Aiora Jakak eta Maialen Marinek txineratik zuzenean euskeratuko dabe Mo Yan Nobel saridunaren ipuin bilduma bat
2013-01-16 13:07 KultureaAiora Jaka eta Maialen Marin donostiarrek irabazi dabe Literaturako Nobel saridunak euskeratzeko AED-k eta Elkar-ek Kutxaren laguntzinoagaz antolatzen daben Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketea. Holan, irabazleek Txineratik zuzenean euskeratuko dabe Mo Yan Nobel saridunaren Shifu yuelaiyue youmo ipuin bildumea.
Aiora Jaka eta Maialen Marin donostiarrek irabazi dabe Literaturako Nobel saridunak euskeratzeko AED-k eta Elkar-ek Kutxaren laguntzinoagaz antolatzen daben Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketea. Holan, irabazleek Txineratik zuzenean euskeratuko dabe Mo Yan Nobel saridunaren Shifu yuelaiyue youmo ipuin bildumea.
Holan erabagi dau Rafa Egiguren, Miren Ibarluzea eta Jesus Mari Olaizola Txiliku idazle eta itzultzaileek osoturiko epaimahaiak, aurkezturiko 23 lanen artean. Antolatzaileek azpimarratu dabe aurkezturiko lanetatik lau zuzenean ibili dirala txineratik, euskal itzultzaileen mailak eta txinatar kulturearen ezagutzak egin daben gorakadearen seinale.
Proiektu guztien artean Jaka eta Marinena aho batez hautatu dau epaimahaiak, bera zalakoan jatorrizkoari ondoen lotzen jakona, batetik, eta euskeraz ondoen funtzionetan ebana, bestetik. Beraz, igazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Mo Yan idazle suediarraren ipuin bilduma bat (behin-behingoz Nagusia gero eta umoretsuago dago izena daroana) euskeratu beharko dau itzultzaile bikoteak, eta 2013ko amaierea baino lehen emongo dau argitara Elkar argitaletxeak.
2002an abiarazo eben Elkar-ek eta AED-k, Kutxaren laguntzaz, Nobel sariduna euskeratzeko Jokin Zaitegi beka hau, eta ordutik ondokoak izan dira sari horri esker itzuli diran liburuak: 2002an, Imre Kerteszen Zoririk ez (Urtzi Urrutikoetxeak itzulia); 2003an, J.M. Coetzee-ren Lotsaizuna (Oskar Arana); 2004an saria hutsik itxi zan; 2005ean, Harold Pinter-en Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk (Iñigo Errasti); 2006an, Orhan Pamuk-en Elurra (Monika Etxebarria eta Fernando Rey); 2007an, Doris Lessing-en Belarra kantari (Koro Navarro); 2008an, J.M.G. Le Clézio-ren Basamortua (Luis Berrizbeitia); 2009an, Herta Müller-en Hatsaren kulunka (Ibon Uribarri); 2010ean, Mario Vargas Llosaren Pantaleon eta bisitariak (Santi Leoné); eta 2011n, Tomas Tranströmer-en Bizientzat eta hilentzat (Juan Mari Aguirreurreta).
Irabazleak
Maialen Marin Lacarta (Donostia, 1983) Itzulpengintzan lizentziau zan Bartzelonan, Ingeles eta Txinera espezialidadean, eta baditu masterra eta doktoretzea be. Tesian, egungo txinatar literaturea Espainian zelan itzuli dan aztertu dau, Mo Yan-en kasua bereziki landuz.
Unibersidadeko ikerketan eta irakaskuntzan lan egin izan dau, artikulu espezializatu askoren egilea da, eta literatur itzulpenak be egin izan ditu, txineratik gaztelaniara. Egun Herbehereetan bizi da.
Aiora Jaka Irizar (Donostia, 1982) Itzulpengintzan lizentziaturea, masterra eta doktoretzea ditu Euskal Herriko Unibersidadean (EHU). Tesia Sarrionandiaren itzulpen-lanaz egin dau eta oraintsu argitaratu dau Euskaltzaindiak. Gasteizko Letra Fakultadean irakaslea da, eta hainbat artikulu espezializatu eta literatur itzulpenen egilea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!