3.505 film labur aurkeztu dira 54. Zinebira
2012-09-17 17:48 BarriakZinebik 54k beste marka bat gainditu dau kopuru horreekaz, izan be, aurten igaz baino 484 film gehiago jaso dira. Jatorriari jagokonez, aurten be Frantzia da lan gehien aurkeztu dituan bigarren herrialdea, danetara, 588 lan, 687 lan aurkeztu dituan Espainiaren atzetik.
Bilboko 54. Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldia (ZINEBI) zemendiarenn 16tik 23ra izango da. Lanak aurkezteko epea zarratu ondoren, Zinebik 3.505 film jaso ditu, eta horreen artean aukeratuko dira Lehiaketako Atal Ofizialean lehiatuko diranak, lehiaketan parte hartuko daben hiru generoetarako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko asmoz. Generoak fikzinoa, dokumentala eta animazinoa izango dira.
Zinebik 54k beste marka bat gainditu dau kopuru horreekaz, izan be, aurten igaz baino 484 film gehiago jaso dira. Jatorriari jagokonez, aurten be Frantzia da lan gehien aurkeztu dituan bigarren herrialdea, danetara, 588 lan, 687 lan aurkeztu dituan Espainiaren atzetik. Horrezaz gan, Alemaniatik 275 lan etorri dira, Estadu Batuetatik 240 eta Erresuma Batutik 125. Hego Amerikako herrialdeen artean, 88 lan aurkeztu dituan Mexiko, 72 bialdu dituan Brasil eta 67 lan ekarri dituan Argentina azpimarratu behar dira. Aitagarriak dira, baita be, Irandik etorritako 84 lanak eta Isralek bialdutako 73ak. Euskal zineari jagokonez, aurreko edizinoko kopuruari eutsi jako, 78 film labur aurkeztu baitira. Danetara, 97 herrialdetako lanak aurkeztu dira. Asia hego-ekialdetik etorritako lanen hazkunde nabarmena azpimarratu behar da.
Generoei jagokenez, nagusia fikzinoa da, fikzinozko 2.060 film aurkeztu baitira. Horrezaz gan, 904 dokumental eta animazinozko 454 film aurkeztu dira. Aurkeztu diran ganerako lanak proiektu esperimentalak izan dira.
54. Zinebiren irudia
Kartelaren egilea, beste urte batez, Oscar Mariné diseinatzaile eta ilustratzailea izan da, 2010. urtean Diseinu Sari Nazionala jaso ebana. Nazinoarte mailan dauen izena dala eta, azalak egin ditu Bruce Springsteen, The Psychedelicv Furs, Brian Eno, Michel Camilo, Andres Calamaro, Tomatito, Inmaculate Fools, Siniestro Total eta Kevin Ayers lako artistentzat, besteak beste, eta zineari jagokonez, Pedro Almodóvarren, Alex de la Iglesiaren edo Julio Medemen filmen kartel ezagunenetako batzuen egilea da.
2000. urtean hasi zan Zinebigaz lanean, lehen planoan, uretatik urteten egoan ume baten irudia erakusten eban kartelagaz. Kartel harek arrakasta handia lortu eban. Ordutik aurrera, Raquel Welch, Lloyd Bridges, Charlotte Rampling, Oliver Hardy eta hain ezagunak ez diran –edo erabat ezezagunak diran– beste personaia batzuk izan dira jaialdiko irudiaren protagonistak. Aurten lehen aldiz, Marinéren proposamena trazatu xumeak dituan marrazkia da. Bertan, zineaz disfrutatzera sartzeko konbita egiten deuskun emakume baten irudia ikusten dogu.
Pre-Zinebi
Aurten aldatu egingo da Pre-Zinebi ospatuko dan lekua, eta Campos Antzokiko Cupula Aretoan egingo da. Zemendiaren 9tik 16ra izango da, eta aurten be, Euskadiko alkarteen, erakunde profesionalen, taldeen eta zine eskolen laguntzinoa izango dau. Talde horreek euren lana erakutsiko dabe ikus-entzunezko produkzinioa kultur jarduerearen eta ekonomiaren eragile bilakatzeko asmoz. Pre-Zinebik hitzaldiak, proiekzinoak eta Zinebi Express lehiaketearen bosgarren edizinoa eskainiko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!