John Travoltak be Zinemaldiko Donostia saria jasoko dau
2012-09-03 18:08 BarriakJohn Travoltak Mark Steven Johnson zuzendariaren Killing Season filmaren errodajea amaitu dau oraintsu Georgian; film horretan, Robert De Nirogaz egin dau lan.
Donostia Zinemaldiaren 60. edizinoak John Travolta aktoreari emongo deutso aurten Donostia Sarietako bat, laugarrena izango da, aurretik beste bi iragarri dituelako Ewan McGregor eta Tommy Lee Jones aktoreei emongo jakezanak. Horreez gan, Oliver Stone zuzendariak 60. Urteurreneko Donostia Sari Berezia jasoko dau.
Donostia Zinemaldiak bere 60. urteurrena ospatzeko Donostia Sariak eta 60. Urteurreneko Donostia Sari Bereziak emotea erabagi dau, horreen bitartez zinemaren munduko persona nabarmenen ibilbideak autortzeko.
John Travoltak irailaren 23an jasoko dau Donostia Saria, Kursaal Auditoriumean egingo dan ekitaldian.
John Travolta bi aldiz izentau dabe Oscar sarietarako, horreetako bat Quentin Tarantino zuzendariaren Pulp Fiction (1994) pelikulako soldatapeko hiltzailearen antzezpen bikainagaitik; ganera BAFTA sarietarako eta Urrezko Globoetarako be izentau eben aitatu pelikulan egindako lanagaitik eta aktore onenaren Los Angeleseko Kritika Alkartearen saria irabazi eban.
Get Shorty (1996) filman egindako lanagaitik, barriz, film luze bateko aktore onenaren Urrezko Globoa irabazi eban. 1998an, Bikaintasun Zinematografikoaren Britainia Saria emon eutson BAFTA akademiak, eta Bizitzako Lorpenen Saria irabazi eban Chicagoko zinema-jaialdian. Horrezaz gan, Critics Broadcast Association alkarteak emoten dauen Alan J. Pakula sari entzutetsua be irabazi eban Steven Zaillian zuzendariaren A Civil Action (1998) filman egindako lanagaitik. Urte horretan bertan, Urrezko Globoetarako izentau eben Mike Nichols zuzendariaren Primary Colors (1998) filmagaitik, eta 2008an seigarren aldiz izentau eben Urrezko Globoetara, Hairspray arrakastatsuagaitik.
Travoltak egin dituan film ugarien artean, nabarmentzekoak dira Saturday Night Fever (1977), hari esker lortu baitzituan Oscar sarietarako eta Urrezko Globoetarako bere lehenengo izendapenak, eta lanak 70eko hamarkadako disko fenomenoa piztu eban. Ondoren etorri ziran Grease (1978), musikal ezagunaren zinemarako bersinoa, eta herritar kulturan eragin handia izan eban Urban Cowboy (1980) arrakastatsua. Hona hemen egin dituan beste lan batzuk: Carrie (1976) eta Blow Out (1981) Brian De Palmaren thrillerrak; Amy Heckerling zuzendariaren Look Who's Talking (1989) eta Nora Ephronen Michael (1996) komediak; Jon Turteltaub zinemagilearen Phenomenon (1996); John Woo zuzendariaren Broken Arrow (1996) eta Face/Off (1997), azken hau Nicolas Cage aktoreagaz, eta The General's Daughter (1999), Madeleine Stowe aktoreagaz. 2005ean, Chili Palmer mafiosoaren azalean jarri zan barriro, Be Cool sekuelan. A Love Song for Bobby Long (2004) txalotuan be ikusi genduan, Scarlett Johanssonegaz.
2011ko zezeilean, Horzü aldizkari alemaniarrak omenaldia egin eutson Berlinen, eta nazinoarteko aktore onenaren Urrezko Kamerea emon eutson.
Hona hemen Travoltaren lan barriago batzuk: Wild Hogs (2007) arrakasta handiko komedia; Ladder 49 (2004) akzinozko thrillerra; The Punisher (2004) komikiaren zinemarako egokitzapena; Basic (2003) dramea; Domestic Disturbance (2001) thriller psikologikoa; Swordfish (2001) akzinozko film arrakastatsua; zientzia-fikzinozko Battlefield Earth (2000), eta Lonely Hearts (2006) poliziakoa. Gainera, Tony Scott zuzendariaren The Taking of Pelham 1 2 3 (2009) filmaren remakean ikusi ahal izan genduan, Denzel Washingtonegaz, eta bere ahotsa jarri eutson animazinozko Bolt (2008) filmeko protagonisteari.
Azken aldion, Mark Steven Johnson zuzendariaren Killing Season filmaren errodajea amaitu dau oraintsu Georgian; film horretan, Robert De Nirogaz egin dau lan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!