Bizkaiko Erdi Aroko altxorrak agirian
2012-09-28 14:26 jardunaldiakErdi Aroaren azkenengo sasoia izango da aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien ardatza. Bizkaiko 50 udalerrik 100 bat jarduera eskainiko ditue urrian, tartean, bisita gidatuak, antzezlanak, kontzertuak, erakusketak, berbaldiak eta tailerrak. Eta dan-danak debalde.
Erdi Aroaren azkenengo sasoia izango da aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien ardatza. Bizkaiko 50 udalerrik 100 bat jarduera eskainiko ditue urrian, tartean, bisita gidatuak, antzezlanak, kontzertuak, erakusketak, berbaldiak eta tailerrak. Eta dan-danak debalde.
Bilboko Foru Liburutegian aurkeztu ditu Josune Ariztondo Kultura diputaduak 2012 Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak. Ekimena Europa osoan egiten da, 1991tik, udagoiena hasieran beti. Bizkaian 12. aldia egingo da aurten.
Historian bidaiatzeko proposamena egin gura izan deutse Ariztondok bizkaitar eta bisitari guztiei. Izan be, Erdi Aroaren amaierara salto egiteko aukerea eskaintzen dabe jarduerek, hain zuzen be, 1475tik 525 urte bitarteko tartera. Aldaketa ekonomiko eta sozial ugaridun sasoia izan zan, oparotasun garaia, nabarmendu dau Kultura diputaduak. Bizkaiaren gorakadea merkataritzeak ekarri eban; Gaztelaren eta Flandesko portuen arteko bitartekari bihurtu zan eta. Bizkaiak kokapen estrategikoa eukan, duda barik.
Hazkunde eta oparotasun hamarkadak izan ziran, horregaitik Bizkaiko ia udalerri gehienetan orduko eraikinen bat dago, izan eleizea, baselizea, torrea, baserria edo jauregia. Halan, urriaren 2tik aurrera, makinatxu bat herritako ondarea hurre-hurretik ezagutzeko atxaki ederra eukiko dogu.
Danetara, 100 proposamen inguru atondu ditue, batzuk ezagunak, eta beste batzuk ez horrenbeste: Balmasedako Zubi Zaharra, Areatzako uribildua, Berriatuko Aranzabia torretxea, Berrizko Andikona santutegia, Bilboko San Anton eleizea, Eako Urtubiagako burdinolea, Lekeitioko, Galdakaoko eta Gueñeseko Andra Mari eleizak, Ispasterreko baserriak, Igorreko San Kristobal eleizea, Markina-Xemeingo jauregiak, Otxandioko burdinolak, Ubideko galtzadea eta Zeanuriko karobiak eta errotak, besteak beste.
Baina bestelako eskaintzea be izango da, bisitarien parte-hartzea eskatuko dauana, esaterako, Santurtziko Mamariga kulturgunean Erdiko Aroko ohiko menua eta mahaiko ohiturak azalduko ditue, eta Ubiden, larreen mankomunidadearen zeharkaldia egingo dabe, Erdi Aroko galtzadearen bidea eginez.
Lehenengo hitzordua Bilboko Plaza Barrian izango da, Euskaltzaindiaren Azkue liburutegian, urriaren 2an. Akademia bera, liburutegia eta gaur egungo proiektuak azalduko ditue bisita gidatu eta berbaldietan.
Euskal Herri osoan, Bizkaian besterik ez dira antolatzen Ondarearen Europako Jardunaldiak, Ariztondok adierazo dauanez. Eta ez dogu topau honen moduko hedadurarik daukan egitaraurik Europa osoan, azpimarratu dau.
Urtero-urtero zehatz bat aukeratzen dabe, igaz, Artea eta pentsamendua izan zan lemea, eta aurrekoetan, baserriko bizimodua, industriaren garrantzia, torreak eta harresiak, egurrezko eleizak eta uribilduak izan dira protagonistak. Jardunaldiak Europako Kobtseiluaren ekimena dira, eta Europar Batasunagaz lankidetzan egiten dira. Aurten Baikortasun garaia izan da lemea. Herritarren eta ondarearen arteko loturea eragitea da egitasmoaren helburu nagusia.
Ekitaldi guztien ordutegiak, izen-emoteko lekuak eta egutegia, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!