Michel Gaztambidek jasoko dau aurten Zinemaldiko Zinemira Saria

Bizkaie! 2012-08-29 16:47   Barriak

Irunen jaiotako gidoigile eta zinema zuzendaria omenduko dau aurten Donostiako Zinemaldiak euskal zinemari eskainitako Zinemira saria emonez, egindako ibilbideagaitik. Irailaren 23an jasoko dau Gaztambidek Zinemira saria, Donostiako Bataplan dantzalekuan egingo dan Euskal Zinemaren Jaiaren barruan.

Donostia Zinemaldiaren 60. edizinoan ikusi ahal izango dira Zinemira sailerako aurten aukeratutako zortzi filmak. Zinemira Euskal Herrian produzidutako zinemari eskainitako atala da. Estreinaldiak atalaren barruan, sei produkzino barri aurkeztuko ditue, eta Panorama atalak, barriz, aurten produzidutako film bi eskainiko ditu.

Estreinauko diran sei filmak dira Serbitzu Saria irabazteko hautagai. Aurten, gainera, Zinemaldiko beste edozein sailetan aurkeztutako euskal produkzinoak be sari horretarako hautagai izango dira. Serbitzu Sariaren helburua euskal kulturea eta zinema-industria garatzen laguntzea da. Danetara, 20.000 euro gordin irabaziko ditu filma produzidu dauenak. Sari hau Donostia Zinemaldiak eta Serbitzu Elkarteak emoten dabe alkarregaz.


Michel Gaztambide

Irunen jaiotako gidoigile eta zinema zuzendaria omenduko dau aurten Donostiako Zinemaldiak euskal zinemari eskainitako Zinemira saria emonez, egindako ibilbideagaitik. Irailaren 23an jasoko dau Gaztambidek Zinemira saria, Donostiako Bataplan dantzalekuan egingo dan Euskal Zinemaren Jaiaren barruan.

Gaztambidek Julio Medem (Vacas, 1992) eta Enrique Urbizu (La caja 507, 2002, La vida mancha, 2003, No habrá paz para los malvados, 2011) zuzendariakaz egin dau lan gidoilari lez, eta Chatarra (Félix Rotaeta, 1991), Santa Cruz, el cura guerrillero (Jose Maria Tuduri, 1991), Un poco de chocolate (Aitzol Aramaio, 2008) eta El idioma imposible (Rodrigo Rodero, 2010) lanen gidoiak be bereak dira.

Egin dauen lanik barriena Iñaki Elizalderen Baztan filmaren gidoia da. Filma Zinemaldiaren edizino honetako Zabaltegi Bereziak sailean aurkeztuko dabe.

Beste alde batetik, Zinemaldian estreinauko diran Euskal Herriko filmei jagokenez, bost euskal presori buruzko Barrura begiratzeko leihoak dokumentala ez da Zinemaldian egongo. Kontuak kontu, honakoak dira Zinemira-Estreinaldiak atalean ikusi ahal izango diran lanak: Pura vida, En un paisaje imaginado, Leku hutsak, Hitz beteak, Mariposas en el hierro, Mur-Mur eta To say goodbye.

Zinemira-Panorama sailean, Camera Obscura eta Aita Zombia naiz pelikulak eskainiko ditue eta ETBren galan, barriz, Gernika bajo las bombas ikusteko aukerea izango da.


Antxon Ezeiza zanari omenaldia

Omenaldia irailaren 29an izango da Belodromoan haren Ikuska 20 film laburra pantailaratuz.

Antxon Eceiza (1935-2011) zinemagileak Elias Querejetagaz egin zituan lehenengo dokumentalak, A traves de San Sebastian (1960) eta A traves del futbol (1962), baita lehenengo film luzea be, El proximo otoño, 1963an. Espainiako Zinema Berria izenagaz ezaguna dan mobimentuko kide garrantzitsuentzat jo izan dabe, eta lan oso ezagunak egin ditu, besteak beste, El ultimo encuentro (1967), De cuerpo presente (1967) eta Las secretas intenciones (1970). Bestalde, Mina, tiempo de libertad (1976), El complot mongol (1978), Ke arteko egunak (1990) (Zinemaldian eta A kategoriako lehiaketa batean euskeraz aurkezturiko lehenengo filma) eta Felicidades Tovarich (1995) filmak be zuzendu ditu.

Hainbat urtez erbestean izan ondoren, 1977an Euskal Herrira itzuli eta ahalegin handia egin eban egiazko euskal zinemagintzearen oinarriak ezartzeko. Ikuska proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zan. Proiektuak euskeraz filmautako hogei film labur dokumental batzen zituan. Gainera, hareetako batzuk berak zuzendu zituan, tartean Belodromoan emongo daben Ikuska 20.

2003an, Zinemaldiaren 51. edizinoan, Ama Lur saria jaso eban, bere ibilbide osoa autortzeko.


Kimuak 2012

Zinemira sailaren barruan, 2012ko Kimuak programako film laburren aukeraketea be izango da. Kimuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko ekimena da, eta helburua urteko film labur nabarmenenak zabaltzea da. Kimuak aukeraketaren barruan, zazpi film labur batu ditue aurten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu