Bilboko FAS zinekluba, 60. urteurrena ospatzeko prest

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-12-18 14:25   Barriak

Bilboko FAS zineklubak egitarau bereziagaz ospatuko dau 60. urteurrena. Estreinaldiak, ziklo bereziak, berbaldiak eta zinemagileen bisitak izango ditue 2013. urte osoan. Urtarrilaren 8an abiatuko dabe urtemugea.

Bilboko FAS zineklubak egitarau bereziagaz ospatuko dau 60. urteurrena. Estreinaldiak, ziklo bereziak, berbaldiak eta zinemagileen bisitak izango ditue 2013. urte osoan. Urtarrilaren 8an abiatuko dabe urtemugea, Ander Mendiaren Beerburg eta Harold Lloyden Safety Last! lanen proiekzinoagaz.

Txaro Landa FASeko presidenteak, Txus Retuerto presidenteordeak eta Bilboko Udaleko Ibone Bengoetxea Kultura eta Hezkuntza zinegotziak aurkeztu dabe 60. urteurreneko programazinoa.

FAS zinekluba 1953ean sortu zan, eta ordutik programazino egonkorra izan dau urte osoan, martitzenero Indautxuko El Carmen aretoan. Urteurrena dala-eta ez dabe gauza ikusgarririk antolatu, normalean egiten doguna prestau dogu, baina hitzordu berezi batzukaz, azaldu dau Retuertok.

Kalidadezko zinemea eta egile lanen aldeko apostua dira, Bengoetxearen esanetan, FASen arrakastearen arrazoi nagusiak. Martxan dagoan Europako zineklub zaharrenetakoa dala gogoratu dau, eta gaur egun eusteak gure errekonozimendua merezidu dauala. FASek Bilboko Udalak antolatutako hiru zinemaldiakaz kolaboretan dau, FANT zinema fantastikoaren jaialdia, Zinebi film labur eta dokumentalen festibala eta Zinegoak zinema gay-lesbo-trans jaialdiagaz, hain zuzen be.

Urtarrilaren 8an egingo dabe 60. urteurrenaren inaugurazino ekitaldia Indautxuko El Carmen aretoan, 19:45ean. Ander Mendiak aurten egindako Beerburg film laburra eta Harold Lloyden 1923ko Safety Last! film luzea proiektauko ditue. Ostean, Iñaki Lopez kazetariak barriketaldia zuzenduko dau.

Urtarrilean beste hiru saio atondu ditue: 15ean, Amour (Michael Haneke, 2012), Juan Zapater zinema kritikari eta BilbaoArteko zuzendariak aurkeztuta; 22an, Madrid 1987 (David Trueba, 2011), Truebak berara aurkezpenagaz; eta, 29an, Moonrise kingdom (Wes Anderson, 2012) lana. Emonaldi guztiak 19:45ean hasiko dira.

Urte osoan hainbat ekitaldi antolatuko ditu FASek. Txaro Landa presidenteak zinemagile ezagunen bisitak nabarmendu ditu. Hain zuzen be, David Trueba, Pablo Berger, Enrique Urbizu, Michel Gaztanbide, Asier Altuna eta Javier Rebollo izango dira zineklubeko barriketaldietan. Urte amaieran, ganera, Peter Greenway zinemagile eta artista britainiarra etorriko da.

Jentea FASera hurreratzea da gure helburua. Zinekluba zabalik dago edonorentzat, azpimarratu dau Landak. FASek bazkideak ditu, baina antolatzen dituen emonaldi eta bestelako jardueretan gura dauenak parte hartu leike. Jatorrizko bersinoko zinemea eskaintzen dau FASek, eta ondoren berbaldiak eta eztabaidak antolatzen ditue lanetan sakontzeko.

Horrezaz gan, ziklo berezi atondu ditue 2013. urtean, bata zinema klasikoaren ganekoa, eta bestea, euskal zinemagileek egindako film laburrei buruzkoa.

FAS zineklubak 150 bazkide ditu gaur egun, tartean hainbat personaia ezagun, Alex de la Iglesia, Pedro Olea eta Santos Zunzunegi. Martitzenero areto komerzialetan lekurik ez dauken lanak eskaintzeko ahalegina egiten dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu