Basque Films-ek produzidutako 'Camera Obscura' pelikulea barikuan estreinauko dabe
2012-09-11 15:53 BarriakBasque Films-ek produzidutako Camera Obscura pelikulea datorren barikuan, irailaren 14an, estreinauko da Estaduko hainbat uritan. Maru Solores gipuzkoarrak zuzendu dau Camera Obscura. Solores gidoiaz be arduratu da Ruth Rehmet alemaniarragaz batera.
Basque Films-ek produzidutako Camera Obscura pelikulea datorren barikuan, irailaren 14an, estreinauko da Estaduko hainbat uritan. Maru Solores gipuzkoarrak zuzendu dau Camera Obscura. Solores gidoiaz be arduratu da Ruth Rehmet alemaniarragaz batera. Gaur goizean, prentsarako emonaldi berezi bat izan da Bilboko Multicines-en, eta aurrestreinaldia gaur zango da arratsaldeko 19:30ean Campos Eliseos Antzokian.
Camera Obscura fikzinozko istorio bat izan arren, itsutasuna eta ikusmen urritasunari buruzko normalizazino mezu bat helarazoten deutso gizarteari. Anek, 13 urteko neskeak, ikusmena galdu dau. Bere gurasoak behin eta barriro bere begiak operetako modua bilatzen daben bitartean, Ane nerabezaroan sartu jaku eta galderak egiten hasi da: Zer da ederra izatea?
Kostaldeko herri batean familiak dauen etxean uda pasetan dagozanean, Antonio, munduan ibilitako argazkilaria, haize bolada fresko bat lez agertzen da ezustean. Lehen amodioaren uda da… eta lehen hilerokoarena be bai. Antonioren eskutik, Anek argazkilaritzea ezagutuko dau.
Kamarea erabiliz, detektibe baten moduan, nahiz eta ama amorratu, Anek familiaren eguneroko gertaerak jasoten ditu, azkenik inork ikusi edo erakutsi nahi ez dituan gauzakaz topo egin arte… Bere burua biktimatzat hartu ezean, Anek, nerabe eta itsu, bere irtenbide propioa bilatu beharko dau.
Ane pelikulako protagonista nagusia da. Jacqueline Duarte (Ponferrada, 1997) neska protagonisteak ikusmen urritasuna dauka eta ONCEko kidea da. Ponferradako gazteak berehala identifikau eban bere burua Anegaz: Argazkilaritzea gustukoa dot, Anek lez. Baita mundua ezagutzea, ez dakidana aurkitzea berak egiten dauen moduan. Gidoia ikasten nebanean, ez neban Ane ikusten neure burua baino.
Maru Soloresek, filmaren zuzendariak, adierazo dauenez, hasieratik argi egoan, Anerena egiteko neska itsu edo ikusmen murriztua eukan bat behar genduala, edade horretan benetako aktore prestakuntzea izango ez ebana.
Jacquelinek fotogenia ikaragarria dauka, bere irudiak indar handia islatzen dau pantailan. Bera da hoberen dakiena, persona itsu bat zelan mobiduten dan, zen arazo dituan, bere eguneroko bizitza zelakoa dan. Hau lan talde osoarentzat lagungarria izan zan, eta lan taldea sentsibilizauta egoan. Jacquelinek apenas eukan eskarmentua aktore lez, ONCEren spot batean parte hartu eban, baina oso ondo eta pozez egokitu zan filmaketa erritmora esan dau zuzendariak. Duartek adierazo dauenez, esperientzia ahaztezina izan da eta pentsau barik barriro egingo neuke.
Camera Obscura filmak Donostiako Zinemaldiaren Zinemira sailean parte hartuko dau. Horrezaz gan, Valladolideko 2011 Seminci Zinemaldiaren sail ofizialean, Donostiako X. Zinema eta Giza Eskubideen Zinemaldian eta Karlovy Varyko Zinemaldiaren Another View sailean be parte hartu dau.
Urdaibaiko Natura-Erreserban, Sopelan eta Muskizen egin dira filmaren grabazino lanak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!