Bernardo Atxagaren 'Obabakoak' liburua aztergai Bilbo Zaharra euskaltegiaren jardunaldietan

Bizkaie! 2012-11-13 11:56   jardunaldiak

Bilbo Zaharra Euskaltegiaren ekinbidez, 2013ko bagilaren 13an, Klasikoen Irakurketa Jarraituan Atxagaren Obabakoak izango da protagonista, lehenengo argitalpenaren 25. urteurrena aprobetxauko dabe klasiko bihurtutako lanari merezidutako gorazarrea egiteko.

Datorren urtean Obabakoak liburuaren lehenengo argitalpenetik 25. urte beteko dirala eta, Bilbo Zaharra Euskaltegiak makinatxu bat ekitaldi antolatu ditu urteurren horren inguruan. Data gogoangarria, duda barik, euskaltzale guztiontzat, eta batez be, Bilboko euskaltzaleontzat, izan be, liburua oso lotua dago, aldez edo moldez, Bizkaiko uriburuari. Atxagak berak behin baino gehiagotan autortua dauenez, Bilbo erabakiorra izan zan haren bizitzan. Beraz, 2013ko bagilaren 13an, azken bost urteotan egin daben Klasikoen Irakurketa Jarraituan Atxagaren Obabakoak izango da protagonista, urteurrena aprobetxauko dabe klasiko bihurtutako lanari merezidutako gorazarrea egiteko.

Ereinek argitaratu eban Obabakoak lehenengoz, 1988an, Arriaga Antzokiaren irudi zaharra azalean eukala. Obabakoak izenburuaren jatorria Atxagak berak azaldu izan dau sarri: Bilbon bizi nintzan, hemengo apopilo-etxe batean, eta etxe horretako ugazaba-andrea Zeanurikoa zan, eta gainera zan Deustuko karamelu saltzailea. Ni bere etxean egoten nintzan apopilo, esan dodan lez, eta halako batean magnetofoi bat erosi neban eta, probatzearren edo, esan neutsan andre horri zeozertxu kantetako. Nik espero neban berak halako kanta arrunten bat edo ezagunen bat kantauko eustala; eta hor non andre hori hasi zan Obabatxue, Obabatxue sehaska-kanta kantetan. Besterik ez zan behar izan.

Beste alde batetik, ohiko jardunaldiak be antolatu ditu Bilbo Zaharrak Euskaltzaindiaren egoitzan. Lehenengoko hiruhilekoan Paisaiaren adiera izango da aurreikusitako berbaldien loturea, eta bertan Maialen Lujanbiok, Harkaitz Canok, Anarik eta Iñigo Aranbarrik parte hartuko dabe Obabakoak-en presentzia daben gaiak jorratzeko. Jardunaldiokaz abiatuko da klasikoen gaurkotasuna aldarrikatzeko egiten daben urteroko ekimena.


Bilbo Zaharraren Obabakoak Jardunaldiak:

Gaia: Paisaiaren adiera

- Zemendiak 20. 19:00etan, Maialen Lujanbio bertsolaria eta Harkaitz Cano idazlea.

- Zemendiak 21. 19:00etan, Anari abeslaria eta Iñigo Aranbarri idazlea.

- Zemendiak 22. 19:00, Joxeanjel Arbelaitzen Leku hutsak, hitz beteak dokumentalaren proiekzinoa. Zine forum.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu