Emakumeen presentzia sekula baino handiagoa izango da Bilboko Film Sozialen jaialdian
2012-09-24 15:14 BarriakLaugarren urtez egingo dabe Nazinoarteko Film Ikusezinen Jaialdia, irailaren 27tik urriaren 4ra, KCD Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatuta. Ohiko moduan, mundu zabalean eta geure inguruan jazoten diran bidebakokeriak salatu, gizarteari ahotsa emon eta baztertutakoen alde egiten daben pelikulak proiektauko ditue.
Laugarren urtez egingo dabe Nazinoarteko Film Ikusezinen Jaialdia, irailaren 27tik urriaren 4ra, KCD Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatuta. Ohiko moduan, mundu zabalean eta geure inguruan jazoten diran bidebakokeriak salatu, gizarteari ahotsa emon eta baztertutakoen alde egiten daben pelikulak proiektauko ditue. Aurten, emakumeen eta gizonen arteko bardintasunari be garrantzia berezia emon deutsie antolatzaileek, gizarte justua eregiteko bidean ezinbesteko pausua dalakoan.
Aurtengo ekitaldian parte hartzeko, 300 obra baino gehiago jaso ditue KCD alkartekoek. Azkanean, Bilbon erakusteko, 55 hautatu ditue, 33 herrialdetatik datozan egileenak. Esan beharra dago, aukeratu dituen filmen zuzendarien ehuneko 49 emakumezkoak dirala eta epaimahaian be, hamar emakume eta bost gizon dagoz. Emakumeak ikusgai bihurtu gura doguz, jaialdi honen hasierako urteetan ez geuntsan bardintasunari horrenbeste begituten eta, orain, nahita gabilz gabezia hori konpondu guran, azaldu dau Juan Carlos Vazquez KCDko zuzendariak.
Emakumeen eskubideek zein bestelako gizarte gaiek lotzen ditue jaialdiko pelikula guztiak. Bilbon egindako aurkezpenean, Bizkaiko Foru Aldundiko bardintasun zuzendari Xabier Legarretak esan dau, lekuan lekuko errealidadeak eta nazinoarteko alkartasuna modu bikainean buztartzen ditu jaialdiak, zoriontzeko moduko ahalegina da. Aurten, besteak beste jorratuko dira, autismoa, Haitiko emakumeen lana lurrikarearen ostean, Israelgo armadeak Askatasunaren Flotilleari eginiko erasoa, M15 mobimentuaren ganekoak, emakume ijitoen egoerea, Txinako gay eta lesbianen alkarteak, El Salvadorreko hilketak, Afrikan saltzaile dabilzan umeak, baita Bilboko San Frantzisko auzoko alkarbizitza proiektuak be. Eragin-gunea bidebako egoeretan ipinteak lagundu egiten dau, adierazo dau Bilboko Udaleko bardintasun eta kooperazino zinegotziak, Oihane Agirregoitiak.
Zinema Ikusezinaren nazinoarteko jaialdian, aurten, nabarmentzekoa da Nosrat Haquari zuzendari marokoarraren Play China filma be. Bartzelonan masajeak emoten jarduten diran emakume etorkin txinatarrei buruzko dokumentala da eta Haquarik berak Bilbon adierazo dauenez, emakumeak eta inmigrazinoa lotu ohi dodaz neure lanetan, oraingoan be horretan ibili naz. Bilboko jaialdiaren berezitasunak be goraipatu ditu Haquarik, mundu osoko zinemaldi ugaritan ibilita nago, baina Bilbon modura, ia inon ez da jagoten sexuen arteko bardintasuna horren modu zorrotzean. Bestetik, nabarmendu dauenez, formatuaren ganetik, gaiak, kontzientzia soziala baloretan dira, eskertzekoa da. Oihane Agirregotiak be bide beretik jo dau, aniztasuna eta bardintasuna baloretan dira, zinema aldaketarako tresna bihurtzen da filme sozialen jaialdi honetan, gizarte alternatibo eta bidezkoa eregiten laguntzen da.
Zinema Ikusezinaren jaialdia eguenean, irailaren 27an, hasiko da ofizialki, hil hasieratik proiekzino batzuk egon diran arren. Zabaltze ekitaldia Asier Hormaza eta Maribel Salas aktoreek gidatuko dabe eta Barakaldoko Hala Dzipo musika eskolakoen jantza eta musika saioa, David Muñozen Otra noche en la tierra filmaren proiekzinoa eta nazinoarteko zuzendarien presentzia izango dira ekitaldiko momenturik erakargarrienak. Halandabe, antolatzaileek salatu dabe, zuzendari batzuk ezin izango dirala Bilbora etorri, enbaxadeak bisaturik ez deutsielako emon. Zarratze ekitaldia, barriz, urriaren 4an izango da eta sariak banatuko ditue, honako kategorietan: Giza eskubideak, emakumezko batek egindako lanik onena, garapen iraunkorra, genero bardintasuna, kulturartekotasuna, ikasleen saria eta euskeraz egindako lan sozial onenari aitamena.
Filmen proiekzinoari jagokonez, Bilboko Golem zinemetan ez eze, Bizkaiko beste leku askotan be egingo ditue. Bigarren Hezkuntzako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako zentro banatan erakutsiko ditue filmak eta baita Barakaldo, Erandio, Elorrio, Mungia, Portugalete, Iurreta eta Fikan be. 24 proiekzinotan azpitituluak egongo dira gorrentzat eta, beste baten, audiolaguntzinoa itsuentzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!