Karmele Jaioren 'Amaren eskuak' zinemara eroango dau Baleukok

Bizkaie! 2012-07-26 11:52   Barriak

Karmele Jaiok idatzi eta Igartza saria irabazitako Amaren eskuak eleberrian (Elkar) oinarritutako filma egingo dau Baleuko produkzino-etxeak. Euskal Herriko hainbat tokitan izango dira filmazino lanak abuztu osoan, besteak beste, Donostian, Getarian, Hernanin, Gasteizen, Lekeition, Zumaian eta Irunen.

Karmele Jaiok idatzi eta Igartza saria irabazitako Amaren eskuak eleberrian (Elkar) oinarritutako filma egingo dau Baleuko produkzino-etxeak. Atzo, hilak 25, Andoainen egin ditue grabazinoak egun osoan zehar. Martin Ugalde eta Aita Larramendi kaleetan izan dira, eta 40 bat lagunek osotutako talde teknikoak eta 30 bat figurantek hartu dabe parte. Hemetik aurrera, Euskal Herriko hainbat tokitan izango dira filmazino lanak abuztu osoan, besteak beste, Donostian, Getarian, Hernanin, Gasteizen, Lekeition, Zumaian eta Irunen. Zuzendari lanetan Mireia Gabilondo ibiliko da.

Produkzino-etxe durangarrarenak dira Olentzero, Betizu eta Unibertsolariak lako proiektuak eta Goya sari bat be badauka Megasonikoak filmagaitik. Telebistan be makinatxu bat programa, serie eta film luze produzidu ditu, besteak beste, Eutsi, Izarren Argia, Xora' eta Gernika bajo las bombas.


Amaren eskuak

Nerea izeneko emakumea da Karmele Jaioren eleberriko protagonistea. 35-40 urte ditu, noizbait maite izandako lana baina egun sano estresauta daukana, egunkari batean; senar jator eta alaba zoragarria ditu baina ez deutse eskaintzen behar leukien arretarik; eta istorio bat iraganean, oroimenetik atara nahi leukeana; eta ama ospitaleko ohean lo, inoiz esnatuko dan jakin ezinik. Amaren historia ezkutuak jakingo ditu Nereak erietxean, eta horren haritik jaubetuko da zenbateraino izan daitekezan ezezagunak geure ondoan daukaguzanak, eta, aldi berean, zenbateraino izan leitekezan bardinak belaunaldi biren arazo eta kezkak, nahiz eta garaiak eta bizomoduak asko aldatu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu