Evan Glodell-en 'Bellflower' film apokaliptikoa, Fant 2012ko irabazle

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-05-10 15:08   Barriak

Evan Glodell zuzendariaren Bellflower lanak irabazi dau Bilboko 18. Fant Zinema Fantastikoaren Jaialdiko film onenari saria. Euskal Gidoigileen Alkarteak be AEBetako zinemagilearen pelikuleari emon deutso saria. Sari-emotea maiatzaren 11n iluntzean egingo da, Alondigako Golem zinema-aretoan.

Evan Glodell zuzendariaren Bellflower lanak irabazi dau Bilboko 18. Fant Zinema Fantastikoaren Jaialdiko film onenari saria. Euskal Gidoigileen Alkarteak be AEBetako zinemagilearen pelikuleari emon deutso saria. Desireé de Fezek, Jorge Gerricaechevarriak eta Alex Angulo epaimahaikideek emon dabe saridunen barri prentsaurrekoan. Sari-emotea maiatzaren 11n iluntzean egingo da, Alondigako Golem zinema-aretoan.

Apokalipsia, munduaren amaierea, behin eta barriz agiri da aurtengo jaialdiko lanetan. Modako gaia dala erixten deutse epaimahaikoek. Mundua laster amaituko da, hori da film askoren azpian topau doguna. Birusak dirala, lehergailuak, edo beste edozer, hainbat pelikulen ardatza da apokalipsia, azaldu dau Jorge Gerricaechevarriak. Hain zuzen be Fase 7 lanari aitamen berezia egin deutse, ganerakoen aldean, hondamendiaren ikuspegi baikorra daukalako.

Ikusitako lanen mailea ez da on-ona izan, Alex Anguloren ustez. Film luzeetan ez da erraza izan gustukoa topetea, perfektoa topetea, esan dau. Pelikula askotan ahalegina ikusi dogu -ganeratu dau De Fezek- baina ez ziran ailegetan behar zan lekura. Film laburretan, ostera, aniztasun handia egon dala azpimarratu dabe, sano bizirik dago film laburra, asko gustau jakuz, azaldu dau Gerricaechevarriak.

Bellflower filmak artifizioaren eta fantasiazko eta bildurrezko zinemearen bitartekoak erabiliz, naturaltasuna eta errealismo sentsazinoa lortzea nabarmendu dau epaimahaiak. Evan Glodell-ek zuzendu dau filma eta gidoia be berak idatzi dau. Aktoreen artean, Glodell bera eta Jessie Wiseman, Tyler Dawson eta Rebekah Brandes dagoz. Apokalipsia hur dagoala uste dabe pelikulako protagonistek, horregaitik su-jaurtigailuak eta moeta guztietako armak egiten emoten dabe denporea. Munduaren hondamendiaren zain, euretako batek neska bat ezagutzen dau, eta traizino, maitasun eta indarkeriak ames apokaliptiko danak gaindituko ditu.

Nicolás Goldbart argentinarraren Fase 7 pelikuleak epaimahaiaren aitamen berezia jaso dau. Oso originala begintandu jake, gaur egungo zineman modan dagoan apokalipsia gaia beste ikuspuntu batetik jorratzen dauelako, eta umorea darabilelako. Gaixotasun ezezagun baten ondorioz, eraikin bateko bizilagun guztiak hainbat egunez isolatuta egon behar dabe. Auzokideen artean giroa gero eta itogarriagoa bihurtuko da... Goldbart-ek idatzi dau gidoia, eta ondoko aktoreek parte hartu dabe: Daniel Hendler, Jazmin Stuart, Yayo Guridi eta Federico Luppi.

Film laburrei jagokenez, Jeroen Annokkeé-ren Suiker izan da onena, epaimahaiaren arabera. Zorrotza eta laburra, umore baltz bikainduna, holan azaldu dabe zuzendari holandarraren metraje laburreko filmea. Euskal film onenaren saria Haritz Zubillagaren She´s lost control lanarentzat izan da, generoko zinemearen hainbat tradizino nahastauta egindako proposamenagaitik. Ikus-entzuleen saria Ander Fernandezen El Nido lanak jaso dau, berak izan ditu boto gehien eta.

Sari-emotea maiatzaren 11an izango da, 19:45ean, Bilboko Golem zinema-aretoan. Sari-banakatearen ostean, lan irabazleak proiektauko ditue.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu