Bizkaiko gastronomiaren unibersaltasuna eta baloreak zabalduko ditue dokumental baten bidez
2012-12-17 14:42 BarriakBizkaiaerara/a la bizkaina izeneko dokumentala Aritz Galarza zinemagileak zuzendu dau, geurean dagozan sukaldari ezagunen parte-hartzeagaz. Makailaoa bizkaitar erara zelan egiten dan erakusten da eta Bizkaiko kulturan eta bizimoduan saltsa horrek daukan eragina.
Bizkaiaerara/a la bizkaina izeneko dokumentala Aritz Galarza zinemagileak zuzendu dau, geurean dagozan sukaldari ezagunen parte-hartzeagaz. Makailaoa bizkaitar erara zelan egiten dan erakusten da eta Bizkaiko kulturan eta bizimoduan saltsa horrek daukan eragina. Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz, dokumentala nazinoarteko jaialdietan aurkezteko asmoa daukie, Bizkaiko gastronomia atzerrian erakutsi eta bertoko lan egiteko modua zabaltzeko.
Osogai arruntak ditu saltsa bizkaitarrak, sinpleak; horregaitik, harrigarria da ze goi mailako platera dan era horretan preparautako makailaoa, adierazo dau Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, dokumentala aurkezteko Bilbon egin dan ekitadian. Bilbaoren esanetan, bertokoak ez eze, kanpotarrak be erakarten ditu gure gastronomiak eta, makailaoa bizkaitar erara gure sukaldaritzearen gailurretako bat danez, aproposa begitandu jako Foru Aldundiari Aritz Galarzaren dokumentala erabiltea, ez bakarrik gure gastronomia zabaltzeko, baita Bizkaiaren baloreak mundu zabalean aurkezteko be. Bizkaiak daukazan balioek desbardin egiten dabe', adierazo dau Bilbaok.
Bizkaiaerara dokumentala Bizkaiko goi mailako sukaldarien lana erakusteko sortu dau Aritz Galzarzak. Jose Luis Bilbaoren ustez, gure sukaldariek prestigioa daukie eta horri eutsi deioen lan egin behar dogu, gastronomiak lanpostuak eta aberastasuna ekarten deutsaz Bizkaiari. Era berean, dokumentalari esker, saltsa bizkaitarra hobeto ezagutu ahal izango dabe bizkaitar zein kanpotarrek. Saltsa bat baino gehiago da, poderetsuenen mahai dotoreetara heldu da, baina familia tradizionalenaren sustengu be izan da sarri, azaldu dau Aritz Galarza zuzendariak.
Dokumentalak lau zati ditu. Lehenengoan, lan antropologikoa, historikoa egiten da, Galarzaren esanetan. Makailaoa preparetako modu hori nondik datorren, ze beste herritan erabili izan dan eta abar azaltzen da, Jose Angel Iturbe adituaren laguntzinoagaz. Bigarren zatian, gaur egun noraino heldu dan esaten jaku, Sao Paulon, New Yorken, Londreseko Olinpiadetan eta abar probau ahal izan dabe makailaoa bizkaitar erara. Hirugarren atalean, alkarrizketak egin ditu Aritz Galarzak. Bizkaiko sukaldari ezagunenek parte hartu dabe, besteak beste, Aitor Elizegi, Eneko Atxa, Josean Martinez Alija eta Fernando Canalesek. Leku adierazgarrietan egin deutsiez alkarrizketok, Galea lurmuturrean edo San Mames futbol zelaian, berbarako. Amaitzeko, laugarren atalean, sukaldari guztiak alkartu zituan batzarra jaso dau Galarzak dokumentalerako: Sektore gastronomikoko persona ezagunenak batuta ikustea gauza ederra da, ganera giro ona egon zan batzar haretan, gogoratu dau zuzendariak.
Mundu osora proiektau nahi doguz geure sukaldaritzearen baloreak, azaldu dau Jose Luis Bilbaok. Holan ba, nazinoarteko zinema jaialdi batzuetan egongo da Bizkaiaerara dokumentala: Amsterdango Food Fim Festival, Getxoko Zinegourland, Donostiako Zinemaldia, Bartzelonako Film&Cook, Berlin Culinary Cinema, New York Food Film Festival eta Ottawako Reel Food Festival bisitauko ditu, besteak beste, Aritz Galarzaren lanak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!