Egitarau kultural berezia, Miguel de Unamunoren heriotzearen 75. urteurrenaren harira
2012-05-15 15:53 jardunaldiakMiguel de Unamuno idazle bilbotarraren heriotzearen 75. urteurrena dala eta, egitarau berezia atondu dau Bilboko Udalak. Berbaldiak, bisita gidatuak, erakusketa bat eta kontzertuak izango dira abendura bitartean.
Miguel de Unamuno idazle bilbotarraren heriotzearen 75. urteurrena dala eta, egitarau berezia atondu dau Bilboko Udalak. Berbaldiak, bisita gidatuak, erakusketa bat eta kontzertuak izango dira abendura bitartean. Ekitaldien aurkezpenean Iñaki Azkuna Bilboko alkatea eta Ibone Bengoetxea Kultura zinegotzia izan dira.
Unamunoren inguruko ibilbideak daborduko martxan dira, Bilbao Izan ondarea zabaltzeko programearen bitartez. Ibilaldi horretan Unamunoren umezaroa, ikasle sasoia eta beste hainbat kontu ezagutzeko aukerea izango da. Lehenenego ibilbidea Unamunoren umezaroko uria da; sirgerak, itsasadarreko jarduerea, Atxuriko geltokia edo Erriberako Merkatua lako eraikin berezien arkitekturea ete abar azaldu ditue. Bigarren bisitea bagilean antolatuko dabe, idazlearen gaztaroaren ganekoa; Madrilera eta Salamancara ikastera egiten zituan bidaiak, eta trenez ibilteko eukan zaletasunaren ganekoak, hain zuzen be. Iraileko ibilbideetan Unamunoren bizitza eta obran aditu Jose Antonio Ereño idazlea izango da gidaria.
Foru Artxiboak, bagilaren 29tik irailaren 14ra bitartean, Miguel de Unamunok egindako 50 marrazkitik gora erakutsiko ditue. Salamancako Unibersidadeak atondu dau erakusketea. Hurreko gauzak irudikatu zituan idazle bilbotarrak, bera eta familia agiri dira sarritan, eta animaliak, eraikinak eta gai erlijiosoak bere bai.
Berbaldiei jagokienez, bagilaren 11n, Jean-Claude Rebate Pariseko Sorbonako Unibersidadeko irakasleak Unamunoren ganean jardungo dau. Miguel de Unamuno. Biografía lanaren egilea da, bere emazte Colette Rebategaz batera. Iñaki Azkunaren ustez, akaso Unamunori buruzko libururik onena, hain zuzen.
Urriaren 1ean, Jose Antonio Ereñok El primer Unamuno hitzaldia emongo dau. Idazlearen psikologiaren finkapenean umezaroak izan eban garrantzia, jakintzeagaz, natureagaz, literatureagaz eta filosofiagaz izandako lehenengo hartu-emonak, eta ardura politiko eta erlijiosoak izango ditu berbagai Ereñok.
Horrezaz gan, Bidebarrietan Unamunok idatzitako Fedra antzezlanaren irakurraldia egingo dau Gaitzerdi taldeak, irailaren 28an; zemendiaren 12an, Miguel Picazok 1964an zuzendutako La Tía Tula pelikulea proiektauko dabe; eta, Carmen Pardok eta Juan Viadasek Solitaña ipuina irakurriko dabe, urriaren 26an. Eta, amaitzeko, abenduaren 17an, Joaquín Achucarrok beren-beregi atondutako kontzertua eskainiko dau Bidebarrietan.
Ganera, asteon, maiatzaren 18an, XII. Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketearen lan irabazleen argitalpenak aurkeztuko ditue; Joseba Agirrezkuenagaren Euskal Herriaren autogobernu auziaren bilakaeraz: (1793-1919) Foruen bidezko erakundetzetik Autonomia Estatutura (Alberdania) eta Alejandro Tomasiniren Filosofía moral y visiones del hombre (Devenir).
Miguel de Unamuno Bilbon jaio zan, 1864an, eta Salamancan hil, 1936ko abenduaren 31n. 1880an Madrilera joan zan Filosofia eta Letrak ikastera, eta handik hamar bat urtera grezierako katedrea lortu eban Salamancako Unibersidadean. 1891an, bertako erretore izentau eben. Literatur genero ugari landu zituan, tartean, eleberria, saiakerea, antzerkia eta poesia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!