Patrice Chereau zuzendariak Ohorezko Mikeldi saria jasoko dau 54. Zinebin
2012-10-23 10:58 BarriakZinebi jaialdiak Patrice Chereau frantziar zuzendari eta produktoreari emongo deutso bigarren Ohorezko Mikeldia. Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia zemendiaren 16an hasi eta 23an amaituko da, amaiera ekitaldian bertan jasoko dau saria Chereauk, Arriaga Antzokian.
Zinebi jaialdiak Patrice Chereau frantziar zuzendari eta produktoreari emongo deutso bigarren Ohorezko Mikeldia. Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia zemendiaren 16an hasi eta 23an amaituko da, amaiera ekitaldian bertan jasoko dau saria Chereauk, Arriaga Antzokian. Carlos Saura beste sarituak barriz, 16an hartuko dau Ohorezko Mikeldia.
Patrice Chereau (Lezigne, Frantzia, 1944) zinema, antzerki eta opera zuzendari, produktore, antzezle eta gidoigilearen lanaren aniztasuna eta koherentzia autortu gura ditu Zinebik, bide barriak zabaldu dituan eta luze iraungo dauan sorkuntza lan artistiko anitza eta polifazetikoa kaleratu ditualako. Zinebiren amaitu baino egun bat lehenago, ganera, hilaren 22an, Arriagan bertan, Chereauren Le grand inquisiteur bakarrizketea aurkeztuko dabe, Bilboko Institutu Frantsesagaz alkarlanean. Fiodor Dostoievskiren Karamazov anaiak lanaren zati baten bersino librea da testu hori.
Operearen arloan egindako lanen artean, Wagnerren Tetralogiaz gan, ondokoak dagoz: Alban Bergen Wozzek eta Lulu; Richard Wagnerren Tristan und Isolde, Daniel Barenboimek zuzenduta Milango Scalan; Jacques Offenbachen Hoffmanen ipuinak Parisko Operan; Leos Janaceken Hildakoen etxea; eta Mozarten Don Giovanni eta Cosí fan tutte, Aix en Provenceko Jaialdian.
Makina bat pelikula egin ditu. Queen Margot (1994) lanak, esaterako, Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi eban Canneseko Zinemaldian. Berlingo Zinemaldian Urrezko Hartza jaso eban Intimacy (2001) lanagaitik. Frantzian hiru Cesar sari izan zituan Ceux qui m'aiment prendront le train (1998) filma Patrice Chereauk berak aurkeztuko dau Zinebin, zemendiaren 21ean Guggenheim Museoaren auditoriumean.
Beautiful Docs ziklo barria
Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama izeneko zikloa estreinauko dau Zinebik aurton. Ondoko lanak erakutsiko ditue: 10 + 10 (Taiwan, 2011); Bestiaire (Kanada-Frantzia, 2012); Call Me Kuchu (AEB, 2012); Dormíamos, despertábamos (Espainia, 2012); Babylon (Tunisia, 2012); El salvavidas (Txile, 2011); Il n'y a pas de rapport sexuel (Frantzia, 2011); La vièrge, les coptes et moi (Frantzia-Qatar-Egipto, 2012); Planet of Snail (Hego Korea-Japonia, 2011); The Chemical Brothers: Don't Think (Japonia-Erresuma Batua, 2012); The Law in These Parts (Israel-AEB-Alemania, 2011); eta Wavumba (Herbehereak, 2012). Aukeratutako film guztiek ikus-entzuleen eta kritikearen eretxi ona izan dabe nazinoarteko jaialdietan.
Hurrengo edizinoetan sail bihurtzeko asmoz abiatu dabe zikloa. Zemdniaren 17tik 22ra bitartean proiektauko ditue pelikulok, Alondigako Folem zinema-aretoetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!