55 lan ikusgai FIPA jaialdian
2013-01-15 13:59 BarriakFIPA, Nazinoarteko Ikus-entzunezko Telebista Saioen jaialdiaren 26. edizinoa hilaren 22tik 27ra izango da aurten, beti legez Miarritzen. Sail ofizialean, danetara 55 lan lehiatuko dira, bost ataletan banatuta.
FIPA, Nazinoarteko Ikus-entzunezko Telebista Saioen jaialdiaren 26. edizinoa hilaren 22tik 27ra izango da aurten, beti legez Miarritzen. Sail ofizialean, danetara 55 lan lehiatuko dira, bost ataletan banatuta.
Danetara, 381 saio ekarriko ditue aurten, 1.150 ingururen artean hautatu dituenak. Saio horreetatik gehienak profesionalen arteko merkatuan, hau da, Fipatelean bakarrik izango dira. Horreen artean izango da Barrura begiratzeko leihoak, Mireia Gabilondo, Eneko Olasagasti, Txaber Larreategi, Enara Goikoetxea eta Josu Martinezen dokumentala. Fipatela profesionalentzako baino ez da. FIPA sarien lehian izango diran saioak, barriz, 55 dira, fikzinoak, serieak, dokumentalak, erreportajeak eta musika eta ikusgarrietan berezituak. Beste hainbeste badira lehiaketatik kanpo be, nazinoarteko sorkuntzearen barri emon nahi dabenak, eta, horreen artean, tarte berezi bat eskainiko deutsie gazteriari. Euskaldunon ekarpenari jagokonez, sail ofizialetik kanpo Oskar Alegria iruindar zinema zuzendariak eta Ramuntxo Garbisu baionarrak La Casa Emak Bakia eta Sur les pas de Jakes dokumentalak aurkeztuko ditue.
Lehen Mundu Gerratik hasita, joan dan mendeko guda nagusiak barriro pantailara ekartzen dituen hainbat filmek osotzen dabe aurtengo selekzinoa. Horreen artean, Philip Martinen Birdsong fikzinoa dago —Sebastian Faulksen eleberria pantailaratzen dau—. Michael Gaumnitzek Seuls contre Hitler dokumentalean, nazismoaren kontra dagoan Otto eta Elise Hampel Berlineko bikotearen bizitza eta heriotzea jorratzen ditu. Argentinako desagertuak be FIPAn izango dira Alexandre Valentiren erreportajeagaz eta 1974ko Mexiko Flor en Otomí Luisa Rileyen dokumentalagaz.
Zenbait gai nagusi bereiztekotan, Txinari eskainitako saioak nabarmendu ditue antolatzaileek, besteak beste, Fanny Tondreren Monsieur et Madame Zhang dokumentala.
Publiko zabalarentzat ez eze, lanak saldu edo erosteko aukerea be izango da telebista munduko profesionalentzat. Ikusleak film bakotxa 3 edo 5 euroan izango dau; eguna, 8 euroan, eta astea, 25ean.
Jaialdia arduradun talde barriagaz dator. Batetik, Didier Decoin presidentea, idazle eta gidoi egilea dana. Goncourt saria eskuratu eban John l'enfer eleberriagaz, 1977an. Frantziako Cesar zinema sarietako hautatzaile bat be bada. Eta François Sauvagnargues ordezkari nagusia, bestetik. Oraintsura arte, Arte telebista kateko fikzinoen arduradun izana da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!