Abian dira UEUren 40. Udako Ikastaroak Eibarren

Bizkaie! 2012-06-26 17:43   jardunaldiak

Literatura Unibersala itzultzen; Smartphonetarako aplikazioen programazioa Titanium erabilita; Kannabisa: eraginak osasunean eta erabilera terapeutikoak; Coaching-erako sarrera; eta Geogebra erabiltzen ikasi: hastapenak ikastaroakaz abiatu dira gaur UEUren 40. Udako Ikastaroak Eibarren.

Gaur, hilak 26, abiatu dira UEUren 40. Udako Ikastaroak Eibarren eta gaur hasi da UEUk antolatzen dauen Literatura Unibersala itzultzen Udako ikastaroa, EIZIEgaz alkarlanean antolatu dana. Itzulpengintzea nahiz literatura-kritikan interesa dabenei zuzendutako ikastaroan, teoria eta praktikea, biak landuko ditue Eibarren gaur eta bihar. Baina batez be, itzultzaileen esperientzietatik abiatutako gogoetak entzun ahal izango ditue ikasleek.

Gaur, hilak 26, Miren Ibarluzea irakasleak emon deutso hasierea ikastaroari. Sarreran Literatura Unibersala bildumearen aurkezpena egin dau Ibarluzeak. Bilduma hori EIZIEk eta Eusko Jaurlaritzeak jarri eben abian 1990ean, literatura unibersaleko klasikoak euskeraz plazaratzeko. Iñigo Roque ikastaroaren antolatzaileak azaldu dauenez, bilduma hori egiteko prozedureak helburu bi beteten ditu; alde batetik, itzultzaileei ordainsari egokia emoten jake. Bestetik, gizarteari ereduzko literatura-lanak eskaintzen jakoz diru-irabaziari hainbeste erreparau barik.

2011n hasi eben bildumearen hirugarren aroa, eta Roquek azaldu dauenez, udagoienerako atarako dira aro horretako lehenengo emoitzak. Horregaz batera, Urrezko Biblioteka izeneko bilduma paraleloa abian jarri dabela azaldu dau, lehen aroko liburuak eguneratuta kaleratzeko. Gehienak agortuta egozan, eta hizkuntzearen aldetik gaurkotu beharrean, adierazo dau. Bilduma horren garrantzia berebizikoa dala azpimarratu nahi izan dau Roquek; gaur egungo itzultzaile gailenak trebatu dira bildumako lanetan eta, gainera, lan-baldintza duinak lortzeko be lagungarri izan da bildumea, azaldu dau. Hizkuntzan be eragin nabarmena izan dauela adierazo dau. Literatura Unibersala bilduman egin dan lan erraldoi hori gizarteratzeko eta horri jagokon atarramendua atarateko oraindino bide luzea dogu, gaineratu dau.

Miren Ibarluzearen sarrerearen ostean, ikastaroaren bigarren zatian, bilduman lan egin daben zenbait itzultzaileren esperientziak entzun ahal izan ditue ikasleek, izan dituen zailasunak, beharrezko baliabideak eta bidean topautako oztopo edo ilusinoak kontau deutseez.

Literatura itzultzailearen lana be jorratuko dabe. Bakarti samarra izaten dala azaldu dau Iñigo Roquek, eta askotan desorduetan egitekoa, bizimodua atarateko beste lan batzuk egin behar izaten diralako. Hori gure literatura-sistemearen gatxa da, gaineratu dau. Zenbat dira, bada, literaturea lanbide bakar daben idazleak? Banaka batzuk.

Irakurleen artean, oro har, literatura itzuliak ospe txarra izan dauela dino Roquek, oraindino garai bateko zenbait itzulpen txar gogoan izaten baitira. Halan dabe, itzulpen kaskar hareek ez ziran horrenbesterako izan, eta horretan guztian erderaz irakurteko ohiturea aldatzeko nagikeria atzemoten dot nik, azaldu dau.

Ganerakoan, Smartphonetarako aplikazioen programazioa Titanium erabilita; Kannabisa: eraginak osasunean eta erabilera terapeutikoak; Coaching-erako sarrera; eta Geogebra erabiltzen ikasi: hastapenak ikastaroak abiatu dira gaur.


Ikastaroen egitaraua:

Bagilak 27, eguaztena

Literatura Unibertsala itzultzen

9:00-11:00 Oharren batzuk poesiaren ontzi-aldaketaz. Irakaslea: Gerardo Markuleta Gutierrez. Itzultzailea, idazlea. UEUkidea.

11:30-13:00 Ahal bezain hurbil, behar bezain urrun, 'e con molta cura'. Irakaslea: Fernando Rey Escalera. Itzultzailea.

15:00-17:00 'La intrusa' itzuli ezina: Borges euskeraz. Irakaslea: Juan Garzia Garmendia. Itzultzailea, EHUko itzulpengintza akademikoaren arduraduna.


*Ikastaro hau EIZIErekin elkarlanean antolatu da.


Kannabisa: eraginak osasunean eta erabilera terapeutikoak

9:00-14:00 Irakaslea: Koldo Callado Hernando. Medikuntzan doktorea, EHUko farmakologia irakaslea, ikertzailea. UEUkidea.


Smartphonetarako aplikazioen programazioa Titanium erabilita

9:00-14:00 Irakaslea: Edurne Martinez Iraola. Informatikan Ingeniaria eta smartphonetarako garapenen arduraduna Elekan.


Coaching-erako sarrera

9:00-14:00 Irakaslea: Gotzon Carcar Muerza. Coach pertsonala eta profesionala, Trainer’s Training Masterra Programazio Neurolinguistikoan. UEUkidea.


Txillardegi testuz testu

9:00-10:30 Txillardegi eta existentzialismoa. Irakaslea: Ander Iturriotz Lauzirika. Soziologian doktorea eta Filosofian lizentziatua. UEUkidea.

11:30-13:00 Txillardegi: literatura eta kritika. Irakaslea: Ander Iturriotz Lauzirika. Soziologian doktorea eta Filosofian lizentziatua. UEUkidea.

15:00-16:00 Euskal azentuaz. Irakaslea: Iñaki Gaminde Terraza. Euskal filologian doktorea eta EHUko irakaslea. UEUkidea.

16:00-17:00 Euskal Herria independentziaranzko bidean. Irakaslea: Joseba Felix Tobar Arbulu. UEUko Ekonomia saileko kidea. EHUko irakaslea.



40. urteurrenaren argazki lehiaketea

Udako ikastaroek 40 urte beteten ditue aurten. Hori ospatzeko, lehiaketa berezi bat martxan jartea erabagi dabe, argazki lehiaketea, hain zuzen. Jakingarriak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu