Leioako Zientzia Parkeko egoitzearen ideia-lehiaketara aurkeztutako proiektuak argitaratu ditu EHUk
2012-08-02 16:43EHUk argitaratu barri ditu Leioako Zientzia Parkean graduondoko ikertzaileak eta ikasleak hartuko dituan eraikinaren diseinua dala-eta unibersidadeak deitutako ideia-lehiaketara hainbat arkitektura-estudiok eta -enpresak aurkeztutako 26 proiektuak. Proposamen guztien argibide tekniko eta zirriborroak batzen ditu liburuak.

EHUk argitaratu barri ditu Leioako Zientzia Parkean graduondoko ikertzaileak eta ikasleak hartuko dituan eraikinaren diseinua dala-eta unibersidadeak deitutako ideia-lehiaketara hainbat arkitektura-estudiok eta -enpresak aurkeztutako 26 proiektuak. Proposamen guztien argibide tekniko eta zirriborroak batzen ditu liburuak 170 orrialdetan, DIN A3 formatuan eta koloretan.
Egoitzea Zientzia Parkearen hegoaldean kokatuko da, Leioako campuseko eraikinen ondoan. 1.890 metro koadroko azalerea izango dau eraikinak, eta bost solairu eukiko ditu, eta gehienez 19 metroko altuerea. Ideia-lehiaketea, EHUren Euskampus proiektuari esker, Nazinoarteko Bikaintasun Campus autortu izan ostean jasotako funtsekaz finantzau da.
Lehiaketearen lehenengo saria, 21.000 euro, Bartzelonako Aq4 Arquitectura estudioak aurkeztutako METROcúbico proiektuak irabazi eban. Proponidutako azalera gehiena aprobetxetan dau; 207 gela eta egoiliarrentzako 270 plaza ditu. Bigarren saria, 9.000 euro, Javier Gomez Mateosek aurkeztutako Magic Box proiektuarentzat izan zan.
Carmelo Garitaonandia EHUren Bizkaiko campuseko errektoreordeak adierazi dauenez, gurea lako bikaintasun unibersidade bat ez da ikertzen dauen, kalidadeko doktoretza-programak dituan, doktore-tesiak defendatzen, ISI zientzia-artikuluak idazten, patenteen lizentziak emoten, edo deialdi lehiakorretan bere ikerketa-proiektuetarako finantzaketea lortzen dauen unibersidadea beste barik. Master, graduondoko eta doktorego ikasleak, ikertzaile junior eta seniorrak, erakarteko giza adimen horri guztiari ostatu erakargarria, erosoa eta ikerketa-guneetatik hur dagoana eskaintzeko gai dan unibersidadea be bada.
EHUk, gaur egun, hiru egoitza (Blas de Otero, Bilbon; Manuel Agud Querol, Donostian; eta Tomás Alfaro Fournier, Gasteizen) eta ikasle-egoitza nagusi bat (Miguel de Unamuno ikasle-egoitza nagusia, Bilbon) ditu. EHUren Leioako Zientzia Parkeagaz beste egoitza barri bat eskainiko jake ikertzaileei eta graduondoko ikasleei, beren jarduera lasaitasunez egiteko.
Liburu osoa, irakurgai, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!