Hemen da aurtengo PreZinebi egitaraua

Bizkaie! 2012-11-05 14:50   Barriak

Zinebi Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldiaren 54. edizino zemendiaren 16an hasiko da, lehenago, hilaren 9tik aurrera, PreZinebi egitarauari ekingo deutse. PreZinebiko emonaldi guztiak doban dira. Javier Gullón Hierro filmearen gidolariaren berbaldiak abiatuko dau zemendiaren 9an PreZinebi.

Zinebi Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldiaren 54. edizino zemendiaren 16an hasiko da, lehenago, hilaren 9tik aurrera, PreZinebi egitarauari ekingo deutse. Bosgarren urtez, EAEko ikus-entzunezko sektorean lan egiten daben erakunde, talde, alkarte profesional eta prestakuntza zentroek hartuko dabe parte. PreZinebiko emonaldi guztiak doban dira.

Javier Gullón Hierro filmearen gidolariaren berbaldiak abiatuko dau zemendiaren 9an PreZinebi. Gullonek zinemarako istorioak eregiteko daukan modu personala azalduko dau.

Astegoienean, ZinebiExpress lehiaketearen bosgarren edizinoa egingo dabe, mundu osoko zuzendariei edegitako sariketea. Parte-hartzaileek zemendiaren 10ean emon behar dabe izena, Bilboko Campos antzokiko ataria, 9:30etik 10:30era. Momentu horretan esango dabe zein izango dan film laburren gaia. Antolatzaileek DV zinta bana emongo deutse, 48 orduan garatu beharko dabe pelikulea. Beharrak leku berean entregau behar dira, astetelehenean, zemendiak 12, 18:30tik 19:30era. Lanek gitxienez 3 minutu eta gehienez 10 minutu iraungo dabe. Lehiaketearen oinarriak: www.zinebiexpress.com.

Irabazleak 700 euroko saria jasoo dau, eta bigarrenak, 400 eurokoa. Aurten, barrikuntza bat dago: hirugarren saria. Aux aldizkariak babestutako saria da. Irabazleen barri zemendiaren 15ean emongo dabe, 20:00etan, Campos antzokian bertan.

Zapatuan, zemendiaren 10ean, Emakumeek egindako Zinemeari buruzko Bilboko Erakustaldia izango da. Ellas son África (Patricia Ferreira / Chus Gutiérrez / Laura Mañá / Inés París, 2011) film luze dokumentala aurkeztuko dabe. Saioa 20:00etan hasiko da, eta Chus Gutiérrez zinemagilea bertan egongo da.

Datorren asteko programazinoa, 2011n zinema eskoletako eta ikus-entzunezko prestakuntza zentro publikoetako eta pribaduetako ikasleek egindako lanen aurkezpenagaz hasiko da. Ekitaldian EHUko Gizarte Zientzia eta Komunikazino Fakultadeak, Erandioko Tartanga Institutuak, Anima Eskolak eta Euskadiko Zinema Eskolak hartuko dabeparte. Lanak hilaren 12an eta 13an proiektatuko dira, 20:00etatik aurrera, Camposeko Kupula aretoan.

FAS zineklubari jagokonez, Telmo Esnalek 2011n zuzendutako Urte Berri On, Amona! euskal film luzea eskainiko dabe, hilaren 13an. Zuzendariagaz batera, Nagore Aranburu eta Kontxu Odriozola protagonistetako bi eta Javi Agirre argazki-zuzendaria izango dira bertan. Topaketearen amaieran, Los Fastuosos de la Ribera laukote bilbotarrak rhythm’blues eta rock&roll kontzertua eskainiko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu