Bizkaitarren lanak izango dira nagusi Lekeitioko 35. Zine Bileran
2012-11-09 13:30 BarriakIgaz baino hiru film gitxiago lehiatuko dira aurten, 30 film labur, hain zuzen, Urrezko Antzarra eskuratzeko asmoz, Lekeitioko 35. Euskal Zine Bileran. Zemendiaren 26tik abenduaren 1era bitartean izango dira euskera hutsean egiten dan zinemaldi bakarraren emonaldiak.
Igaz baino hiru film gitxiago lehiatuko dira aurten, 30 film labur, hain zuzen, Urrezko Antzarra eskuratzeko asmoz, Lekeitioko 35. Euskal Zine Bileran. Zemendiaren 26tik abenduaren 1era bitartean izango dira euskera hutsean egiten dan zinemaldi bakarraren emonaldiak, eta tartean lehiaketaz kanpo geratu diran beste bi lan be proiektauko dira Lekeitioko Ikusgarri aretoan.
Ohikoa dan lez, antolatzaileek hiru mailatan sailkatu ditue lanak: Argumentuzkoak; Dokumental edo Erreportajeak; eta Sormenezkoak, maila bakoitza lan profesional eta amateurren artean be banatuz. Igaz lehenengo aldiz profesionalen parte hartzea amateurrena baino altuagoa izan bazan be, aurten aspaldiko partez, bizkaitarrek egindako lanak gipuzkoarrenak baino gehiago izango dira, danetara, hamasei, eskualdeko bost, horreetako hiru lekeitiarrenak; Nafarroatik beste bi izango dira.
Danetara, 30 lan ikusteko aukerea izango bada be, 35 izan ziran parte hartzeko aurkeztu ziranak, baina horreetako bost ez dira lehiatuko antolatzaileek jarritako arauak ez beteteagatik. Halan da be, horreetako bi ikusteko aukerea izango da lehiaketaz kanpo: Urko Olazabal eta Xutek aurkeztutako Lekeitio, arteak kalean erreportajea, zemendiaren 28an eta Koldo Lenizen Emakumeen Ahalduntzea, aldaketarako giltza dokumentala 29an; bata zazpi minutukoa eta bestea ia ordu betekoa.
Mailaka ikusita, sormenezko lanak dira gehienak, danetara 14, 5 profesionalenak eta 9 amateurrenak, argumentuzkoak bederatzi eta Dokumental eta Erreportajeak zazpi diran bitartean. Saio guztiak, astelehenetik zapatura bitartean, arratsaldeko 19:30ean hasiko dira. Azken emonaldia abenduaren 1ean izango da eta haren ostean emongo ditue maila bakotxari jagokozan zilarrezko antzarrak eta irabazle nagusiaren urrezkoa. Tartean, Aukeran jantza taldearen ikuskizuna be izango da.
Beste alde batetik, aurten be Benito Ansola bekea nortzuk jasoko daben jakitera emongo da amaiera ekitaldian. Topaguneak euskal kulturea zabaldu eta ikus-entzunezkoen produktore gazteak laguntzeko asmoz antolatzen dauen egitasmo honetan lau lan aurkeztu dira aurten eta 4.000 euroko bi beka banatuko dira euren artean, gero irabazleek urtebete izango dabe aurkeztutako gidoia gauzatu eta 2013ko Euskal Zine eta Bideo Bileran film moduan aurkezteko. Lekeitioko ekimen honen hasieratik antolatzaile lanak egiten dabilen Benito Ansolaren izena daroan egitasmo hau bi urteko zikloetan egiten da eta igaz Ohe azpiko zera eta Izena duena film laburrak estreinetako aukerea eskaini eban Ikusgarri zineman.
Lekeitioko 35. Euskal Zine Bileraren egitarau osoa ikusteko klik egin hemen
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!