Zea Mays taldearen kontzertua, besteak beste, aurtengo BLV – ART egitarauan protagonista
2012-10-01 14:17 jardunaldiakBilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala kaleak abangoardiako jarduerez eta adierazpenez beteko dira barriro be Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, inguruko zenbait kultur agentegaz alkarlanean, antolatutako BLV-ART programearen edizino barriagaz.
Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala kaleak abangoardiako jarduerez eta adierazpenez beteko dira barriro be Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, inguruko zenbait kultur agentegaz alkarlanean, antolatutako BLV-ART programearen edizino barriagaz. Programa, auzo horreen garapenerako eta barriztapenerako kulturearen aldeko apustua egiten dauen Plan Bereziaren barruan dago.
Egitaraua eguen honetan, hilak 4, abiatuko da Berreginen Museoan (arratsaldeko 20:00etan) musika eta makillaje, perkusino eta henna tatuaje tailerrak izango dituan jaialdiagaz. Horrezaz gan, moda erakusketa bat eta auzoko biztanleek egun osoan zehar alkarren artean egingo daben horma-irudia be egongo dira. Gainera, zinea eta performanceak barruan eta kalean, antzerkia, batukadea eta inguruan ugaritu diran erakusketa gune barrietara bisita gidatuak egiteko Arty walks – Arte Zirkuitoa ekimena. Holan osotuko da urriaren 11ra arte luzatuko dan programea.
Oraingo honetan, musikea Zea Mays taldearen eta hirurogeita hamarreko rock-a egiten dauen Nylon taldearen (teloneroak) eskutik helduko da. Urriaren 6an, gaueko 22:30etik aurrera, aire zabaleko kontzertua eskainiko dabe, Mariaren Bihotzaren Plazan. Gainera, BLV-ART programea amaitzean, uri partaidetzearen arrastoak geratuko dira atzean, horma-irudi lez, urriaren 11n, Bilbo Zaharra 29ko higiezin baten fatxadan erakutsiko dan Sergio Hidalgo Paredes, Sixeart, nazinoarteko artistearen lanari esker.
BLV-ART ekimenaren helburua, inguru horren kultur espezializazinoa lortzea da, bertako biztanleen beharrei erantzuteko, baina, batez be, auzo horreek erakargarriak izan daitezan uriko biztanle guztien begien aurrean, abangoardiako kultur erdigune bilakatuz, bertan, musikeagaz, arte plastikoakaz, zineagaz edo modeagaz lotutako sorkuntza mota barriak sortzen baitagoz. Esangura horretan, programeak balioa emon nahi deutso auzoari, eta uriko ganerako lekueakaz dauen komunikazinoa sustatu nahi dau, gune horretan sortutako kultur proposamenak ezagutarazoko dituen zenbait jarduera eskainiz eta bertako kaleen zaharbarritze prozesuan beteten daben lana erakutsiz.
Barrikuntza lez, igazko edizinoan, arte eszeniko garaikideei eskainitako ziklo bat sartu zan. Performart izeneko ekimenak izandako arrakastea kontuan izanda, aurten be barriro programau da. Artista gazte independente eta urratzaileek egingo dituen sei performance apurtzaile izango dira, eta Berreginen Museoan eta Mariaren Bihotzaren Plazan ikusi ahal izango dira.
Bilboko ikus-entzuleen aurrean euren proposamenak aurkeztuko dituen artistak ondokoak dira: Marianela León; Nelo Bilar eta Eva Pez; Belín Castro, Máquina V eta Truca Rec; Juan Navarro eta El otro ilustre Colegio Oficial de Pataphysica. Gehienak, Estadu barruko eta kanpoko antzerki garaikide konpainietan ibilbide luzea daben artistak dira.
Arte eszenikoen programazioa, Dejabu Panpin Laborategia konpainiaren Gure bide galduak euskerazko lanagaz osotuko da. Donostia Antzerki Saria 2012 irabazi eban lanaren gure uriko estreinaldia izango dogu. Emonaldi bakarra egongo da, urriaren 10ean, arratsaldeko 20:00etan, Bilborock aretoan. Sarrereak 12 euro balioko ditu (programa barruan pagau beharko dan ikuskizun bakarra izango da).
Bisita gidatuak
Jarduera nagusien artean, aurreko edizinoan lez, azpimarragarriak dira gune horren aldeko apustua egin daben sortzaileen ekimenari esker sortuz joan diran galeria barrietara egingo diran bisitak. Arty Walks – Arte Zirkuitoa, partaidetzan oinarritutako bisita interaktiboak dira, euskeraz eta gaztelaniaz, eta Bilbo Zaharreko zenbait lekutara helduko dira.
Arty Walks ekimenak Berreginen Museora edo aurten ekimenagaz bat egin dauen Bilbao Arte lako lekuetara eroango gaitu, baina baita arte galeria txikietara, estudioetara, tailer txikietara eta saltoki barritzaileetara be. Bisitek bi ordu inguru iraungo dabe, eta urriaren 5ean eta 11n arratsaldeko 18:00etatik aurrera, eta zapatuan, urriaren 6an, goizez, eguerdiko 12:00etatik aurrera, eskainiko dira, euskeraz eta gaztelaniaz. Bisitak dobakoak dira, baina beharrezkoa izango da aurretik izena emotea, www.kulturabarrutik.net webgunearen bitartez. Bisita horreeetan bisitariek argazkiak egin ahal izango ditue eta egindako argazki guztiak webgune horretara igoko dira, eta argazkien artean antolatzaileek BLV-ART ekimenaren izaera ondoen erakusten dauen argazkia aukeratuko dabe. Argazki irabazleek Anti-liburudendan erosketak egiteko bonu bat, Truca Recen bi eguneko tailer bat egiteko aukerea edo bi personentzako afariak irabaziko ditue inguruko La Viña eta Ágape jatetxeetan.
Horma-irudia Bilbo Zaharrean
Datorren urriaren 11n, arratsaldeko 18:30ean, Sixeart ezizenez ezagutzen dan Sergio Hidalgo Paredes artisteak sinatutako horma-irudia erakutsiko da. Lan horrek Bilbo Zaharra kaleko 29an dagoan eraikinaren fatxadea hartuko dau. Sixeart, zenbait diziplinaren bitartez bere uniberso propioa adierazoten dauen artistea da. Graffitiaren munduan hasi eban bere arte ibilbidea 80ko hamarkadearen amaieran, eta gaur egun dan horretara heldu arte eboluzionau dau: xumetasuna eta konplexutasuna aldi berean adierazoten dituan eta formez eta sinbologiez osotuta dagoan kolorezko uniberso abstraktua. Azken urteetan, kolorez, jakituriaz eta mistizismoz betetako kultura andinoen eta mesoamerikarren eragina jaso dau. Ozeanoz gaindiko loturea, kolore anitzeko abstrakzino psikodelikodun mundu barrira eroaten dauen bidean.
Programazinoa osotzeko, aire zabaleko zine saioak egongo dira (urriaren 11n, 20:30ean, Mariaren Bihotzaren Plazan), eta zenbait film labur eskainiko dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!