Kataluniako folklorea izango da protagonista 'Plazarik plaza' ekimenean
2012-10-11 12:57 jardunaldiakProgramea Basurtun, Zorrotzan eta Alde zaharrean gauzatuko da, urriaren 12an, 13an eta 14an. Oraingo honetan, Bartzelonako Sants barrutiko zenbait folklore talderen partaidetzea izango da. Bilboko ikus-entzuleei Kataluniako folklore aberatsa erakutsiko deutsee, musikea, erraldoiak, suzko deabruak eta mundu osoan ezagunak diran castellers-ak.
Folklore tradizionala sustatzeko asmoz, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Plazarik Plaza programea antolatu dau beste urte batez, Basurtuko Beti Jai Alai jantza taldearen laguntzinoagaz. Programea Basurtun, Zorrotzan eta Alde zaharrean gauzatuko da, urriaren 12an, 13an eta 14an. Oraingo honetan, Bartzelonako Sants barrutiko zenbait folklore talderen partaidetzea izango da. Bilboko ikus-entzuleei Kataluniako folklore aberatsa erakutsiko deutsee, musikea, erraldoiak, suzko deabruak eta mundu osoan ezagunak diran castellers-ak (gizakiek osotutako gazteluak).
Danetara, hainbat taldetako 300 persona baino gehiago etorriko dira astegoienean Bilbora, bertako jantza eta musika taldeeakaz batera euren ikuskizunak erakusteko. Jantza erakustaldiak, kalejirak erraldoiakaz eta buru handiakaz, su ikuskizuna, eskainiko ditue, baita ohikoak diran castellers-ak be, Aita Donostia plazan (zapatuan, arratsaldeko 18:30ean) eta Arriaga plazan (domekan, eguerdiko 13:00ean).
Bilboko eta Bartzelonako alkateen arteko alkarlana kultur trukaketarako jarduerak antolatzeko sinatutako hitzarmenaren barruan sartzen da. Gure uria astegoien honetan bisitauko dauen ordezkaritzearen buru Jordi Martí i Galbis izango da, Bartzelonako Udaleko zinegotzi, Presidentzia Batzordeko kide eta Sants-Montjuïc Barrutiko arduraduna. Programeak, Basurtuko Basurto Berri Merkatari Alkartearen laguntzinoa be jaso dau. Merkatari alkarteak baba jana eskainiko deutso Bilbo bisitauko dauen Kataluniako ordezkaritza osoari.
Programazinoa bariku honetan jarriko da martxan Zorrotza auzoan, arratsaldeko 19:00etan hasiko dan kalejireagaz. Kalejiran Os Agarimos (Bilboko Masustegi auzoko Galiziako folklore taldea) eta Bartzelonako taldeetako musikariek hartuko dabe parte. Dana dala, jarduera gehienak zapatuan eta domekan izango dira.
Zapatuko jarduera guztiak Basurtu auzoan izango dira, eta hasteko erraldoi eta buruhandien kalejirea izango da. Arratsaldez, 18:00etatik aurrera, Aita Donostia plazak gaita jotzaileen kalejirea jasoko dau, Castellers de Sants-ek eskainiko dauen lehen giza gaztelua (18:30ean), jantzak Beti Jai Alai taldeagaz eta gauean (21:00etan) Diables de Sants taldea, argiz, musikaz eta su artifizialez osotutako ikuskizun deigarriagaz.
Domekeari hasierea emoteko kalejirea izango da Basurtun, Iparralde, Pablo Alzola eta Latorre Jeneralaren kaleetatik, euskal folklorea lantzen daben umeek eta gazteek osotutako jantza taldeakaz. Ondoren emonaldia eskainiko dabe Aita Donostia plazan (13:15ean). Umeen jantza emonaldian Bizkaiko lau taldek hartuko dabe parte: Getxoko Itxasargia, Foruko Urdaibai, Busturiako Irrintzi, eta Beti Jai Alai taldeko txikiak.
Ia ordu berean, eguerdiko 12:30etik aurrera, Alde zaharrean be beste ikuskizun bat hasiko da, Santiago Plazatik Arriaga Plazara egingo dan kalejirea, hain zuzen. Ondoren, leku horretan, Castellers de Sants taldeak bere giza gaztelua altzauko du, bilbotar guztien eta astegoien luze honetan gure urira datozen bisitarien gozamenerako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!