Irakurketa antzeztua eta lore eskaintzea Miguel de Unamunoren jaiotzearen 148. urteurrenean
2012-09-28 12:06 jardunaldiakMiguel de Unamuno 1864ko irailaren 29an jaio bazan be, gaur, hilak 28, eskainiko deutso omenaldia Bilboko Udalak, Iñaki Azkuna alkateak eguerdiko 12:00etan, bere izena daroan plazan egingo dauen lore eskaintzeagaz. Arratsaldeko 19:30ean, barriz, Bidebarrieta Kulturgunean, Gaitzerdi Teatroren irakurketa antzeztua izango da, egileak idatzitako antzezlan batean, 1918an estreinautako Fedra tragedian, oinarritutakoa.
Miguel de Unamuno 1864ko irailaren 29an jaio bazan be, gaur, hilak 28, eskainiko deutso omenaldia Bilboko Udalak, Iñaki Azkuna alkateak eguerdiko 12:00etan, bere izena daroan plazan egingo dauen lore eskaintza tradizionalagaz. Arratsaldeko 19:30ean, barriz, Bidebarrieta Kulturgunean, Gaitzerdi Teatroren irakurketa antzeztua izango da, egileak idatzitako antzezlan batean, 1918an estreinautako Fedra tragedian, oinarritutakoa. Sarrerea librea izango da aretoko leku guztiak bete arte. 1910ean idatzi eban arren, Madrilgo Ateneoan 1918an estreinau zan Fedra hiru ekitaldi dituan antzezlana da, Jean Racineren izen bereko lanean inspirauta. Bere semeorde Hipolitoz maitemintzen dan Fedra printzesearen historia kontetan dau. Hipolitok ezezkoa emoten deutsonean, Fedrak bere burua hilko dau.
Zapatu honetan, 148 urte beteko dira Miguel de Unamuno jaio zanetik, eta Bilboko Udalak, ohikoa danez, gure uriko idazle handienetako baten egun instituzionala ospatuko dau idazlearen bizitza eta lana gogoratzeko antolatutako zenbait kultur ekitaldigaz.
Beste jarduera batzuk
Urte osoan zehar, Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzaz, zenbait jarduera programau ditu, joan dan abenduaren 31n bete zan Unamunoren heriotzearen 75. urteurrena ospatzeko.
Programazino berezi horren barruan, José Antonio Ereño idazle, ikerlari eta Deustuko Unibersidadeko irakasleak, El primer Unamuno izeneko berbaldia eskainiko dau astelehenenean, 19:30ean, Bidebarrieta Kulturgunean. Berbaldi horretan, umezaroak Unamunoren egituraketa psikologikoan izan eban garrantzia, jakituriagaz, natureagaz, literatureagaz eta filosofiagaz izan zituan lehen hartu-emonak eta Bilboko kimu hareek garatzeko orduan Salamancak izan eban zerikusia aztertuko ditu.
Programeak zemendian jarraituko dau, Unamunoren eleberriei oroitzapen berezia eskainiz. Kasu honetan, idazlearen lan ezagunenetakoan, La Tía Tula eleberrian, oinarrituko da, izenburu bereko filma eskainiz, zemendiaren 12an, arratsaldeko 19:30ean, Bidebarrietako liburutegian, baita be.
1964an egindako filmaren protagonistak orain denpora gitxi hil dan Aurora Bautista eta Carlos Estrada izan ziran, eta Miguel Picazok zuzendu eban. 60ko hamarkadako zine espainiarraren erreferente bilakatu zan film bikaina izan zan. Unamunoren eleberrian oinarritutako film luzeak hainbat sari jaso zituan bere momentuan Donostiako Zinemaldian, eta joan dan apirilean ospatutako Malagako Zinemaldiko azken edizinoan Urrezko Film izentau eben. Zine saioa urrian izango da.
Kultur egitaraua Bilbon girotutako Unamunoren Solitaña ipuinagaz osotuko da. Carmen Pardok eta Juan Viadasek jarriko deutse ahotsa (Urriaren 26an, arratsaldeko 19:30ean). Amaitzeko, abenduan, Joaquín Achúcarro maisu handiak eskainiko dauen piano kontzertua izango dogu. Unamunoren lana ondo ezagutzen eta miresten dauen piano jotzaileak berak egokitu dau bere errepertorioa programazino honen helburuetara. Kontzertua abenduaren 17an izango da, arratsaldeko 19:30ean, eta ganerako jarduera guztiak lez, Bidebarrietako liburutegian izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!