Zineuskadik Donostia 60. Zinemaldiko bost pelikulagaz hasiko dau denporaldia

Bizkaie! 2012-09-20 10:51   Barriak

Aurtengo Zinemaldiko atal desbardinetan proiektauko diran Hipnotisören, To say goodbye, Pura Vida, Comme un chef eta Orla Frosnapper euskal zinema-aretoetan euskeraz ikusi ahal izango dira hilebete gitxi barru.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta EPE eta IBAIA ikus-entzunezko produktoreen taldeek osotutako Zineuskadi alkarteak Donostia Zinemaldiaren 60. edizinoko bost pelikulagaz hasiko dau bere denporaldia. Film horreek laster estreinauko dira Euskadin Zinema Euskaraz programearen barruan.

Zineuskadiren helburua herritarrei zinema euskeraz ikusteko aukerea emotea da, zinema euskeraz eskatzen dabenentzat eskaintza nahikoa bermatuz eta euskerea kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntzatzat sustatuz. Holan, aurtengo Zinemaldiko atal desbardinetan proiektauko diran Hipnotisören, To say goodbye, Pura Vida, Comme un chef eta Orla Frosnapper euskal zinema-aretoetan euskeraz ikusi ahal izango dira hilebete gitxi barru.

Lasse Hallström zuzendari suediarren Hipnotisören filmak Sail Ofizialean hartuko dau parte. Izenburu bardina dauen Lars Kepler idazlearen best seller-aren moldaketea da. Filmak epai-komisario batek eta hipnotista batek hilketa basati baten egilea topetako egindako ikerketa poliziala kontetan dau. Abenduaren 5ean Euskadiko zinema-aretoetan euskeraz ikusteko aukerea izango da.

Bestalde, Euskal zinemari eskainitako Zinemira atalean, Pura Vida eta To say goodbye filmak proiektauko dira, eta 2013aren hasieran estreinauko dira biak euskal zinema-aretoetan Zinema Euskaraz programeari esker.

Pablo Irabururen eta Migueltxo Molinaren Pura Vida Annapurna mendiaren hego-hegalean jazotako benetazko pasarte bati buruzko dokumentala da. Mendizale bat, Iñaki Ochoa de Olza, gaixorik jarriko da IV. kanpamenduan, 7.400 metroko altueran. Hurrengo lau egunetan, hamar herrialdetako eskalatzaileak Ochoa de Olza bizirik erreskatetako ahaleginetan ibiliko dira.

Matt Richardsek zuzendutako To say goodbye Espainiako Gerra Zibilean giroturiko istorio hunkigarri eta emozionala da. Umezaroa eta identidadearen galerea ditu ardatz, eta, batez be, adiskidetzearen itxaropenaz. Animazinozko teknika barritzaileen bitartez, pelikuleak 1937an Erresuma Batura eroan zituen ia 4.000 ume euskaldunen historia dakar.

Era berean, Culinary Zinema atalean Comme un chef komedia frantsesa estreinauko da irailaren 22an. Jean Reno, Michael Youn eta Santiago Segura dira aktore nagusiak. Alexandre Vauclair sukaldaria ideiarik barik geratu da; inspirazinoa behar dau, baita laguntzaile barri bat be. Orduan, Jacky ezagutuko dau, talentu ikaragarria dauen goi-sukaldaritzearen zale autodidakta bat. Abenduaren 5etik aurrera euskal zinema-aretoetan euskeraz izango da komedia dibertigarri hau.

Gainera, Umeentzako Zinema Sailean, Orla Frosnapper animazinozko pelikula danimarkarra estreinauko da 3Dean irailaren 29an. Filmak eskolako jazarpena eta joko zikinak dituan ondorio txarak ditu aztergai, eskolako mutil harroputz baten eta haren biktimearen arteko hartu-emonen bitartez.

Bestalde, Zinemaldian egongo diran 17 pelikulek zinema sorrerearen babeserako Media programa europarraren 3,1 miloe euroko laguntza baino gehiago jaso dabe. Zineuskadik laguntza horreen gaineko informazinoa kudeatzen dau Media Antena Euskal Herria bulegotik.

Donostia Zinemaldiko 60. edizinoan ikusi ahal izango diran film horreez gan, datozen hileotan Euskadiko zinema-aretoetan beste zenbait film estreinauko dira euskeraz. Urriaren 11n, Briar March zuzendariaren There was once an island dokumentala estreinauko da; urriaren 31n, Scott Derrickson zuzendariaren eta Ethan Hawke antzezten dauen Sinister bildurrezko pelikuleari helduko jako txandea; eta zemendiaren 31n, animazinozko Zarafa filma estreinauko da. 2012. urtea amaitu baino lehen, beste pelikula batzuk gehituko jakez aitatutako horreei.

Zinema Euskaraz programearen harian, zinema-aretoetan euskerazko filmak estreinatzeaz gan (gaztelerazko estreinaldiakaz batera), DVDen salmentak aurrera egiten dau. Euskeraz bikoiztutako pelikulei (Horton, Ice Age 3, Percy Jackson eta Tximista Lapurra, A-Taldea, Marmaduke, Gaua eta Eguna eta Chloe) bi film barri batu jake: umeei zuzendutako animazinozko Rio eta Hanburgesa Zaparrada.


Lux Sariak

Zineuskadiren barruan, gaur egun 15 zinema-areto dagoz 41 pantaila eta 10.172 jesarlekugaz, 34.000 baino emonaldi gehiagogaz eta 860.000 ikusle ingurugaz. Kalidadezko europar zinemaren, jatorrizko bersinoko filmen eta euskerazko ikus-entzunezko produkzinoen emonaldiak areagotzeko babesa jasoten dabe.

Sareko zinema-aretoen arteko hartu-emon onen adibidea udagoien honetan emongo diran Lux Sariak dira. Europar hizkuntza eta kulturen aniztasunaren alde apustu egiten daben filmen artean banatzen ditu Europar Parlamentuak. Sariok dirala-eta, azken hiru edizinotako film irabazleak proiektauko dira: Robert Guediguianen Las nieves del Kilimanjaro (2011), Feo Aladagen La extraña (2010) eta Phillippe Lioreten Welcome (2009).

Gainera, Zineuskadik beste proiektu batzuetan lan egiten dau, besteak beste, EAEko aretoen digitalizazionan eta Euskadin sormen zinematografikoa bultzatzen dauen Media europar programea kudeatzen. Programa horregaz, orain pare bat urte euskal industriaren profesionalei informau, aholkatu eta erkidego-laguntza sistemei heltzen laguntzen deutse. Danetara, 9,5 miloe euro bereganatu ditu diru-laguntzetan, eta 30 proiektu barri bultzatu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu