo komunikazino arduradunak aurkeztu dabe jaialdia, Bilboko La Bolsa udaltegian.

Urteak arin pasau dira, ia konturatu barik, Javier Reguladoren esanetan. Halanda be, hamargarren edizinora ailegetako esfortzu handia egin dabela gogoratu dau. Ahalegin horren emoitzea hilaren 31tik aurrera ikusteko aukerea izango dogu Bilbon, aurten zazpi aretotan, ganera, Arriaga Antzokia, Bilborock, Guggenheim Museoa, BBK Salea, Alondigea, La Fundición, Fnac eta Fas Zinekluba.

Aurten, 423 lan heldu dira Zinegoakera, igaz baino gehiago. Horreetatik 85 aukeratu ditue, gehienak film laburrak, fikzinozkoak edo dokumentalak. Dokumenal luze eta laburrak be izango dira, fikzinozko luzemetraiak eta lehiaketaz kanpoko metraje laburreko filmak bere bai.

Hiru lan euskeraz

Euskal Herrian produzidutako zortzi beharrek hartuko dabe parte Zinegoaken, inozko gehien, Bea Majuelok nabarmendu dauenez. Hiru, ganera, euskeraz sortutakoak: Morritson eta Gartzia luzemetraia Aiert Goenaga eta Jon Urrazarena; Estereotipoak hausten, EHUko ikaste talde batek genero aniztasuna eta transfeminismoaren inguruan egindako dokumental laburra; eta, Maskarak, Ainara eta Ixotz izeneko Bergarako transexual biren bizipenak, Mondragon Unibersidadeko ikasle talde baten lana. Zinegoaken helburuetako bat bertan egindkao zinemagintzea bultzatzea da, pelikulea honeek ikusita asko poztu gara, ganeratu dau Majuelok.

Nazinoarteko beharrei jagokienez, Cannes, Sundance eta Berlinalen aukeratutako lanak ikusteko aukerea izango da Zinegoaken. Jaialdiko lehenengo egunean, berbarako, Srdjan Dragojevicen Parada proiektauko da, Berlinaleko Panorama sailean Publikoaren Saria jaso dauen lana. Edo, Laurence Anyways, Xavier Dolan zuzendari gaztearen lan barria, Cannesen izandakoa.

Pau Guillének Keep the lights on (Ira Sach, 2012) pelikulea eta Call me Kuchu (Zouhali-Worrall eta Katherine Fairfax Wright) dokumentala nabarmendu ditu. Ira Sachen lanan makina bat sari jaso ditu. Jentea ikusteko gogoz dago, esan dau. Call me Kuchu lanak Ugandako LGTN komunidadearen egoerea azaltzen dau, benetan be gogorra.

Nazinoarteko epaimahaiko burua Ramon Barea aktorea izango da, eta kide izango ditu Lucía Egaña Bartzelonako Muestra Marranako zuzendaria, eta Marta Andreu dokumental produktorea. Aurtengo barritasunen artean dago 1.500 euroko Aniztasuna eta Giza Eskubideen Saria, Bizkaiko Foru Aldundiko Bardintasun, Lankidetza eta Herritarren Eskubideen Zuzendaritza Orokorrak emongo dauena.

Arte eszenikoek leku berezia daukie Zinegoak jaialdian. Egitarau barruan dagoz Daniel Abreuren Nuevamente ante ti fascinado eta Miguel Bonneville performanceak, eta bost urtetik gorako umeentzako Cuando Martina encontrño su historia.

Sail Ofizialetik kanpo lau atal berezi atondu ditu Zinegoakek: Bilgune, zinemagileekaz hurreko hartu-emona izateko gunea; Muestra Marrana, Bartzelonako jaialdiko lanen aukerakeeta; Txistuaren showa, sormen lehiaketa berezia; eta, Zorionak Zinegoak, jaialdiko atzera begirakoa.

Zinegoak 10-en hasiera ekitaldia urtarrilaren 31n egingo dabe, Arriagan. Paul Festaren The Glitter Emergency film laburra proiektauko dabe, eta zuzendariak berak soinu-bandea joko dau biolinagaz. Ostean, Gaël Morelek Ohorezko Saria hartuko dau. Amaiera ekitaldia zezeilaren 9an izango da, BBK Salan, Yogurhina Borovaren gidaritzapean. Sari-banaketeaz aparte, The Hidden Cameras indie-pop-gay-fol talde kanadiarrak eta On d´Rocks bikote elektroniko-burlesqueak emonaldia eskainiko dabe.

Emonaldietako sarrerek igazko prezio bera dabe, bonuak bere bai. Aurrekontua be 2012ko bera da. Zinegoakek erakunde publikoeek eta babesleen laguntzinoa izan arren, Hegoak alkarteak bestelako egoerea bizi dauela azpimarrratu dau Reguladok, gero eta gatxagoa da jaialdira ailegetea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu