Sail barri bi eukiko ditu aurten Zinebi jaialdiak

Dabi Piedra 2012-10-29 14:19   Barriak

Sail ofizialetik kanpo, atal barri bi aurkeztuko ditue aurten. Bata, Beautiful Docs izenekoa. Mundu zabaleko dokumental luzeak batuko ditue. M-15 mobimentuari buruz Andres Linaresek egin dauen pelikulea be sartuko dabe sail horretan, hori erabateko estreinaldia izango da. Info World saila be aurten esteinauko dabe eta Info Euskadi eta Info Spain sailen osogarri izango da.

Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldiaren 54. ekitaldia izango da zemendiaren 16an hasiko dana. Genero ugaritako sormen lanak ikusteko aukereagaz batera, zinemagile ezagunak etorriko dira Bilbora, esate baterako, ohorezko Mikeldi saria jasoko dauen Carlos Saura. Lehiaketa ofizialean, bestetik, 72 lanek parte hartuko dabe eta sail barri bi egongo dira, Beautiful Docs eta Info World izenekoak.

Euskal film asko dakarguz aurten, azpimarratu dau Ernesto del Riok, Zinebi jaialdiko zuzendariak. Bertoko begiradak sailean, adibidez, Olaeta Balletari eskainitako filma aurkeztuko dau Pedro Olea zinemagile ezagunak eta Joseba Gorordok La Otxoa artistearen ibilbidearen ganean egindako pelikulea be proiektauko dabe, besteak beste. Ernesto del Rioren ustez, aurtengo edizinoan, dokumentalen alorrean emon dau euskal zinemeak neurria, bide luzea geratzen jako gure zinemeari, baina dokumentalen atalean aurreratuago gagoz.

Nazinoarteko filmak ikusteko aukerea be zabala izango da. Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko kultura zinegotziak azpimarratu dauenez, atzerrian be ospea lortu dauen jaialdia da Zinebi, bere alorrean, Europako jaialdirik beteranoenetakoa da. Ernesto del Riok ganeratu dauenez, gaur egun, gero eta aukera txikiagoak dagoz zinema pantaila handian ikusteko, guk horri aurre egin nahi deutsagu. Sail ofizialerako, 3.500 pelikula aurkeztu ziran eta 72 aukeratu ditue. Betiko legez, urrezko eta zidarrezko Mikeldiak banatuko deutsiez onenei, fikzinoaren, dokumentalaren eta animazinoaren ataletan. Animazinoan salto handia igarri dogu aurten, film asko jaso doguz, nabarmendu dau del Riok.

Sail ofizialetik kanpo, atal barri bi aurkeztuko ditue aurten. Bata, Beautiful Docs izenekoa, egiten zan orain dala urte batzuk, eta berreskuratu egin dabe. Mundu zabaleko dokumental luzeak batuko ditue, nazinoarteko jaialdi ezagunen panoramea ezagutu ahal izango da, film nabarmenenak ekarriko doguz, dino Ernesto del Riok. M-15 mobimentuari buruz Andres Linaresek egin dauen pelikulea be sartuko dabe sail horretan, hori erabateko estreinaldia izango da. Info World saila be aurten esteinauko dabe eta Info Euskadi eta Info Spain sailen osogarri izango da. Aitatzekoa da, era berean, Arantza Urretabizkaiak Zinebin parte hartuko dauela, Espectador in fabula sailean. Euskerazko narrazino labur bat eroango dau Urretabizkaiak, zinemea eta ikusentzunezko produkzinoa literatureagaz lotzen dituana.

Aurten, Ohorezko Mikeldi Saria, Carlos Saura zinemagile espainiarrak jasoko dau, eta bigarren Mikeldia, Patrice Chereau frantsesak. Ganera, Jean-Claude Carriere gidoilari beteranoari be omenaldia egingo deutsie, Europako zineman protagonismo handia euki dau Carrierek, film garrantzitsu askotan parte hartu dau, azaldu dau Luis Egiraun Zinebiko programatzaileak. Saura, Chereau eta Carriere, hirurak egongo dira Bilbon datozan egunetan. Zinebilab atalagaz jarraituko dabe aurten, bestalde. Oraingoan, krisi ekonomikoa gogoan, low cost edo kostu txikiko zinemagintzearen inguruan eratu dabe zinemazaleentzako tailer hori. Alde batetik, baliabide gitxigaz egindako filmak aztertuko ditue eta, bestetik, merkadura atara barri diran zinema-tresna merkeak erakutsiko ditue, produkzinoen kostua gitxitzen lagundu leikienak.

Epaimahaiaren aniztasuna azpimarratu dau Luis Egiraunek, batez be, geografikoki. Filipinetako Khavn de la Cruz, Lina Al Abed siriarra, Alan Griffin australiarra eta Gracia Querejeta espainiarra izango dira epaimahaiko kide, euskal zinemearen ordezkari Jon Mikel Eubagaz batera. Epaimahaiari be omenaldi antzekoa egingo deutsie, kideen pelikulak proiektauko ditue horretarako. Zinebi jaialdia Bilboko aretoetan izango dogu, zemendiaren 16tik 23ra. Getxon be, ohikoa dan legez, pelikula hautatu batzuk proiektauko dira. Informazino gehiago eta egitarau osoa, hemen: www.zinebi.com

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu