Aitzol Aramaio gogoan, euskal sortzaileen topaleku izango da Ondarroa urrian
2012-09-20 15:24 jardunaldiakJaialdiak hiru helburu daukaz: batetik, Aitzol Aramaiori omenaldia egitea, herrian maitatua zalako eta euskal kultureari ekarpen handia egin eutsalako. Bestetik, Euskal Herri mailako sormen jaialdia egitea, egileak batu eta euren arteko alkarrizketea sortu. Amaitzeko, jentearen partaidetzea bultzatzea.
Marabilli Sormen Festibala antolatu dabe urriaren 11tik 14ra, Aitzol Aramaio zanaren indarragaz jaiotako egitasmoa eta, bertan, alor ugaritako artistak batuko dira. Sortzaileen arteko hartu-emonak sustatuko ditue, euskal kulturan dagozan proposamen desbardinak alkartu eta orain arte geurean parekorik izan ez dauen disziplina arteko topaketea izan daiten. Holan, Ondarroak egitarau zabala hartuko dau, 2011n hildako Aitzol Aramaio zinegileak amestu eban legez.
Ondarroan kultureari lotutako zeozer egin behar dala esaten eban Aitzolek, azaldu dau Kirmen Uribe idazle eta jaialdiaren bultzatzaileak, bera ez da egongo hau guztia ikusteko, baina esan leiteke bere amesa bete dogula. Herriko artista, kultur eragile eta alkarte asko ibili dira lanean Marabilli Sormen Festibalaren lehenengo ekitaldi hau atontzeko eta erakundeek be gogo onez hartu dabe jaialdia babesteko ardurea. Bilbon egin dan aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzako kultur arduradun Mikel Toral, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputadu Josune Ariztondo eta Ondarroako alkate Argia Ituarte egon dira. Ondarroa sortzaileen herria da eta hori bultzatu behar dala garbi daukagu, adierazo dau Ituartek. Aitzolen amesa beteten ikusteak zoriona emoten dau, ganeratu dau Ariztondok.
Izena be, Ondarroako zinegilea gogoratzeko aukeratu dabe, Aramaiok zeozer gustukoa topetan ebanean, hau marabilli da esaten ei eban, bixitxi marabilli re, herri hizkeratik hartutako berbea, gaztelaniako mailegua, herrikoitasuna eta mestizajea azpimarratu guran. Zinez, arteagazko maitasuna, baikortasuna, bizizaletasuna adierazoten ditu gure ustez Marabilli berbeak, jaialdiaren beraren filosofia.
Urriaren 11tik 14ra, egitarauak ez dau etenik izango. Lehenengo egunean, musika bandearen ekitaldia, berbaldia eta Lurra eta Marlango taldeen kontzertua antolatu ditue. Hilaren 12an, zine tailerra eta performancea, Tribute to Aitzol ekitaldiaren aurretik. Gorka Urbizuk, Mikel Urdangarinek, Rafa Ruedak eta abarrek parte hartuko dabe Kafe Antzokiko Tribute to Aitzol emonaldian. Urriaren 13an, zapatuan, zinema proiekzinoak egongo dira eguerdian, tartean Au Pays des Basques pelikulea emongo dabe, XX. mende hasierako filma, Ondarroa agertzen dana. Ostean, Toti Martinez de Lezearen berbaldia, trikipoteoa eta erromeria etorriko dira eta, iluntzeko zazpiretan, ekitaldirik aitagarrienetako bat, zine galea. Aitzol Aramaiori gorazarrea egingo jako bertan, Bypass filma estreinauko dabe eta Aitzol Aramaio I. Film Labur sariketako finalisten barri emongo da. Gauean, Ruper Ordorika eta Markos Untzetaren kontzertua izango da.
Ondarroako zinegileei buruzko matinee batek zabalduko dau domekako egitaraua eta euskal kulturgintzeari buruzko mahai-ingurua be egongo da. Amaitzeko, Fermin Muguruzak Al Jazeera telebistarako egindako dokumental saila erakutsiko dabe. Egitarau ofiziala zabala da, artista eta sortzaile askok parte hartuko dabe, baina nahi geunke herritarrek be euren ekarpena egitea festibalari, adierazo dau Kirmen Uribek, bakotxak bere sen sortzailea atara eta urriaren 11tik 14ra Ondarroan zeozer egin daiala. Argia Ituarte alkateak esan dauenez, urrian Ondarroa Euskal Herriko erreferente kultural bihurtu nahi dogu.
Jaialdiak hiru helburu daukaz, antolatzaileen arabera: batetik, Aitzol Aramaiori omenaldia egin nahi deutsie, herrian maitatua zalako eta euskal kultureari ekarpen handia egin eutsalako. Bestetik, Euskal Herri mailako sormen jaialdia egin nahi izan dabe, Kirmen Uribek esan dauenez, egileak batu eta euren arteko alkarrizketea sortu. Amaitzeko, jentearen partaidetzea be bultzatu gura dabe, artea ez da begira geratzeko bakarrik, herritarrak inpliketea nahi dogu, festibalaren zati izatea, dino Uribek.
Marabilli Sormen Festibalagaz, beraz, kolorez jantziko da Ondarroa eta, bide batez, Aitzol Aramaio gogoan dabela aldarrikatuko dabe herrian. Zer erein, haxe jasoten dala esan ohi da, ba Aitzolek ondo erein eban, azpimarratu dau Josune Ariztondok. Aramaioren familiak be esker ona adierazo deutsie antolatzaileei, Bilbon egindako aurkezpenean Aitzolen aita eta ama egon dira. Jaialdiari buruzko informazino gehiago, helbide honetan: www.marabilli.re
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!