Literaturan eta filmetan genero baltzari emon jakon tratamendua aztertuko dabe Bilbon

Bizkaie! 2012-09-12 17:55   jardunaldiak

Kriminologiako Europako Alkartearen XII. Urteroko Biltzarra Bilbon egiten dala eta, kultur ekintza bi izango dira eguenean eta barikuan, irailaren 13an eta 14an, Euskal Herriko Unibersidadearen (EHU) Bizkaia Aretoko Mitxelena gelan, Bilbon. Ekintzok biltzarraren izaera zientifikoa eta polizia-nobela eta filmen artean zubi lana egiteko balioko dabe.

Kriminologiako Europako Alkartearen XII. Urteroko Biltzarra Bilbon egiten dala eta, kultur ekintza bi izango dira eguenean eta barikuan, irailaren 13an eta 14an, Euskal Herriko Unibersidadearen (EHU) Bizkaia Aretoko Mitxelena gelan, Bilbon. Ekintzok biltzarraren izaera zientifikoa eta polizia-nobela eta filmen artean zubi lana egiteko balioko dabe. EHUko Bizkaiko campuseko Errektoreordetzako Kultur Gestiorako Bulegoak antolatu ditu jarduerak.

EHUko iturriek jakinarazo dabenez, eguenean, Krimena eta nobela gaiari buruzko barriketaldia izango dabe Jens Lapidus eta Lorenzo Silva idazleek. Hitzordua, arratsaldeko 19:00etan, Bizkaia Aretoko Mitxelena gelan. Jens Lapidus Suediako abokatu arrakastatsua da, eta bertako kriminalik ezagunenetako batzuk ordezkatuz lortutako esperientzia profesionalari esker, munduaren ikuspegi berezia dauka. Lapidusek epaitegietan igarotako denporea erabilten dau bere lanetan eta gauzak diran moduan kontetan ditu, inor be ez dau kanpoan ixten. Suediarraren debuteko eleberria Snabba cash James Ellroyren obreagaz konparau da eta azken hamarkadan agertutako suediar polizia-eleberri originalena dala esaten dabe, baita Stockholmeko kalezuloei buruz inoiz idatzi dan kontakizunik dokumentatuena dala be.

Hasieratik arrakasta komertziala lortu eban lanak, eta Stockholmeko Trilogia Baltzaren lehenengo bi aleek Snabba cash eta Aldrig fucka upp lanek 1.200.000 ale baino gehiago saldu ditue Suedian eta herrialdeko libururik salduenen zerrendako lehenengo postuetan dagoz luzaroan. Gainera, 30 herrialdetan argitaratu dira. Livet deluxe da trilogiaren hirugarren eta azken alea.

Bestalde, Lorenzo Silva espainiar idazlea Bevilacqua eta Chamorro guardia zibilak protagonista dituen polizia-eleberriakaitik da ezaguna batez be. Silva Madrilgo Carabanchel auzoan jaio zan, Zuzenbidea ikasi eban Madrilgo Unibersidade Konplutensean eta enpresako abokatu izan zan 1992tik 2002ra bitartean. Hainbat kontakizun, artikulu eta literatur saiakera idatzi ditu, baita zenbait eleberri be eta horreei esker nazinoarteko aintzatespena jaso dau. Horreetako batek El alquimista impaciente liburuak 2000. urteko Nadal Saria irabazi eban. Lan honetan bigarrengoz agertzen dira beharbada bere personaiarik ezagunenak diranak: Guardia zibileko Bevilacqua sarjentua eta Virginia Chamorro kaboa (azkeneko eleberrian). Haren beste lanetako bat La flaqueza del bolchevique Nadal Sariaren finalista izan zan 1997an eta Manuel Martín Cuenca zuzendariak zinerako egokitu dau.

Beste alde batetik, barikuan, Enrique Urbizu gidoigile eta zinemagile bilbotarrak zinemak krimenari emon deutson tratamendua aztertuko dau, eta ondoren, No habrá paz para los malvados bere azken filmaren emonaldia izango da. Hitzordua, arratsaldeko 19:00etan, Bizkaia Aretoko Mitxelena gelan. Enrique Urbizu gaur egun Madrilgo Carlos III.a Unibersidadeko Kazetaritza eta Ikus-entzunezko Komunikazino saileko irakaslea da. Informazinoaren Zientzietan lizentziau zan, Publizidadearen alorrean, EHUn. Hainbat film laburren ondoren, 1987an zuzendu eban bere lehenengo film luzea: Tu novia está loca. Endredozko komedia honetan bi aktore ezagunek parte hartu eben: Antonio Resinesek eta María Barrancok.

1991an, Todo por la pasta zuzendu eban, road movie moduko bat. Urbizu Madrilera joan zan eta enkargautako komedia bi zuzendu zituan Andrés Vicente Gómez produktorearentzat: 1994an, Cómo ser infeliz y disfrutarlo eta 1995ean, Cuernos de mujer. Aldi berean, Arturo Pérez-Reverteren Cachito kontakizuna egokitu eban eta, ondorioz, Pérez-Reverteren beraren El club Dumas eleberria zinera egokitzeko gidoian be lanean ibili zan, hau da, La novena puerta filmaren gidoia, Roman Polanskik 1999an zuzendu eban filmarena.

2002an, La caja 507 thrillerra zuzendu eban; lan honegaz Goya sari bi irabazi zituan eta beste sari batzuk be bai zenbait zinemalditan. Handik urtebetera La vida mancha zuzendu eban. 2006an, Espainiako Zine Akademiako lehenengo presidenteorde izentau eben, Ángeles González-Sinde buru eban hautagaitzeak irabazi ondoren, eta 2012an, gidoi onenaren, zuzendari onenaren eta film onenaren Goya sariak irabazi zituan No habrá paz para los malvados lanagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu