'Loretxoa' izeneko film laburrak irabazi dau Zuhaitzaren eta Uraren Asteko Film Labur Lehiaketea

Bizkaie! 2012-06-21 12:24   Barriak

Lehiaketara aurkeztutako metraje laburreko 8 filmak ikusi ondoren, epaimahaiak Loretxoa izeneko lanari emon deutso lehen saria (egileak: Mireia Ruiz, Itxaso Ereño, Lide Madariaga eta Yaiza Salvador).

Amorebieta-Etxanoko Udaleko Ingurumen Sailak antolatuta, herriko ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3-4 mailako ikasleei zuzenduta, Zuhaitzaren eta Uraren Asteko I. Film Labur Lehiaketan, danetara zortzi film labur aurkeztu dira, danak Urritxe Institutuko Ikasleek eginak.

Parte-hartzaileek zuhaitzak eta ura gaiari lotutako lanak aurkeztu behar zituen, taldeka edo bakarka. Gehienez 60 segundoko filmak eskatu zituen eta eskuko telefonoagaz edo argazki kamera digital bategaz grabau behar ziran, lehiaketearen beste helburuetako bat teknologia barriakaz trebatzea zalako.

Lehiaketara aurkeztutako metraje laburreko 8 filmak ikusi ondoren, epaimahaiak Loretxoa izeneko lanari emon deutso lehen saria (egileak: Mireia Ruiz, Itxaso Ereño, Lide Madariaga eta Yaiza Salvador); bigarren saria Natura zaindu 2 (egileak: Ane Ceballos, Valentina Sierra, Andrea Morales, Lander Aja eta Julen Fernandez) lanarentzat izan da, eta hirugarrena, Natura zaindu 1 lanari emon deutsie (egileak: Jokin Alvarez, Rebeca Jiménez eta Izaro Abella).


Irabazleak, pozik

Mireia Ruiz, Itxaso Ereño, Lide Madariaga eta Yaiza Salvador laukoteak egin dau film labur irabazlea. Mendian loretxo bat landatzen dauen mutilaren istorioa kontetan dabe; lorea landatzeko prozesua azaltzen da, lore ikusgarri bihurtu arteraino. Bat batean, ostera, bateren batek lorea zapaldu eta lorea hil egiten dau. Irabazleen berbetan, naturea zaintzea danon ardura da, naturea zaintzea ezinbestekoa dalako.

Lehiaketara aurkeztu dabena euren estreinako film laburra izan da, eta esperientzia aberasgarria izan dala adierazo dabe. Zailtasunik handiena, barriz, musikea eta irudiak buztartzea izan ei dabe. Era berean, irabazterik ez ebela espero eta lehenengo sariagaz zur eta lur geratu dirala adierazo dabe.

Sari banaketa ekitaldia irailean egingo da, ikasturte barria hasten danean. Irabazleek Athletic San Mamesen ikusteko sarrerak jasoko ditue, eta bigarren zein hirugarren sailkatuek, irailetik aurrera Zelaieta Zentroko ikuskizunen bat ikusteko sarrerak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu