Bernuesen 'Desentxufatuak' lanak irabazi dau Lekeitioko Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra
2012-12-03 11:49 BarriakDavid Bernues iruindarraren Desentxufatuak lanean, surrealismo kutsuko fikzinoko film laburrean, gizarte bazterketeari buruz jardun dau zinemagileak.
Lekeitioko 35. Zine Bilera sano arrakastatsua izan da, publiko fidela da Zine Bilerakoa eta Urko Aristik aurkeztutako amaierako ekitaldia emozinoz betetakoa izan zan. Bertan ziran filmen egileak, eta sariak banatzen antolatzaile eta zuzendariak, kultur eta euskera zinegotziak eta Maitane Larrauri alkatea. Konbidatuen artean Aizpea Goenaga Etxepare institutukoa izan zan eta Aukeran jantza taldekoek girotu zituen urduritasun danak.
Aurten 30 lan izan dira lehiaketan eta beste bi lehiaketaz kanpo. Kalidade oneko lanak izan dira Zine Bileran epaimahikoek adierazo dabenez eta jenteak be txalo zaparradeagaz hartu ditu ikusitako lanak. Kepa Arruza, Kultur Zinegotziak eta epaimahaikideak be aurtengo edizinoko kalidade bikaina nabarmendu dau eta amateur batzuen profesionalatasuna be deigarria izan dala. Arruzak esan dau irabazleak aukeratzeko orduan oinarrizkoa dala filma biribila izatea, alde bisuala eta filmaren sinisgarritasuna kontuan hartuta.
Joseba Zuberogoitia antolatzailea pozik azaldu da eta balorazino sano positiboa egin dau eguraldiak lagundu ez arren, ikusle ugari hurreratu dalako lanak ikustera eta egileei babesa emotera.
35. Zine Bilerako irabazleak
35. Euskal Zine Bilerako epaimahaiek (Jokin Oregi, Kepa Arruza, Zuhar Iruretagoiena, Mario Ortiz) ondoko ebatzia emon dabe:
- Dokumental eta erreportaje arloan:
Amateurren artean:
1. Saria: Pello Salaberriaren Crosss culture surf, part 1 lanhinch, 1.200 euro eta zilarrezko antzarra.
2. Saria: Eider Etxebeste eta Maialen Kaltzakortaren Potxuak kaleak hartzen, 800 euro eta antzarra.
Profesionalen artean:
1. Saria: Carlos Iglesias Serranoren Gure arbasoen ogibidea, 1.600 euro eta zilarrezko antzarra.
2. Saria: Dragoi Produkzioak-en Arrasate 1936: emakumea, gerra eta errepresioa, 1.100 euro eta zilarrezko antzarra.
- Argumentuzkoen arloan:
Amateurren artean:
1. Saria: Irune Gurtubairen The zealot, 1.200 euro eta zilarrezko antzarra.
2. Saria: Iñigo Lopez Castañedaren Tortilla, 800 euro eta antzarra.
Profesionalen artean:
1. Saria: Jose Mari Goenagaren Lagun mina, 1.600 euro eta zilarrezko antzarra.
2. Saria Gregorio Muro Harrieten Zeinek gehiago iraun, 1.100 euro eta antzarra.
- Sormenezkoen arloan:
Amateurren artean:
1. Saria: Mentxu Sesar Iglesiasen Gozo eta hits, 1.200 euro eta antzarra.
2. Saria: Asier Sustaeta Zabalaren Oinaze egoitzak, 800 euro eta antzarra.
Profesionalen artean:
1. Saria: David Bernues Suarezen Desentxufatuak, 1.600 euro eta zilarrezko antzarra.
2. Saria: Iban del Campo Uribarrenaren Kate begitik, 1.100 euro eta antzarra.
Azken buruan, epaileek aitamen berezi bat egin nahi izan deutsie originaltasunagaitik Telmo Esnalen Hamaiketakoa lanari.
Amaitzeko, epaimahaiak aurkeztutako ikus-entzunezko guztien artean, lan onenaren saria David Bernuesen Desentxufatuak lanari emotea erabagi dau.
Benito Ansola Saria
Amaiera ekitaldian, Benito Ansola Sarien irabazleak aurkeztu zituan Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoak. Bigarren edizino honetan, Maria Elorzak (Donostia, 1988), Maider Fernandezek (Donostia, 1988) eta Aitor Gametxok (Lekeitio, 1989) irabazi dabe saria, Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa proiektuagaitik. Ikus-entzunezko lana produziduteko 4.000€ jasoko ditue, eta film laburra 2013ko bagilaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dabe.
Benito Ansola Sariak Topaguneak sortu zituan 2010ean, euskal kulturea zabaldu eta ikus-entzunezkoen produktore gazteei laguntzinoa emoteko. Lehen edizinoan David Zabalaren eta Paul Urkijoren Ohe azpiko zera eta Joseba Uberuagaren Izena duena lanak izan ziran irabazle. Ikus-entzunezko horreen trailerrak eta Benito Ansolari buruzko informazino guztia webgunean topau daiteke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!