'Moldatu', 'A Paedophile' eta 'Ekaitza' lanek irabazi dabe Nontzefilmak film laburren lehiaketea

Bizkaie! 2012-05-07 13:23   Barriak

Asier Urbieta donostiarraren Moldatu lanak jaso dau Nontzefilmak film laburren lehiaketearen zinema ataleko lehenengo saria, eta Nacho Rodriguez bartzelonarraren A Paedophile beharrak, animazinoko atalekoa. Euskeraz egindako lanik onenaren saria Alberto Gastesi donostiarrak zuzendutako Ekaitza lanak irabazi dau.

Asier Urbieta donostiarraren Moldatu lanak jaso dau Nontzefilmak film laburren lehiaketearen zinema ataleko lehenengo saria, eta Nacho Rodriguez bartzelonarraren A Paedophile beharrak, animazinoko atalekoa. Euskeraz egindako lanik onenaren saria Alberto Gastesi donostiarrak zuzendutako Ekaitza lanak irabazi dau. Lanen proiekzinoa eta sari-banaketea zapatuan izan zan, Fant Bilboko Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren barruan.

Moldatu zuri-baltzean egindako lana da, eta euskeraz filmau dabe. Aldaketa baten aurrean, hiru aukera daukaguz: hil, iges egin edo moldatu, laburtzen dau egileak. Zinema atalean, bigarren saria Javier Marcoren La Soledad de la luna pelikuleak irabazi dau, eta hirugarrena, Jose Ramos Friasen Intruso lanak. Marcoren filmak emakume nagusi baten oroitzapenak eta uri bateko argiak buztartzen ditu; Ramosenean, etorkizunetik datorren personaia bat da protagonistea.

A Paedophile lana pedofiliaren infernu psikologikora egindako bidaia surrealistea da. Animazinoko bigarren saria Unai Rosende eta Aitor Garcíaren Tarantela beharrak lortu dau. Rosendek eta Garciak stop-motion teknikea erabili dabe buru bako pertsonaia baten gorabeherak azaltzeko. Hirugarren saria Bruno Silvak sortutako A Primeira vez que descobri para que servia o meu rabo! lanarentzat izan da. Silvaren istorioko protagonistea txakur txiki bat da, eta ez daki zertarako balio dauen bere buztanak.

Euskeraz egindako lanik onenaren saria Alberto Gastesi donostiarraren Ekaitza lanak irabazi dau. Filmak bikote baten istorioa kontetan dau, atzekoz aurrera.

Epaimahaiak euskal zinemagileek aurkeztutako lanen kalidadea nabarmendu dau, izan be, bai zinema atalean bai animazinoan euskal egileen beharrak saria daukie.

Horrezaz gan, euskeraz filmautako lanen mailea azpimarratu dau epaimahaiak, Ekaitza filmearen errealizazinoa eta gidoia bikainak dirala nabarmendu dabe epaimahaikideek.

Sariei jagokenez, bai zinema arloko bai animazinoko lan onenek 2.000 euro jaso ditue. Bigarren eta hirugarren sarietan, barriz, 1.500 eta 900 euro irabazi ditue, hurranez hurran. Euskerazko beharrik onenak 1.000 euroko saria dauka.

Nontzeberri gune kulturalak antolatu dau Nontzefilmak Zinema eta Animazinoko Film Laburren Lehiaketea, Bilboko Fant jaialdiaren laguntzinoagaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu