Txinako Ikasketen Biltzarrak herrialde asiarrean adituak diran nazinoarteko zenbait kide batuko ditu Bilbon

Bizkaie! 2012-09-10 14:52   jardunaldiak

Txinako Ikasketen Nazinoarteko Biltzarraren hirugarren edizinoa egingo da Bilbon irailaren 10etik 12ra bitartean, Txinako ikasketen Lu Xun zentroak antolatuta, Euskal Herriko Unibersidadearen (EHU) udako ikastaroen programearen barruan. Ekitaldiak, herrialde asiarrean adituak diran nazinoarteko 30 espezialista baino gehiago batuko ditu Alde Zaharreko Yohn Jauregian.

Txinako Ikasketen Nazinoarteko Biltzarraren hirugarren edizinoa egingo da Bilbon irailaren 10etik 12ra bitartean, Txinako ikasketen Lu Xun zentroak antolatuta, Euskal Herriko Unibersidadearen (EHU) udako ikastaroen programearen barruan. Ekitaldiak, herrialde asiarrean adituak diran nazinoarteko 30 espezialista baino gehiago batuko ditu Alde Zaharreko Yohn Jauregian.

Antolatzaileek adierazoi dabenez, Txinako ekonomia munduan hartzen dagoan lidergoaren eta mendebaldeko unibersidadeko ikasleak eta profesionalak Asiako herrialdera etenbarik egiten dagozan bidearen ondorioz, ezinbestekoa da Txinako idiosinkrasia sakon ezagutzea. Holan, biltzarraren helburu nagusienetakoa, unibersidadeko entzuleei eta biztanle guztiei nazinoarteko ekonomiaren pausua marketan dagoan herrialdearen errealidadea erakustea da.

Txinako egungo errealidadeak, etorkizuneko joerek eta bertako ekonomiak merkatu globalizatuaren barruan beteten dauen lekuak izango dira irailaren 10erako antolatutako hitzaldien gai nagusiak. Irailaren 11ko jardunaldia, Txinako kulturearen eta tradizinoen ezagueran sakontzera bideratuko da, batez be, historiari, arteari eta antropologiari erreparauta. Egun horretan bertan, Txina barruko ekonomia eta immigrazinoak Asiako erraldoian dituan eraginak be landuko dira. Azkenik, irailaren 12ko jardunaldia, Txinak etorkizunerako dituan aurreikuspen ekonomikoak lantzera egongo da bideraturik.

Txinako Ikasketen Nazinoarteko Biltzarrean parte hartuko daben adituak mundu osoko hamar herrialde baino gehiagotik datoz; horreen artean dagoz Catherine Guéguen, Asiako kontinenteko migrazino txinatarretan aditua eta Paris/Sorbonneko Unibersidadeko irakaslea; R. Gerritsen, Charles Darwin Unibersidadeko (Australia) Ekonomia irakaslea; Cheng Wan-hsuan, Singapurreko Unibersidade Nazionaleko Txinako historian espezialistea; Evelyn S. Devadason, Malaysiako Unibersidadeko Ekonomia eta Nazinoarteko Harremanen irakaslea; eta Elena Anokhina, Tomsk-eko (Errusia) Estadu Unibersidadeko ekonomilaria.

Udako ikastaro honetan izena emoteko, e-mail bat bialdu behar da congress@estudioschinos.com helbidera.


Masterra

Biltzarraren irekieraren ardurea Eduardo Rubio Ardanaz EHUko Gizarte Psikologia irakasleak eta 'International Journal of Current Chinese Studies' aldizkariaren zuzendariak izango dau. Bera da Bilbon eskaintzen dan eta EHUko graduondoko ikastaroen barruan dagoan Txinako Ikasketen Masterraren zuzendaria.

Txinako Ikasketen Masterra, Euskal Herriko unibersidadeen eremuan onartutako Txinari buruzko goi mailako lehen titulazinoa da. Graduondoko horretarako izena emoteko epea irailaren 30era arte dago zabalik, eta EHUko administrazino zerbitzuen bitartez, www.ikasketak.ehu.es webgunean edo Bilboko Hurtado de Amezaga kaleko 3an dagoan Txinako Ikasketen Lu Xun zentroan egin daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu