Gotzon Elortza zinemagile bizkaitarra hil da

Bizkaie! 2012-06-11 17:51   Barriak

Gotzon Elortza (Getxo, Bizkaia, 1923) zinemagilea hil da bart, 89 urtegaz. Euskal zinemagintzan aitzindarietako bat izan zan, baita euskerazko lehen ikus-entzunezkoen egilea be.

Gotzon Elortzaren aldeko hileta eleizkizuna bihar, hilak 12, izango da, 20:00etan, Getxon, Algortako Erredentore eleizan.

Gotzon Elortza (Getxo, Bizkaia, 1923) zinemagilea hil da bart, 89 urtegaz. Euskal zinemagintzan aitzindarietako bat izan zan, baita euskerazko lehen ikus-entzunezkoen egilea be. Elorzaren lan ezagunenen artean dagoz: Ereagatik Matxitxakora (1959), Aberria (1961), Avignon (1963) eta Elburua Gernika (1962). Euskadiko Filmategiak horreetako hiru zaharbarritu ditu.

Gotzon Elortzaren aldeko hileta eleizkizuna bihar, hilak 12, izango da, 20:00etan, Getxon.


Gotzon Elortzari gorazarre

Euskaraz egindako zinearen aitzindaria, Gotzon Elortza jauna, gaur hil da. Euskadiko Filmategiaren izenean, Elortzaren lana eta izena goraipatzea besterik ez zaigu gelditzen egun lazgarri honetan. Ikus-entzunezko kultura beste kultura mota guztien artean gailentzen den garai honetan, bitxia da, euskal ikus-entzunezkoen lehenengo urratsak zein ezezagunak diren jakitea.

Gotzon Elortza (Bilbo, 1923) jauna izan zen euskaraz egindako ikus-entzunezkoaren lehen fotogramak errodatu zituena. Haren lana eskertzeko eta ezagutzera emateko, Euskadiko Filmategiak 2011n bere hiru film zaharberritu eta kaleratu zituen. Zaharberritze lanen kontura Gotzonekin eta haren familiarekin izandako harremanak aberasgarriak eta emankorrak izan ziren eta euskaraz pentsatu, errodatu eta muntatutako lehenengo filmeak zaharberritzea lortu genuen, ondorengo belaunaldiek lehen pauso haiek nolakoak izan ziren jakin dezaten etorkizunean.

Elortza, delineatzailea lanbidez, Parisen zegoen herbesteraturik haren emaztearekin, Bisi Unanuerekin. Behin Frantziako egunkari batetan irakurri omen zuen ikus-entzunezkoetan azaldu ezean, hizkuntza gutxituek ez zutela etorkizunik izango. Horrela erabaki zuen Euskal Herrira bi edo hiru egunetako bidaiak egin, eta film batzuk errodatzea. Beti ezkutuan, beti poliziatik ihesi, baina lortu zuen euskaraz egin diren lehenengo filmak errodatzea. Ereagatik Matxitxakora (1959), Aberria (Erria, 1961) eta Elburua Gernika (1962) izan ziren Filmategiak zaharberritu zituen hiru filmak. Elortzak Avignon (1963) izeneko dokumentala ere errodatu zuen.

Euskal Herriaren ikuspegi orokor bat (Bizkaiarenena, batez ere) erakutsi nahi izan zuen Elortzak haren filmeetan. Gainera, filmeek erakusten dituzten ikuspegi ederrez gain, euskal kulturari buruzko jakituria ere erakutsi zuen. Aberria (1961) filmean Balentin Enbeita eta Jon Lopategi bertsolariak eta Víctor Olaeta dantzaria azaltzen dira, garai hartako euskal kulturaren erakusle ziren zenbait artista.

Oroimenean dugu gaur, joan den irailean Zinemaldira egin zuen bisitaldia, Euskadiko Filmategiak egindako zaharberritzeen aurkezpenera. Haren senideekin batera, Elortzak solasaldi interesgarria izan zuen gurekin euskaraz, eta baita ere frantsesez, Parisen egon zen urte haietan ederki ikasi zuen hizkuntzan. Principe zinemetan egin zen aurkezpenaren ondoren ikusleen txaloak jaso zituenean, haren eskuak elkartu, buru gainetik jaso, eta hunkituta agurtu zuen. Gotzonen lanaren aitorpenak iraun zituen segundo haietan, gure historia tristearen hamarkada asko bateratu ziren. Begi biziak eta itxura luzexka zuen gizon hark abian jarri zuen ekimen xume baina ausartak, gure zinemaren handienen artean kokatu du betirako.

Adiorik ez Gotzon!

Ion López eta Joxean Fernández (Euskadiko Filmategia)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu