Oliver Stonek eta Ewan MacGregorek jasoko dabe Donostia Saria

Bizkaie! 2012-08-28 10:45   Barriak

Donostia Zinemaldiaren 60. edizinoa datorren irailaren 21etik 29ra izango da eta honezkero badakigu Oliver Stone AEBetako zuzendariak Donostiako Zinemaldiaren 60. urteurreneko Donostia Sari berezia jasoko dauela, bere ibilbide osoaren autortza moduan. Ewan MacGregorek, barriz, 2012ko Donostia Saria jasoko dau eta Gipuzkoako uriburuan izango da aktorea Juan Antonio Bayonak zuzendutako The Impossible filma aurkezten.

Donostia Zinemaldiaren 60. edizinoa datorren irailaren 21etik 29ra izango da eta honezkero badakigu Oliver Stone AEBetako zuzendariak Donostiako Zinemaldiaren 60. urteurreneko Donostia Sari berezia jasoko dauela, bere ibilbide osoaren autortza moduan. Sari berezia da, 60. urteurrena beteten den honetan. John Travolta eta Benicio Del Toro aktoreakaz izango da Donostian Oliver Stone, Savages filma Zabaltegi-Perlak sailean aurkezteko.

AEBetako zinema modernoaren zuzendari handienetakoa da Oliver Stone (New York, 1946), eta bere lanetan eztabaida handia sortzen daben gai sozialak eta politikoak jorratzen ditu.

Gidoilari lanetan hasi zan zinema-munduan, eta lehenengo Oscar saria Alan Parker zuzendariaren Midnight Express (1978) filmaren gidoiagaitik irabazi eban. Beste pelikula ezagun batzuen gidoiak be bereak dira, tartean John Milius zuzendariaren Conan the Barbarian (1982) eta Brian de Palmaren Scarface (1983) lanak.

Zuzendari moduan egin eban lehenengo lana The Hand (1981) thriller fantastikoa izan zan; baina, estilo berezia eta zuzendari moduan dituan interesak bost urte geroago geratu ziran agirian, Salvador (1986) drama politikoagaz. Film horrek Zinemaldiko Belodromoko proiekzinoak inaugurau zituan bere garaian.

Ondoren, nazinoartean ospea ekarri eutson Platoon (1986) filma etorri zan, Vietnamgo gerreari buruzko erretratu gogorra. Horri esker, zuzendari onenaren Oscar saria irabazi eban, baita film onenarena be. Arrakasta handia izaten jarraitu eban negozio handien munduari buruz ikuspegi garratza eskaintzen eban Wall Street (1987) lanagaz, eta barriro be Vietnamgo gaia jorratzen eban Born on the Fourth of July filmagaz. Azken honi esker, zuzendari onenaren Oscar saria irabazi eban.

Hurrengo filmetan Stonek AEB modernoari buruzko erretratu sakon eta hunkigarria eskaini dau, eta besteak beste, honako gai honeek landu ditu: Kennedyren hilketea, JFK (1991); Richard Nixonen agintaldia, Nixon (1995); AEBetako gizartearen indarkeria, Natural Born Killers (1994); kirolaren munduko ustelkeria, Any Given Sunday (1999) eta irailaren 11ko atentaduak, World Trade Center (2006).

Stone lau aldiz izan da Donostia Zinemaldian, Salvador, Natural Born Killers eta World Trade Center Belodromoan aurkeztu zituanean, eta Looking for Fidel (2004) dokumentala aurkezteko, Zabaltegi-Bereziak sailean.

Kontuak kontu, aurten John Travolta eta Benicio Del Toro aktoreakaz batera Savages filma aurkeztuko dau Stonek Donostian. Don Winslow idazlearen izen bereko best-sellerrean oinarrituriko thrillerra da Savages, eta John Travolta, Benicio Del Toro, Taylor Kitsch, Blake Lively, Aaron Taylor Johnson, Salma Hayek, Emile Hirsch eta Demian Bichir aktoreak dagoz lantaldean. Irailaren 23an estreinauko dabe lana Victoria Eugenia Antzokian, eta bertan izango dira zuzendaria, John Travolta eta Benicio Del Toro aktoreak.

Edozelan be, Stone, Ewan MacGregor, Travolta eta Del Toro ez dira izango aurtengo izar bakarrak Donostian, besteak beste, Richard Gere, Susan Sarandon eta Ben Affleck be izango dira Zinemaldian.


Ewan MacGregor: 2012ko Donostia Saria

Donostia Zinemaldiaren 60. edizinoak Ewan McGregor aktoreari emongo deutso Donostia sarietako bat.
Irailaren 27an jasoko dau Ewan McGregor aktoreak Donostia Saria, Kursaalen egingo daben ekitaldian. Ondoren, The Impossible filmaren Europako estreinaldia egingo dabe. Juan Antonio Bayonak zuzendu dau lana, eta McGregor da bertan protagonista.

Eskoziarra da Ewan McGregor, eta bere ibilbide osoan zehar paper ausartak eta indarrez betetako pertsonaiak aukeratzeagaitik nabarmendu da: Irvine Welsh zuzendariaren Trainspotting filmeko Mark Renton, Star Wars saga ezaguneko Obi-Wan Kenobi, edo Nicole Kidmanegaz Moulin Rouge musikalean egindako lana.

Hona hemen egin dituan film nagusienetako batzuk: Roman Polanski zuzendariaren The Ghost Writer, Pierce Brosnan aktoreagaz batera; Ron Howard zuzendariaren Angels and Demons, Tom Hanksegaz batera; Jim Carrey aktorea protagonistakide eban I Love You Phillip Morris komedia; Michelle Williams eta Hugh Jackman aktoreakaz filmautako Deception; Woody Allenen Cassandra’s Dream; Hilary Swank eta Richard Gere ezagunakaz egindako Amelia; Michael Bay zuzendariaren The Island, Scarlett Johanssonegaz batera; Tim Burtonen Big Fish; Young Adam; Ridley Scott zuzendariaren Black Hawk Down; Michael Caine aktoreagaz batera egindako Little Voice, eta glam rock mobimentuari buruzko Todd Haynes zuzendariaren Velvet Goldmine.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu