V. Mendi Film Festival Bilbon antolatuko da abenduaren 14tik 23ra
2012-07-06 16:29 BarriakBilbon, abenduaren 14tik 23ra bitartean egingo dan V. Mendi Film Festivalaren berrikuntzen artean, gaur egungo emakumezko eskalatzaile eta alpinistarik garrantzitsuenetako batzuen parte-hartzea nabarmendu behar da.
Mendi Film Festival mendiko zinema jaialdiak egoitzea estreinauko dau aurten Bilbon, bosgarren edizinoa ospatzeko. Jaialdia abenduaren 14tik 23ra bitartean egingo da, eta lehian jardungo daben filmakaz batera, aldi bereko jarduera desbardinak eskainiko ditu publiko guztientzat. Mendi Film Festival Kultur Alkarteak antolatzen dauen zinemaldi honek hiru egoitza izango ditu Bilbon (BBK Aretoa, AlhóndigaBilbao eta Euskalduna Jauregia), eta Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta BBK-Kutxabanken babespean egingo da.
Abenduaren 14an hasi eta ondorengo hamar egunetan, Bilbon pantailaratuko dira, jaialdiaren nazinoarteko epaimahaiak emongo dituan zortzi sarietako bat eskuratu guran, jaialdian lehiatuko diran berrogeitik gora lan (aukeraketa-prozesuan dagoz oraindino). Bertan, publikoak eskalada eta alpinismoagaz eta mendi-kirola, abentura, eskia, ekologia, ingurumena eta etnografia alorretako gaiakaz zerikusia daben dokumentalen eta film luze nahiz laburren aukeraketa batez gozetako aukerea izango dabe. Aurtengo berrikuntzen artean, gaur egungo emakumezko eskalatzaile eta alpinistarik garrantzitsuenetako batzuen parte-hartzea nabarmendu behar da.
Gaztea baina izen handikoa
Mendi Film Festivala orain lau urte sortu zan Eduardo Martinezen (lehiaketearen egungo presidentea) eta Jabier Baraiazarraren (zuzendaria) ekimenez. Biek ala biek dokumental ugari landu ditue (gehienbat EITB eta TVErentzat, azken honetan Al filo de lo imposible saioaren barruan) azken hogeita hamar urteotan, mundu osoko mendietan zehar. Dokumental horreen artean, 7 horma, 7 kontinente izeneko saila nabarmendu behar da. Honi esker, ikusleek bertatik bertara ikusi ahal izan ditue Iker eta Eneko Pou anaiak AEBetako eta Espainia, Madagaskar, Australia, Pakistan, Argentina eta Artartikako mendirik ezagunenetako batzuk igoteko ahaleginean.
Gaztea izan arren, Mendi Film Festivalak gailurra jo dau nazinoartean antolatzen diran mendiko zinema-jaialdien artean, izan be, igaz, International Alliance for Mountain Film alkarteko kide bilakatu zan, beste 20 lehiaketagaz batera. Nazinoartean lortu dauen itzal eta ospe horren ondorioz, aurten, alor honetako ekitaldi nagusietako batean parte hartzeko konbita jaso dau, irailean Suitzako Lugano urian antolatzen dan Festival della Cinematografia di Montagna izenekoan. Euskal jaialdian azken edizinoan irabazle izandako bi film erakutsiko ditu bertan.
Halan da be, jentearen atxikimendu sendoa eta milaka mendizalerentzako ezinbesteko hitzordu bilakatu izana dira bere lorpenik handienak. Arrakasta hau ondo frogatuta geratu da Jaialdiak urterik urte lortu dituan ikusle-kopuru gero eta handiagoen bidez; lehen edizinoan (2008an) batutako 3.200 ikusleen aldean, igaz ia 6.000 erakartea lortu eban (5.950). Lau urteotan, 17.650 ikusle batu ditu guztira, 4.412,5 ikusle urtero batez beste. Kopuru horreei gehitu behar jakez argazki-erakusketez, kaleko antzerkiaz eta MFFek urte osoan antolatutako bestelako jarduerez gozetako aukerea izan daben beste milaka lagun.
Aldi berean, Jaialdia garrantzia eta batez be nazinoarteko oihartzuna irabaziz joan da. Lehenengo edizinoan 17 film besterik ez ziran pantailaratu, eta igaz 42, lehian parte hartzeko eskaria egin eben mundu osoko ehun film baino gehiagoren artean aukeratutakoak, AEB, Britainia Handia, Japonia, Frantzia, Alemania, Italia Suitza, Polonia, Ukrainia eta beste herrialde batzuk tarteko dirala.
Aurkeztutako filmen artean, nazinoarteko epaimahai desbardinek Remy Tezier zinegile frantziarraren Au de a des cimes 2009, Paul Dieffley britainiarraren The Pinnacle 2010 eta Chris Malloy zuzendari iparramerikarraren 180º South 2011 lakofilmak nabarmendu zituen.
Bestalde, film emonaldiei gehituz joan jakozan era akotako jarduerei esker, Mendi Zinemaldia familia osoarentzako hitzordu bilakatu da, betibe mendiagazko gozamena konpartidu eta sustatzeko asmoz. berbaldiak, ikastetxeetarako bisitaldiak, argazki erakusketak, kaleko antzerki bertikaleko ikuskizunak, ‘workshopak’, eskaladako dokumentalen filmaketa-ikastaroak, argazkigintza-tailerrak eta jardunaldi teknikoak dira, jaialdiaren antolatzaileek lan eta ahalegin handiz atondu daben eskaintza ludiko eta didaktiko zabalaren osogai nagusiak. Horreen guztien artean, orain dala bi urtetik hona EHUren Gasteizko Campuseko Letren Fakultadeagaz batera antolatzen diran Literatura, Zinema eta Mendiari buruzko Jardunaldiak nabarmendu daitekez, bai eta Jaialdiko film onenak euskal herri desbardinetara eroateko aukerea emoten dauen Mendi Tour ekimena be. Aurten, Tolosan eta Arrasaten izan da, eta uda ostean, Donostiara eta Bilbora (Bilbao Exhibition Centre, BEC) helduko da.
Mendiko zinema, zinema bera bezain historikoa
1901ean, Lumière anaiek beren asmakari handia jendartean aurkeztu eta sei urte geroago, baten batek kamara astun hareetako bat Cervino mendiraino eroatea erabagi eban. Ez da argitu zein izan zan aitzindari ausart ha, baina Torinoko Mendiaren Museoan (bertan dagoz gordeta sei minutu historiko horreek) Franck Ormiston-i autortzen deutsie balentria haren meritua, batez be ha izan zalako Alpeetan landutako beste film batzuen egilea.
1905ean, Lumièretarrentzat lan egiten eban Felix Mesguich zinegileak 2.800 metroko altitueran filmatu eban, Oberland-eko (Suitza) mendilerroan. Drama Blümlisalp-eko glaziareetan izenburuko bere lan harek berealdiko zirrarea eragin eban eta askok mendiko dokumentalgintzearen hasierako pausutzat joten dabe. Haren ereduari jarraituz, espedizino asko izan ziran beren abenturen lekukotasuna ixteaz arduratu ziranak. Horreen artekoa dogu Alberto María de Agostini misiolari salestarraren espedizinoa, Ushuaiako (Argentina) Monte Olivia mendiraino heldu zana.
Gero etorri ziran mendian girotutako fikzinozko filmak. Bitxikeria lez, genero honetako lehen filman, Arranoaren habia izenekoan, zinema modernoaren historian zuzendari lez ezinbesteko mugarri bihurtu zan antzezle gazte bezain mugatua ikus daiteke, David W. Griffith. Era honetako filmek benetako azpigeneroa sortu eben Lehen Mundu Gerraren ondorengo Alemanian. Han, Alpe medi liluragarrien magalean, Bergfilm izeneko western arioa sortu zan, nazien propagandarako oso baliogarria izan zan heroi mota sustatzen ebana.
Mendiko zinemaren lehen jaialdia 1952an antolatu zan Trenton, eta hamarkada berean, zortzimilakoen konkisteagaz batera, dokumentalen produkzinoak be gora egin eban. Gerora, testigantzazko filmen gehikuntza horrek eztanda egin eban teknologiari esker. 70eko hamarkadearen amaieran eta 80ko hamarkadan zehar, bideoa ezinbesteko bidelagun bihurtu zan mendizale gehienentzat. Askotan, Bernard Germain eta Jean Afanasieff lako zuzendari trebatuakaz batera abiatzen ziran, eta ondorioz, emoitzak bikainak izaten ziran ikuspegi teknikotik.
Abenduan, arte miragarri honen produkzinorik onenak eta protagonistarik gorenak ikusi ahal izango doguz Bilboko areto eta kaleetan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!