Zinebi 54K Pedro Olearen 'Ballets Olaeta. Una vida en danza' dokumentalaren aurrerapena aurkeztuko dau primizian

Bizkaie! 2012-11-16 13:01   Barriak

Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi zikloaren barruan, Ballets Olaeta. Una vida en danza, Pakea Bizkaia. Expedición Groenlandia y Terranova eta Patria estreinauko ditue astegoienean Zinebiren barruan.

Aurreko edizinoetan legez, Zinebi, Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldiak arreta berezia eskainiko deutse azken aldian egindako euskal produkzinoei, lehiaketaz kanpo dagoan Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi zikloaren barruan. Danetara, bost lan aurkeztuko dira, eta horreetako hiru bihar, zapatuan, hilak 17, arratsaldeko 20:00etan estreinauko dira, Guggenheim Museoan, Arte Ederren Museoan eta Kale Nagusiko BBK Aretoan.

Pedro Olea bera izango da, Olaeta ballet ezagunen fundazinoari buruzko gorabehera historikoak euskaldunon oroimen kolektiborako berreskuratzera bideratutako Ballets Olaeta, una vida en danza lanaren behin betiko muntaiaren aurrerapena aurkeztuko dauena (arratsaldeko 20:00etan, Kale Nagusiko BBK Aretoan).

IDEM 4k produzidu, eta Alberto Lopez Exhevarrieta zinema idazlea gidoilari dauen lan horrek, ballet ezagunaren sorrerea aztertzen dau, hasiera-hasierako pausuetatik hasita: Segundo Olaeta sortzaileak 1919an lehen euskal jantza tradizionalen inguruan tokian tokiko lanak egin zituan garaikoak jasoten ditu; Gerra Zibilean Frantziara iges egin behar izan ebanekoak; Oldarra taldeagaz itzuli zanekoak; Bilbon lehen jantza eskolea sortu ebanekoak; eta nazinoarte mailan ezaguna egin zanekoak.

Ordu berean, baina Guggenheim Museoaren auditorioan, Pakea Bizkaia. Expedición Groenlandia y Terranova (Juanfe Garcés / Iker Basurko. Euskadi, 2012. 50 min.) lana estreinauko da. Unai Basurko itsasgizon profesionalak bultzatutako gizarte-hezkuntza egitasmoari buruzko bigarren dokumentala da, Pakea Bizkaia. De la competición a la educación izenekoaren ondoren.

Maider Egüesen gidoia dauen dokumentalak, gure historiako jazoera batera hurreratzen gaitu. Izan be, XVI. mendetik, gure arbasoak Groenlandiako eta Ternuako kostalderaino joaten ziran, makailaoaren bila eta baleak harrapatzera. Milaka eta milaka marinel abiatu ziran, eta horreetako asko ez ziran bueltau, euren bizia itsasoan itxi eben. Pakea Bizkaia itsasontziak 2011n egin eban ibilbide hori, marinel hareen omenez. Egitasmoaren helburuak ozeanoz gaindiko hartu-emonak ezartzea eta gizarteari gure itsasoak jagoteak dauen garrantzia helarazotea ziran, eta helburuak bete egin zirala esan daiteke.

Amaitzeko, Arte Ederren Museoak, Artziniegan errodautako Patria (Algis Arlauskas. Euskadi-Errusia, 2012. Fik. 114 min.) filmaren estreinaldia jasoko dau. Fikzinozko film luze berezi hori, Euskadiko ikus-entzunezko industriak Errusiagaz alkarlanean egindako lehen lana izango da, segurutik. Algis Arlauskas zinemagileak, Bilboko Ánima Eskola antzerki eta zine eskolako zuzendariak, zuzendutako lana, Assumpta Serna protagonista dauen eta Euskal Herriko eta Errusiako aktore talde bikainak osotzen dauen dramea da.

Africa de las Herasen istorioa, nobela itxurako trama gorabeheratsua da. Ceutan jaioa, KGBn Patria ezizenez ezagutzen eben. Hainbat hamarkadatan Sobiet Batasuneko espia ezaguna izan zan Europan eta Latinoamerikan. Mexikon, Leon Trotskiren hilketan zuzenean parte hartu eban. Norvegian, Mexikon, Frantzian, Argentinan eta Uruguayn, inor konturatu barik sartzeko gaitasuna izan eban. Azken haretan, gainera, gizon bategaz ezkondu zan, baina harek ez eban sekula ezagutu Africaren benetako lana.

Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi zikloa, Joseba Gorordo zinemagile gaztearen La Otxoa. La vida sin complejos dokumentalaren estreinaldiagaz (zemendiaren 22an, arratsaldeko 20:00etan, Guggenheim museoan), eta Ana Murugarrenen La dama guerrera. La leyenda de Ana Velasco fikzinozko filmagaz (zemendiaren 20an, arratsaldeko 20:00etan, Arriaga antzokian) osotuko da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu