Susan Sarandon eta Richard Gere aktoreen 'Arbitrage' filmak edegiko dau Donostiako 60. Zinemaldia
2012-07-25 18:03 BarriakArbitrage filmearen Europako estreinaldia Donostiako 60. Zinemaldiaren inaugurazino ekitaldian izango da, irailaren 21ean. Susan Sarandon eta Richard Gere protagonista dituan pelikulea sail ofizialean lehiatuko da.
Arbitrage filmearen Europako estreinaldia Donostiako 60. Zinemaldiaren inaugurazino ekitaldian izango da, irailaren 21ean. Susan Sarandon eta Richard Gere protagonista dituan pelikulea sail ofizialean lehiatuko da. Aktore estadubatuar biek jaso dabe Donostia saria; Sarandonek, 1995ean, eta Gerek, 2007an.
Arbitrage goi mailako finantzen munduko thrillera da, maitasunari eta leialtasunari buruzko istorioa. Sarandon eta Geregaz batera, Laetitia Casta, Tim Roth, Brit Marling eta Nate Parker aktoreek hartu dabe parte pelikulean. Robert Miller magnatea (Richard Gere) da filmeko protagonistea; 60 urte beteteko dago, arrakasta amerikarraren irudi perfektua da, bai arlo personalean, bai familiakoan be. Alboan ditu Ellen emazte fidela (Susan Sarandon) eta Brooke (Brit Marling) alaba eta bere inperioaren oinordekoa.
Baina, irudiaren atzean errealidadea bestelakoa da. Millerrek banku bati saldu gura deutso daukan guztia, iruzur baten barri emon orduko. Ganera, arte-merkatari frantses bategaz (Laetitia Casta) dabil, andreak eta alabeak ezer jakin barik. Halango baten, ezustean, aspaldiko mamuak agertuko jakoz...
Nicholas Jareckik zuzendutako fikzinozko lehenengo film luzea da. 2002an, Breaking In: How 20 Film Directors Got Their Start lanagaz ezagun-ezaguna egin zan. Jareckik The Outsider dokumentala zuzendu dau, Bret Easton Ellisen The Informers nobelearen egokitzapena idatzi dau, eta James Tobacken Tyson dokumentala produzidu. Tyson-ek, ganera, epaimahaiaren Sari Berezia irabazi eban Cannesko zinemaldian, 2008an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!